GARA Euskal Herriko egunkaria
1996

Ateak ez dira betiko ixten, heriotzarenak ez badira

Elhadi Ndiaye 2016ko urriaren 21ean hil zen, Poliziaren atxiloketa biolento baten ostean. Irudian, 2022ko omenaldia. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Nafarroa, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa lankidetzarako organo bat osatzeko zorian egon ziren 1996an. Bi saiakera izan ziren, momentu aproposenean eztanda egin zuen ustelkeria kasu batek eten zuen lehenengoa, eta Miguel Sanzen kargu hartzeak bigarrena.

Javier Otano PSN, CDN eta EAren botoekin -eta IUren abstentzioarekin- lehendakari zela, 1996ko ekainaren 11n, Nafarroako Parlamentuak EAE eta Nafarroaren arteko Batzorde Amankomun Iraunkorrari argi berdea eman zion. UPNk esana omen zion maiatzean Otanori, ordea, kontuz ibiltzeko norabide horretan pausoak ematen jarraitzearekin.

Astebete beranduago, ekainaren 18an, Otanok dimisioa eman zuen, ‘‘Diario de Navarra’’ egunkariak Urralbururekin lotura zuen ustelkeria auzia ezagutzera eman eta gero.

CDNko Juan Cruz Allik hartu zuen behin-behinean lehendakaritza, eta udan zehar akordioa berriz martxan jartzeko mozioa aurkeztu zuen. Baina irailean, beste aritmetika batekin, Gobernu berria osatu zen, Miguel Sanz buru zela. Hilabete beranduago, urriaren 21ean, lurperatu egin zuen batzordea. Nafarroa Estatu auzia, berriz.

Ia hiru hamarkada beranduago, ate hori ez da berriz ireki, baina betiko itxita dagoela esateak ere gehiegizkoa dirudi, abertzaleak gehiengoa baitira EAEn, eta Nafarroan inoiz baino erabakigarriagoa delako ezker subiranista.

BETE GABEKO PROMESAK

Horrelako ateak irekitzeak, ordea, borondate handia, lan asko, diplomazia gehiago eta harrokeria gutxi eskatzen du. Ez dira horiek izan Iñigo Urkullu EAEko lehendakariaren legealdiaren ezaugarriak. Urriaren 21 batean irabazi zituen orduko EAJko hautagaiak 2012ko hauteskundeak, ETAren ekintza armatuen amaierak irekitako eszenatokia indartu asmoz eta estatus berriaren inguruko programa batekin.

Urkulluren eguneroko jardunak programa hori tiraderan gorde eta bakearen bideak eta Kataluniako Prozesuak irekitako abaguneak zapuztea izan zuen ezaugarri nagusi. Hauteskunde haietan, EH Bildu indarrarekin sartu zen, lehen aldiz, Gasteizko legebiltzarrean, 21 eserleku eskuratuta. Gipuzkoako Aldundia gobernatzen zuen ordurako, eta Lakuak 'sorpasso'-aren arriskua itotzea lehenetsi zuen.

Arrakasta handiegirik gabe epe ertainean, esan beharra dago; 2024ko hauteskundeetan, lehen aldiz, EAJk eta EH Bilduk 27 eserleku lortu baitzituzten. Berdinketa.

ESPETXEKO ATE IREKIAK

Urkulluk irabazi eta urtebete beranduago, 2013ko urriaren 21ean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiaren aurka azken urteetan emandako epai entzutetsuetako bat iritsi zen. Ines del Rioren kasua izan zen epaile europarrek aztertutakoa, eta zalantza izpirik gabe ebatzi zuten kalean egon behar zuela, ez zitzaizkiolako espetxe-onurak behar bezala kalkulatu, espainiar hedabideetan «Parot doktrina» deitu zenari jarraituz.

