24 OCT. 2024 Entrevista ITZIAR ITUÑO MARTINEZ Ingot taldeko abeslaria «Gaur egun beste jarrera bat daukat bizitzaren aurrean» Aktore bezala ezagutzen dugun arren, Itziar Ituño Martinez (Basauri, 1974) aspalditik dabil musika munduan hanka bat sartuta. Ingot da gaur egun abian duen proiektua, eta taldekideak ditu Roberto Awanari, Roberto Figueroa San Sebastian, Juan Pedro Salvador Muñoz eta Joseba Serna Hernansanz. ‘‘Zeugaz’’ izeneko diskoa kaleratu berritan izan gara Ituñorekin. (Marisol RAMIREZ | FOKU) IKER GURRUTXAGA DONOSTIA Udako bizipenen aje emozional guztia pasatu al da? Bai, bai, bai. Ondo kargatuta daukat pila urte osorako. Kariñoa jaso dut eta super eskertuta nago eta emozionatuta; eta horrekin, aurrera. Denbora gutxira disko bat atera duzue, «Zeugaz». Horretarako energia behar da. Esan nahi dut atentzioa, prentsarekin egon, jendearekin, berriz ere fokupera atera… ezta? Atzera egin dudala esango nuke nolabait ere. Pentsatzen dut gauza desberdina dela eta hau berezia ere izango dela. Niretzat gauza berria da disko bat ateratzea. Mundu hau oso berria da, eta hor gabiltza egokitzen, txiri-txiri, xume-xume. Klaro, zuk daramazun bizimodua eta gainerako taldekideek ere beren bizimodua izango dutela kontuan izanda, dena uztartzeko lanak izango dituzue. Horren adibide da disko hau 2022an grabatuta dagoela. Dagoeneko 2020an prestaketa lanetan ari ginen. Kostatu zitzaigun, e! Grabaketa osoa edukitzeraino, bide luzea izan zen. Gero, Elkar etxeko Jituk editatuko zuela esan zigun, gure harridurarako. Sekulako ilusioa egin zigun horrek, imajinatu. Taldea, ordea, 2017an elkartu zen ezta? Nahiz eta zu musikan aurretik ere bazenbiltzan saltsan. Ni hasi nintzen panderoa jotzen eta euskal musika eta erromeriak eta plaza dantzak jorratzen zituen plaza talde batean. Sekulako taldea ginen, eta horietako bat zen Juanpe Salbadorrek, rockeroa bera, beti zuen buruan rock talde bat osatzeko asmoa, cover batzuk egiteko, eta halakoak. Hortaz, hor hasi ginen coverrak egiten eta taberna zuloetan sartuta. Santurtziko Mamariga auzoan hasi zen dena, Ezkerraldean, eta gehienbat akustikoan egiten genituen emanaldiak. Ondoren pasatu ginen elektrikora, eta, aurrerago, gure kanta propioak egitera, garaia bazela ikusten genuelako. Eta gaurdaino. Hala ere, lokalean aritzeko denbora askorik ez duzu izango. Ba astean behin bai, ahal dudanetan behintzat. Gure eguna asteazkena da. Madrilen entseatzen baldin banago eta bueltatzea lortzen badut, egiten dugu. Aurrekoan, autobusez iritsi orduko zuzenean entseatzera joan nintzen. Saiatzen naiz zintzo-zintzoa izaten. Bestela eurak ere batzen dira eta, bueno, kontuan hartzen dute nire egoera zein den. Baina beti saiatzen naiz tartetxo hori errespetatzen eta disfrutatzen. Oso ondo pasatzen dugula esan behar da, eta azkenean hori da helburu nagusia, norbera zoriontsu izatea. Sar gaitezen diskoan. «Zantiritu» kantua da lehendabizikoa. Petrikilo bat edo halako zerbait entzuten da. Hitzetan emakumeak bizitza sortzeko duen gaitasunaz eta bizitzaren bueltan emakumeek duten paperaz hitz egiten da. Petrikiloak, ordea, gizonezkoak ezagutu ditut azkenaldian. Hori salatu nahi da? Jakina, batez ere hori. Galdutako alde pagano hori aldarrikatzeko gure sinesmenak ziren. Gero sartu zen eliza eta, bueno, badakigu zer gertatzen zen herri honetan. A zer bazterkeria klase sufritu genuen emakumeok. Baina emakumea sendagilea zen: sendagilea, belar-egilea, emagina… Botere bat eta pisu bat zeuzkan gizartean. Argizaiolak ere berak pizten zituen, norbait hiltzen zenean. Hau da, magia mundu horrek, energia horrekin, harreman zuzena zeukan emakumeekin, eta momenturen batean galdu genuen konexio hori. Baina bagabiltza batzuk hori berreskuratzen saiatzen, bizitza indartzeko dauzkagun gaitasun horiek berreskuratzen, mundu hau sendatzeko. Mundua oso gaixo dago, eta iruditzen zait emakumeok ere badaukagula sendatzeko kapazitate hori. Inoiz ez dugu erakutsi, ez dugu aukerarik izan erakusteko, baina, pentsatuta, gauza oso diferenteak izango zirelakoan nago. «Wararu» kantuan hizkuntzak nahastu dituzue eta, 70etako rocketik edaten duen arren, ama lurrari dei moduko bat ere egiten diozue oskolen soinuekin eta abar. Badagoelako dei bat, ikaro moduko bat, amaieran. Oso ohikoak dira horiek Amazonian. Eta letrak horri buruz berba egiten duenez, ba pentsatu