Z. IGLESIAS - I. GARATE
Entrevista
NORA MENDIZABAL
Pilotaria

«Iruditzen zait gaitasuna erakutsi dugula kantxa osoan jokatzeko»

Hiru Hiriburuetako txapela jantzi zuen Nora Mendizabalek (Andoain, 2003) joan den igandean, Goiuri Zabaletarekin batera. Bigarren txapela du aurten: «Txapelketa garrantzitsuetan emaitzak ez ziren iristen, eta oso gustagarria da emaitzak lortzen dituzunean». Orain Lau eta Erdiko txapelketa jokatuko du. NAIZ Irratian mintzatu da Mendizabal.

(Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Aurten bi txapel jantzi ditu Nora Mendizabalek: Plazandreak txapelketakoa eta Hiru Hiriburuetakoa. Hasieran emaitzak erdiesten ez zituen arren, azken txanpan lortu du saria. Andoaindarrak esan du «nahiko kontentu» dagoela: «Pixka bat goraka egin dut segurtasunean eta erregulartasunean». Lau eta Erdikoan final-zortzirenetan arituko da. Kaiolakoan Goiuri Zabaleta jotzen du faboritotzat.

Bigarren txapela aurten.
Bai, justu azken bi txapelketetan txapela eskuratu dut. Egia da urte osoan txapelketa garrantzitsuetan ez dudala txapelik lortu, baina denboraldiari amaiera polita emateko lortu dut.
Hasiera batean ezetz ematen bazuen ere, azkenerako gauzak zail jarri zizkizueten Arraizak eta Gamindek. Hainbeste hurbildu zirenean, zer pasatu zitzaizun burutik?

Hasieran ondo hasi ginen. Goiuri [Zabaleta] ederki hasi zen, baita ni ere, hutsik egin gabe. Goiuri tanto denak bukatzen oso ondo ari zen. Pentsatuta genuen jokoa egiten ari ginen. Beraiek sakea hartu zutenean, pilota aldatu zuten, hasi ziren beraien dinamikan, dena atzera kargatzen, eta ni tarteka huts egiten hasi nintzen. Gero eta hurbilago zeudenenean, biok are urduriago jartzen hasi ginen. Uste dut lau tantora ere jarri zirela, eta hasi ziren izerdi horiek: «Ez da posible, nola ba?». Lortu genuen tanto batzuk egitea, beraiek ere huts batzuk egin zituzten, eta, sufrituta, lortu genuen irabaztea.

Azkenean bai, txapela zuentzat. Orduan bai emozioen leherketa?

Sekulako poztasuna sentitu nuen. Egia da gure azken bi tantoak bitxiak izan zirela, aurkariak bi sake faltaz egin baitzituen. Kamera geldoan gogoratzen ditut azken bi sake horiek. Ikusi eta frontis erditik behera eman zuenean, «ez du pasatuko», pentsatu nuen. Ez zuen pasatu eta laurak geratu ginen elkarri begira, pentsatzen, «bukatu da, bukatu da». Orduan besarkada bat ematera joan ginen. Baina, egia esan, bukaera oso arraroa izan zen. Bukaeran denok geratu ginen elkarri begira segundo bat, frontoia ere erdi isilik, eta, bai, esan genuen: «Bukatu da, eta gurea da».

Partidaz harago, Ogeta pilotalekua bete-beteta zegoen. Bestela ere bada zer ospatu.

Ikaragarria izan zen. Hasieran, ailegatu nintzenean, frontoia hutsik zegoen. Aldageletara joan ginen, denak elkarrekin takoak jartzera; eta beste partida martxan zegoenean, gu beroketa lanetan ari ginen. Partida aurretik elkarrizketa egitera joan nintzenean, begiratu nuen harmailetara eta goraino zegoen. Ez zela posible pentsatzen nuen. Nik behin ere ez dut horrelakorik bizi, ezta antzekorik ere Ogeta pilotalekuan. Antolatzaileekin hitz egin eta esan ziguten ateak itxi behar izan zituztela, eta batzuk kanpoan geratu zirela.

