17 OCT. 2024 PILOTA Danel Elezkano: «Gorputzak oihuz nahikoa dela esan dit» Zaratamokoak hilabete luzeak zeramatzan osatu ezinda, kantxaratu ezinik eta, medikuen gomendioei jarraituz, 12 urteko pilotari ibilbideari amaiera emango dio. «Ingurukoen maitasuna eta berotasuna sentitzea da nire txapelik handiena», adierazi du. Danel Elezkano, 2021eko maiatzean, Zaratamon, Binakako Txapelketako finala jokatu eta txapelduna izan aurretik. (Oskar MATXIN | FOKU) Jon ORMAZABAL Danel Elezkanok, sare sozialetan pilotazaleei zuzendutako idatzi batean, 12 urteko ibilbide profesionala amaitutzat ematen duela iragarri zuen atzo. «Zuengana jotzen dut malkoak dariola, pilota utzi behar dudala jakinarazteko, osasunak behartuta. Ezin izango dut gehiago jokatu, ez profesionaletan, ez beste era batera. Gorputzak oihuz esan dit nahikoa dela», aitortu zuen 30 urteko aurrelari bizkaitarrak. Zaratamokoak hilabete luzeak zeramatzan kantxetara irten ezinik, bizkarreko mina ere eragiten zion eskuin besoko «barquialgia» batek erasanda. «Dakizuen bezala, azken urte luze hau infernua izan da niretzat. Izugarri sufritu dut. Medikuz mediku eman ditut hilabeteak, gorputzean ditudan hainbat lesio eta gaitzengatik, eta nik neuk nahiko nukeen irtenbidea aurkitu ezinik. Lesioek txarrera egin dute, eta kirolean ez ezik eguneroko bizitzan ere eragiten didate», adierazi zuen. Gogoratu behar da jaiotzetik eskuin besoa erabat luzatzea galarazten dion gaixotasun bat duela. «Burugogorkeria lagun, bueltatzen saiatu naizen arren, ezin aurrera egin, eta kantxan beste era batera agurtzea gustatuko balitzait ere, ez da posible izango. Dena den, ez dut agurrik behar, azken urteetan pilotalekuetan jaso dudan maitasuna nahikoa eta sobera delako niretzat. Saiatu naiz maitasun hori barnean dudan guztiarekin itzultzen», nabarmendu zuen Elezkanok. «Zin dagizuet espezialistarik onenak bisitatu ditudala eta denek ohartarazi nautela partida bakar bat gehiago jokatzeko ahalegina arrisku handiegia dela nire osasunarentzat. Horrek nire bizitzako erabakirik zailenetako bat hartzea erraztu dit. Esku onenetan izatearen lasaitasuna eta zortea dut», esan zuen. BINAKAKO TXAPELDUN BI ALDIZ Kontuak horrela, Zaratamokoak amaitutzat eman du 2012ko abuztuaren 18an Bilboko Bizkaia pilotalekuan hasi zuen ibilbide profesionala. Lehen urteak garaiko Asegarcen eman bazituen ere, 2016ko udan Asperekin fitxatu zuen eta Eibarko enpresarekin lortu ditu bere garaipenik sonatuenak, Bilbokoarekin bigarren mailako Buruz Buruko txapeldunorde izatea ere lortu bazuen 2013an, finalean Alvaro Untoriaren aurka galduta. Binakako txapelketa izan da, ezbairik gabe, emaitzarik onenak lortu dituen lehiaketa, txapela birritan lortu baitzuen, 2019an Rezustarekin finalean Irribarria-Zabaletari 22-19 gailenduta eta, bi urte geroago Zabaleta berarekin, finalean Peña-Albisuri 22-7 irabazita. Eskerrak emateko garaian Elezkanok ez du inor ahaztu nahi izan, Zaratamoko Upo Mendi taldetik hasita -«pilotaz maitemintzeko ingurugiro aparta sortu izanagatik»-, Asegarce eta Asperekin jarraituz -«bulegokoei, prentsa eta frontoiko arduradunei, medikuei, masajistei, epaileei, hedabideei...»- eta zaleekin amaituz -«pilotazaleok egiten duzue handi pilota, zeuek zarete gurea den kirol honen altxorra»-. Ez hori bakarrik, «txikitatik bikote edo aurkari izan ditudan pilotariei; denek errespetuz eta atseginez hartu izan nautelako», azpimarratu du taldekide guztiei eskerrak eman aurretik: «Plazera izan da. Pilotak lagunak baino ez dizkit eman. Horixe da kirol honek duen onena». Baina, dudarik gabe, hitzik hunkigarrienak lagun, kuadrilla eta senideentzat gorde ditu. «Izan nezakeen familiarik onena suertatu zait, eta oso zorionekoa naiz. Esan dut pilotak dena eman didala, baina ez dago pilotakada bakoitzean ingurukoen maitasuna eta berotasuna sentitzea bezalakorik. Horixe da nire txapelik handiena». Zaleena, aldiz, kantxa eta pilotalekuetatik kanpo bere gizatasuna ezagutzea izan da. Segi bizitzaz gozatzera, Danel! PALMARESABilboko Bizkaia pilotalekuan 2012ko abuztuaren 18an ibilbide profesionala hasi zuenetik, Danel Elezkanok bi txapel handi ditu palmaresean: 2019ko Binakako Txapelketakoa, Rezustarekin bikotea osaturik, eta 2021eko Binakako Txapelketakoa, Zabaletarekin batera.