genuen sartu genezakeela. Hortaz arduratu zen Roberto Awanari. Bertakoa da bera eta ezagutzen du hango egoera. Bera da zubia, konexioa. Amazoniakoa da eta bere bidez ailegatu zaigu ikaroa. Aldarrikapen ugari dituzte, eta arazoak ere bai. Eta zerbait egin nahi genuen horren alde, gure aletxoa jarri. Petrolioaren gerra pixka bat aipatzen da. Badakigu deforestazioa egiten ari direla Amazonian, eta isilean geratzen da askotan, ez bada halako ekimenengatik. Dena dela, komunitate txiki desberdinak aipatzen dira. Brasilgoak soilik? Kanta hau sortu zen bost ibaietan isurketa kutsakorrak izan ziren garai batean. Bost ibai direnez, bakoitzaren jatorrian herri bat dago, eta komunitate bat. Bertako jendeak pairatu zituen kalteak. Guk Perun gertatzen ari zenaren berri jaso genuen, eta hara joan ginen eta kantua aurkeztu genien. Amazoniara ere joan ginen eta gauza bera egin genuen. «Ama landara» kantuan ere naturari begira jarri zarete. Nahiko psikodelikoa da kantua, eta krudel samarra ere bai. Nik hau idatzi nuen aiahuaska hartu ostean. Sekulako deskubrimendua niretzat. Oso lurrekoa izan naiz betidanik, eta momentu baten esperientzia hori, bizipen hori eduki nuen. Aiahuaska jan ostean, konturatu nintzen den-dena ez nekiela, badaudela gauza batzuk buru barruan edo kanpoan edo ez dakit zer eta ez dakit non… ostras. Kontrolaezina da, eta elkarri azaldu ezina ere bai. Orduan, uf, sekulako errespetua eman zidan. Zer pentsatua eman zidan, eta bizitzaren eta heriotzaren inguruko hausnarketa oso sakona egin nuen. Detonantea izan zen guztia. Orduan idatzi nuen hori. Gaur egun beste jarrera bat daukat bizitzaren aurrean. Linboan kokatzen zara kasi-kasik. Beste dimentsio batean, ikusi nuenagatik. Banekien hemen nengoela, eta aldi berean galdera batzuen erantzunak jaso nituen. Ostras. Nire buruari esaten nion, «hau zer da? ikusten nabilen hau, zer da?». Sekulakoa da, bizipen oso potentea. Eta hangoen identitatea, hau da, oihaneko jendearen identitatea, asko markatzen duen arlo bat da, arlo magikoa eurentzat, eta beren identitatearen parte ere bai. Eta hori aldarrikatzeko beharra dago. Haientzat, definitzen duen gauza sakratua da landare hori, bada, zapaldutako herrien aldeko beste aldarrikapen bat da kantu hau. Herri honetan ere bazegoen hori, belar mota hauen inguruko jakintza, ezta? Baina ia erabat galduta dago. Maiz esan izan duzu zure burua oraindik ere euskaldun berritzat duzula. Letrak bizkaieraz idatzita daude. Zer adierazi nahi izan duzu, naturaltasuna bilatzen saiatu zarela? Kuriosoa da kontua, nik euskaraz AEKn ikasi nuelako, eta batuan, gainera. Gerora, EGA atera nuen eta barnetegi batetara ere joan nintzen, Ondarroara. Han, bertako euskaldunekin harremanetan hasi nintzen eta ohartu bertako euskara oso desberdina zela. Bizkaitarra izanda ni ere, bertakoekin ulertzeko lanak nituen eta esfortzua eskatzen zidan. Aita bizkaitarra dut, baina familian transmisioa galdu egin da. Hartara, bizkaieraz hizketan hasiko nintzela erabaki nuen, eta uste baino gutxiago kostatu zitzaidan, lagun batek DNAn eramango nuela esan zidan. Gero konturatu nintzen talde gutxik egiten zuela bizkaieraz bere abestietan, eta horregatik hasi ginen gu ere bizkaieraz, transmisio tresna moduan musika erabiliz. Euskalkiak ere transmititu behar dira, galduko ez badira. Taldean ere euskaraz moldatzen saiatzen gara, batzuk ahobizi izanda eta besteak belarriprest. Diskoa Elkar zigiluarekin atera duzue. Ez dakidana da kontzerturik emango ote duzuen orain. Urriaren 6an Oñatin izan ginen, eta atzetik badatoz gehiago. Azaroaren 23an Leioan izango gara, Saharar errefuxiatuen aldeko kontzertu solidarioan. Ondoren Frankfurten izango gara, azaroaren 30ean, bertako sindikatu batek antolatutako kontzertu batean, Voltaire klubean. Durangon abenduaren 7an arituko gara Plateruena. Eta abenduaren 14an, Hondarribian, diskoa osorik aurkezten. JOAN-ETORRIAN «Aurrekoan, autobusez iritsi orduko zuzenean entseatzera joan nintzen. Saiatzen naiz zintzo-zintzoa izaten. Bestela eurak ere batzen dira eta, bueno, kontuan hartzen dute nire egoera zein den» SENDAGILEAK «Baina bagabiltza batzuk hori berreskuratzen saiatzen, bizitza indartzeko dauzkagun gaitasun horiek berreskuratzen, mundu hau sendatzeko. Mundua oso gaixo dago, eta iruditzen zait emakumeok ere badaukagula sendatzeko kapazitate hori»