Zu zinen final horretan pilotaririk helduena, eta 21 urte besterik ez dituzu. Bada adierazgarria.

Bai, ez zitzaidan inoiz pasatu. Ailegatu ginen, laurak jarri ginen, begiratzen jarri nintzen eta esan nuen: «Ni naiz helduena». Beti norbait egoten da, ni baino urtebete, bi edo hiru helduagoa dena, baina bai, egia da behin ere ez zaidala gertatu.

Hasiera batean emaitzak iritsi ez badira ere, amaieran jaso duzu saria.

Urtean zehar final batzuk jokatu ditut. Orokorrean ez nengoen nahigabetuta azkenaldian nengoen joko mailarekin, baina egia da txapelketa garrantzitsuetan ez nintzela txapelik ateratzen ari, edo emaitza guztiz onak ateratzen. Beti gustagarria da txapelketak irabaztea, eta txapelak etxera eramatea. Azkenean denboraldia ondo bukatzeko ederra izan da niretzat txapela lortu izana.

Aurtengoa izaten ari da zuretzat urterik onena, mailari dagokionez?

Nahiko balantze positiboa egiten dut denboraldi honetaz. Gustura ibili naiz, eskuekin-eta ez dut arazo handirik izan, ezta lesioekin ere. Egia da batzuetan, nahiz eta ondo jokatu, aurkaria hobea izan dela eta ez duzula irabaztea lortzen; edo alderantziz, agian ez da zure partidarik onena izan, baina zure bikotea ondo ibili denez eta aurkariak ez direnez oso ondo aritu, irabazi egiten duzula. Hor ere ez zara sentipen oso onekin geratzen. Uste dut orokorrean nahiko ondo ibili naizela denboraldian zehar, pixka bat goraka egin dudala segurtasunean eta erregulartasunean. Kontentu nago bete dudan denboraldiarekin.

Datorren txapelketa Lau eta Erdikoa. Nola ikusten duzu zure burua?

Urtero parte hartzen dudan txapelketa bat da Lau eta Erdikoa. Ez ditut inoiz emaitza onak eskuratu. Baina, tira, pilotan jokatzea gustatzen zait, eta parte hartuko dut. Orain hasi gara pixka bat horri begira entrenatzen. Atzelaria izanda, Lau eta Erdikoa ez da inoiz nire indargunea izan, galdu egiten naiz askotan frontoian. Atzelari askok ez dugu tantoa bukatzeko aurrelari batek duen gaitasuna, baina ahal dena egitera joango naiz. Batzuetan sorpresak ere izaten dira, eta horretarako entrenatuko dugu.

Buruz Burukorik ez duzue izango, ezta?

Ez. Urte osoan banaka jokatzen dugunean, lau eta erdian aritzen gara. Guretzat, eta aurrelarientzat ere bai, uste dut polita litzatekeela proba egitea gutxienez frontoi osoan jokatzen. Uste dut lau eta erdia pasatzeko gai garela, eta partidetan ikusten dela. Frontoi osoan ere jokatu dezakegu, eta beste partida mota batzuk eta beste jokatzeko modu bat ere ikusi. Uste dut polita izango litzatekeela txapelketak jokatzea frontoi guztian aritzeko, eta atzelariak ere gehiago disfrutatu eta jokatzeko.

Nor ikusten duzu hautagai nagusia kaiolakoan?

Goiuri oso indartsu ikusten dut. Azkenaldian ondo ibili da. Baina uste dut oraintxe puntan dagoela. Pilota nahi duen tokian jartzen du, gorputz pixka bat bota du, eta indarra hartu du. Kolpez ere ondo dabil. Apustu egin behar izanez gero, haren alde egingo nuke.