Baionako Herriko Etxeak uztailaren 9tik 13ra kokatu ditu 2025eko bestak
Charles Dayot Mon-de-Marsango auzapezarekin bilera egin ondotik, 2025ko besten datak berriz aldatzea erabaki du Jean-Rene Etchegarayk. Hilabeteren bueltan birritan aldatu du tokiko agintariak Lapurdiko hiriburuko besta nagusien egutegia.
Oroitzearren, joan den irailaren 16an, 2025eko bestak uztailaren 16an hasi eta 20an amaituko zirela iragarri zuen. Herenegun, aldiz, gibelera egin eta data berriak jakinarazi zituen: beste aldaketarik ez bada, baionarrek uztailaren 9tik 13ra ospatuko dituzte hiriburuko bestak.
Baionako Bestak uztailaren 16tik 20ra egiteko asmoa jakinarazi ondotik, ika-mika handia piztu zen. Egutegi horren arabera, Landetako Mont-de-Marsan hiriko bestekin batera ospatuko ziren 2025ean Lapurdiko hiriburuko bestak.
Bi auzapezek adierazpenak gurutzatu zituzten hedabideen bitartez, baina urriaren 16ra arte ez dute bilera bat egiteko urratsik egin. Asteazkenean, bilera diskretu bat egin ondotik, heldu zen albistea; agirian, bestei buruzko beren asmoak aletu eta jarraian daten gainean lortutako konpromisoa zehazten zuten: Mont-de-Marsanek uztailaren 16tik 20ra eginen ditu bere bestak heldu den urtean. Baiona, berriz, astebete lehenago jantziko da zuri-gorriz.
ZALAPARTA HANDIA
Baionako bestak uztail erdian egiteko hautua jakinarazi bezain fite, iskanbila handia piztu da Lapurdiko hiriburuan eta inguruko herrietan. Izan ere, data bertsuetan ospatzen dira bestak herri anitzetan, hala nola Uztaritzen eta Donapaleun. Landetako hiriko bestekin sorturiko data talkak eragin du harrabots handiena.
Bi besta handien artean hautatzera behartuta daudela salatu dute ferialariek, eta Baionako hiria blokeatzeko dinamika iragarri dute. Urriaren 8an egin zuten ferialariek lehen protesta.