GARA
BILBO

Bizkaiko suhiltzaileek robot elektriko bat lankide izango dute

Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak urrunetik gidatu daitekeen lehorreko robot mutifuntzional bat lankide izango du. Estatu espainolean mota honetako gailu bat izango duen lehen zerbitzua da. Bilboko Portu Agintzaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiko PSSZk sinatutako akordioari esker baliatu ahal izango dute gaur Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak aurkeztu dien lankide berria. Hitzarmenaren arabera, edukiontziak garraiatzeko garabi-kamioi berri bat ere eskuratu dute. Guztira, 607.000 euroko inbertsioa egin dute.

Aurkezpenean aditzera eman zutenez, munduan potentzia handienetarikoa duen robot elektrikoa da, eta urrutitik gidatu ahal izateak konplexutasun edo arrisku handiko egoeretarako ezin aproposagoa egiten du. Izan ere, bestela suhiltzaileek haien gain hartuko luketen arriskua hartzen du. Hain zuzen, antzeko tresna bat erabili zuten Parisko Notre Dame katedralaren sutean.

Robotak 500 kiloko pisua du, beldar-gurpilak darabiltza eta, horri esker, hainbat gauza egin ditzake: 30 zentimetro arteko oztopoak gainditu, eskailerak igo eta jaitsi, 40 gradu baino gehiagoko maldak igo, eta tona baterainoko kargak bultzatu eta mugitu.