Auziaren muina hau zen: preso batek zigorraren hiru urteko murrizketa lortzen bazuen, esate baterako, ikasketengatik, onura hori zigor osotik deskontatzen zitzaion (adibidez, 412 urteko zigorra zuen preso bati 409ra jaisten zioten), benetako espetxealditik kendu ordez (adibidez, gehiengoa 30 urte baziren, 27 geratu beharko litzaizkioke).

Doktrina horrek Ines del Rioren giza eskubideak urratzen zituela ebatzi zuen Estrasburgoko epaimahaiak bi aldiz. 2012ko uztailean, lehenengo, eta 2013ko urriaren 21ean, gero, Mariano Rajoy presidente espainolaren Gobernuaren helegiteari erantzunez. Gainera, epaileek hilabete horietan Del Rio «ilegalki atxilotua» egon zela salatu zuten. Horrekin batera, bere sententziak jurisprudentzia ezartzen zuela eta loteslea zela gogoratu zitzaion Madrili.

Hurrengo hilabeteetan, hirurogei bat euskal preso ingururi kartzelako ateak ireki zizkion Estrasburgoko auzitegiaren sententziak.

POLIZIA-ETXEKO ATE ITXIAK

Hiru urte beranduago, Iruñeko memorian gordeta jarraitzen duen arrazakeria polizial kasu bat gertatu zen. 2016ko urriaren 21ean, motor batekin zebilen gizon bat gelditu zuen polizia espainolak Marcelo Celayeta kalean. Eztabaidatzen hasi ziren, bortizki atxilotu zuten eta Chinchilla kaleko polizia-etxean hilda bukatu zuen.

Lehenengo bertsioen arabera, atxilotzerakoan ika-mika batzuk gertatu baziren ere, behin polizien kotxean lasaitu egin zen atxilotua. Polizia-etxean tramiteak egiten ari zirela, agente bat konturatu omen zen ez zuela jada arnasarik hartzen. Hilda zegoela.

Astebete beranduago eman zuen ezagutzera GARAk hildakoaren nortasuna, Arrotxapean gaia ikertzen egun batzuk eman eta gero. Elhadi Ndiaye zuen izena hildakoak, senegaldarra zen, eta hilabete gutxi batzuk zeramatzan Iruñean bizitzen. Jasotako testigantzek lehenengo bertsio poliziala gezurtatu eta atxiloketa oso bortitza izan zela zioten. Horrela demostratu zen NAIZek argitaratutako bideo baten bidez.

Hurrengo egunetan beste bideo batzuek bigarren bertsio hau indartu zuten, baina tamalez, azaleko ikerketa baten ostean, epaileak kasua itxi zuen, Elhadi Ndiaye Chinchillako polizia-etxetik hilda zergatik atera zen argitu gabe.



[2012] Iñigo Urkullu, un independentista del siglo XXI

Tal día como hoy se celebraron elecciones al Parlamento de Gasteiz en 2012. Las primeras en las que concurrió EH Bildu y las que abrieron las puertas de Ajuria Enea a Iñigo Urkullu. En NAIZ recuperamos la entrevista que Iñaki Iriondo le hizo al entonces candidato y todavía presidente del EBB durante la campaña electoral. Recién dejado el cargo, las promesas de entonces sirven en bandeja un balance de sus 12 años de Gobierno.

El todavía aspirante a lehendakari, que se mostraba dispuesto «a escuchar siempre a los demás», defendió una legislatura en dos partes: dos años para centrarse en la crisis económica -sin dejar de adelantar dinero para el TAV- y dos años para «la redefinición del estatus de autogobierno» para Araba, Bizkaia y Gipuzkoa, un proyecto que sigue en el cajón, a la espera de que su sucesor, Imanol Pradales, lo resucite.

En la entrevista, Urkullu se mostró «orgulloso de ser un independentista del siglo XXI». Invitado a explicarse, contestó: «Pues un independentista que no es del siglo XIX. Hoy en día no hay nadie independiente, nadie».