GARA Euskal Herriko egunkaria

Adimena


Lagun batek esan dit hari beste lagun batek esan diola, hango beste batek kontatu ziola beste lagun bati, halako lagun batek kantu bat egin ziola adimen artifiziala erabiliz. Ezin askoz ere zehaztapen gehiago eman, akaso bigarren lagunak lehenengoari hitz batzuk eskatu zizkiola eta programa baten bidez kantua itzuli ziola opari. To, nire negozio lerro bat pikutara: urtebetetzeetarako neurrira egindako kantuen salmentarena, hain zuzen ere. Aplikazio batek aurrea hartu dit! Harentzat, ez ditudan seme-alaben Erasmusak ordaintzeko balizko sosak.

Eta ez zait gaizki iruditzen, zer demonio! Ongi egiten badute, ziur, munduan entzuten den kantuen %80aren batez besteko kalitatea luze gainditzeko gaitasuna izango dutela makina malapartatuek. Konpetentzia desleiala? Ez zait iruditzen, beti oso estuki lotuta egon dira makinak eta musikaren negozioa. Adibidez, gogoan duzue behin betiko formatua behar zuena: laser diskoa? 10 urteren buruan industriak bultzatu zuen bosgarren edo seigarren euskarria... Nork du halakoren bat etxean? Edo, ba al dakizue Rammstein taldeak Donostiara ekarritako 49 kamioietatik zenbat zeuden teknologiaz (makinez) beteta? 40, 35, 10....? Ez gaitezen gehiegi oilartu. Ikusita nola dabilen mundua, uste dut erreparo gehiago eragiten dizkidala pertsonen adimenak, artifizialak baino.