EDITORIALA

Auzolanaren lastargiak Zangozan, euskara pizteko

Zangozak hartu zuen atzo Nafarroa Oinez, laugarren aldiz eta, ohi denez, jai giro apartaz. Aurten, gainera, asteburu osora hedatu zen ospakizuna, herenegun hasi baitziren haren inguruko askotariko jarduerak. Atzoko ekitaldiei hasiera emateko, hainbat haurrek, lastargi bana eskuan, aldarrikapen ugari agertu zituzten. Izan ere, ikastolen aldeko elkarretaratze hori festaz jantziriko aldarria da, aurtengoa “Piztu” lelo esanguratsupean, euskara eta euskal kultura piztu beharraren aldarria. Eta hartarako pizgarria nabarmendu zuten, eskualdeko haurrek erakutsi zituzten lastargiek irudikaturik: Zangozako ikastola eta beste anitz eraiki eta iraunarazi dituen auzolana.

Zangozan, Zangozan ere, borroka bizia egin behar dute euskarak bere lekua berreskuratzeko, oztopoen artean. Herritar guztiak eskubide berberen jabe ez diren herrialdean, kasu honetan ‘eremu mistoko’ eskualde batean. Oraindik ere nafarrek, legez, ez baitituzte eskubide berberak lurraldeko jatorrizko hizkuntzari dagokionez. Ez da hilabete bat Europako Kontseiluak zonifikazioa bertan behera uzteko eskatu zuela, euskara erabiltzeko «oztopoa» dela iritzita. Eskualde horrek, gainera, beste erronka latz bati aurre egin behar dio, hango herriak husten ari den fenomenoari, hain zuzen, auzolanaren premia agerian paratzen duena.

Nolanahi dela, erronka horiek, borroka hori, ez dira Nafarroakoak bakarrik; Euskal Herri osoan ez baitago ezer bermaturik. Hainbat erronka daude lurralde guztietan, eta denak ez dira berdinak, baina denak dira handiak. Europako Kontseiluaren txostenak gogorarazi zuenez, administrazioek oro har bide luzea dute aurretik beren konpromisoak betetzeko, are gehiago azken urteetan abian den oldarraldia aintzat harturik, tartean oldarraldi judiziala. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Europako Kontseiluak ez zuen ezer esan lurralde horiez, Estatu frantsesak ez baitu Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna izenpetu ere egin. Beharrezkoak dira atzokoa bezalako txinpartak, baina batez ere auzolanaren lastargiak, Zangozan ondo dakiten bezala, egun bateko txinpartaz ez baitago su iraunkorra pizterik, auzolana urte osoko jarduna baita.