Esti EZKERRA
Literatur kritikaria

Han hemen da (I)

Irratian entzundakoa, palestinarren genozidioaren kontra Euskal Herriko bi emakumek egindako protestaren inguruan: hangoak ez du gurekin zerikusirik. Han, ordea, hemen da, eta ez bakarrik bidegabekeria zer den ulertzen dugulako. Besteen jazarpenean gure inplikazioa ere aintzat hartu behar da.

Egin dezagun historia ariketa bat. Bizkaiko meategietako burdinaren esportazioak eragindako aberastasunaren testuinguruan, bederatzi lantegi zabaldu zituzten Gernikan XX. mendeko lehen hamarkadetan. Haietarik bik, Alkartasunak eta Eibartik zetorren Astra, Unceta eta konpainiak, armak ekoizten zituzten, eta hirugarren batek, S.A Talleres de Guernicak, lehergailuak. Alkartasunak eta Espainiako armadarentzat Astra 400 pistola ezaguna (gerora, Bigarren Mundu Gerran, armada naziak erosiko zuen hura) egin zuen Astra Uncetak irabazi handiak lortu zituzten Lehen Mundu Gerrari esker. Talleres de Guernica-k, berriz, beste horrenbeste egin zuen Rifeko hirugarren gerra kolonialaren harira. Gogoan izan, gerra hartan Espainiako armada okupatzaileak arma kimikoak erabili zituela Rifen, haien artean ziape gasaren aurrekaria izan zena.

Sute baten ondorioz desagertu zen Alkartasuna 1922an. Talleres de Guernicak, 1968an Astra Uncetari bulegoak eta makina erremintak saldu ostean, izena TDG sigletara laburtu eta ekoitziriko produktuak aldatu zituen.