Jatorrizko testuak
Norbaitek zer esan edo idatzi duen jakiteko modu hoberena zuzenean entzutea edo jatorrizkoa irakurtzea da. Alabaina, hizkuntza guztiak jakitea ezinezkoa denez, jatorrizko hizkuntza ez dakigunean ingelesa izan daiteke bigarren aukera. Jada testuak kutsatuak izango dira, baina munduan gehien erabiltzen den hizkuntzetako bat denez, aukeratzeko testu desberdinak ere izango dira. Gainera, ezagunak ez diren hizkuntzak hitz egiten dituztenen artean, sarri ingelesez hiztunak ere izaten dira eta haietako asko zuzenean ingelesez idazteko gai dira; beraz, testu fidagarriagoak aurkitzen ditut ingelesez. Gure kasuan, gaztelania izan daiteke beste aukera bat, baina nire esperientziaren arabera, aukera txarra da, gaztelaniazko testuak moral espainolarekin kutsatuegi izaten dira-eta, baita surfean ere.
Ez dut esan nahi testu bat ingelesera itzultzen duen Mendebaldeko idazleak ez duela idatzia bere baloreen arabera moldatuko; esan nahi dudana da espainolen kasuan gehiegizkoa izaten dela testuen eraldaketa.
Esaterako, ondoko artikulua idazteko informazio bila nenbilenean ohartu nintzen gaztelaniazko testuetako izenburuek ez zutela zerikusirik ingelesez topatu nituenenekin. Gero antzeko gauzak kontatzen ziren, azken finean protagonisten ekintzak eta haiek esandakoak ezin baitzituzten gehiegi aldatu; baina, ingelesezko testuetan ez bezala, gaztelaniazko testuetan Irango lehen neska surflariaren istorioak Irango erregimenaren kontrako kutsu politiko nabarmena zuen.
Duela zenbait urte publikoki edozein iritzi eman aurretik bortizkeria kondenatzen genuela esatera behartuak ginen (oraindik ere horrela da sarritan). Kirolariak, artistak edo musikariak bortizkeria gaitzesten entzuten genituen, baita galdetzen ez zietenean ere, gaiztoen aurka eta txintxoen alde zeudela argi gera zedin. Boterearen morroi zintzoak garela frogatu behar horrek izango du loturarik hainbeste urtetako errepresio eta beldurrarekin, baina ez dagokit niri hori aztertzea. Kontua da gaztelaniaz idatzita dauden surfaren inguruko testuetan ere etengabe topatzen dudala jarrera moral hori eta askotan testuaren izaera erabat aldatzen dela.
Adibidez, orriotan argitaratu dugun artikuluko istorioa kontatzen duten gaztelaniazko testu gehienetan pisu handiagoa du Irango Gobernua eta lege islamiarrak emakumeengan ezartzen dituen debekuak gaitzesteak Irango herri txiki batean neska bati esker surfak hartu duen indarra azpimarratzeak baino. Ingelesezko testuetan ez dut inon topatu neska musulmanek eraman behar duten hijab izeneko estalkiarekin surf egin behar izateagatik kexatzen zirenik, eta are gutxiago, hijabaren kontrako mugimendurik sortu zenik. Hori soilik gaztelaniazko artikuluen izenburuetan topatu dut. Alderantziz, interesgarria da gorputz osoa estalita surf egin ahal izateko diseinatu dituzten ur jantzien eboluzioa ikustea. Iranera surfa eraman zuten Mendebaldeko surflariak surfa nola egin zezaketen irakastera abiatu baitziren hara, ez nola bizi behar duten esatera, eta, are gutxiago, inposatzera.