24 OCT. 2024 PAKITO ARRIARANEN HERIOTZAREN 40. URTEURRENA Entrevista MIREN ODRIOZOLA Internazionalista, El Salvadorko FMLN gerrillan «Haiengandik ikastera joan ginen gu, eta gero ahal genuenean laguntzera» Bizitza bat ez da kabitzen elkarrizketa batean. Are gutxiago, Miren Odriozolarena: ETAko kidea, presoa, langile mugimenduko militantea, feminista, eta El Salvadorren internazionalista. Pakito Arriaranen bikotekide izan zen Venezuela, Nikaragua eta El Salvadorren. Gehiago jakin nahi duenak jo dezala liburutegira: ‘‘Laura deitzen zioten’’ (Txalaparta, 2016). (Marisol RAMIREZ | FOKU) Beñat ZALDUA AZPEITIA 80ko hamarkada hasieran ibilbide bat bazeneukan; ETAn, kartzelan, Artiach fabrikan, langile mugimenduan, feminismoan.... Zergatik joan El Salvadorrera 36 urterekin? Beste garai batzuk ziren, eta egoera ere beste bat zen. 60-70eko hamarkadetan gauza asko pasatu ziren munduan. Kuba, Vietnam, Frantziako 68ko maiatza, Nikaragua.... Eta Euskal Herrian ere hamarkada horiek izugarriak izan ziren. Hor hazi eta hezi ginen, eta internazionalismoa ere presente zegoen. Nik ikusi nahi nuen zer zen sozialismoa, eta Errusiara joatea zaila zen. Hasieran Kuban pentsatu nuen, baina bakarrik ikastera joan nintekeen eta horretarako dirurik ez neukan. Bitartean izan zen Nikaraguako iraultza. Lehenengo eskala Venezuelan egin zenuen, ordea. Lagun batzuk nituen Venezuelan eta hara joan nintzen, gero handik Nikaraguara joateko asmoz. Han ezagutu nituen hemengo euskaldun batzuk, errefuxiatuak eta, haien artean Pako. Baina, azkenean, El Salvador. Ordurako El Salvadorren gerra hasita zegoen. Caracasen dokumental bat ikusi genuen, eta horrek sortu zigun horrelako grina bat. Pakok esan zuen ‘nik mendi horietara joan behar dut, horiei laguntzera eta ikastera’. Eta niri ere gogoa sartu zitzaidan. Baina lehenago Nikaraguan eman nuen urtebete. Managuan ere egon zineten Pako eta zu elkarrekin. Bai, elkar ikusten genuen, modu klandestinoan ia-ia. Nolakoa zen orduan gerra? 1981 inguruan gerrilla herri txikietan eta ez hain txikietan sartzen hasi zen. Horrela, Chalatenango mendietako eremu zabal bat kontrolatu zuen. Horrelako sartze batean zauritu zuten Pako. Nikaraguako egunkarietan egunero azaltzen ziren El Salvadorreko gertakizunak. Eta 82an, Gabonen aurretik, La Laguna-ko hartzearen albistean, argazki bat ikusi nuen: zauritu bat eta bi erizain. Hortxe zegoen Pako. Ni orduan osasun- langile sartzeko ikastaroa egiten ari nintzen, eta esan zidaten bizirik zegoela, ‘ez ondo, ez gaizki’. Niri zerbait piztu zitzaidan, lurrean ikusi nuelako argazkian-edo, eta galdetu nuen: ‘Hanka moztu diote?’ Pozik geratu nintzen, bizirik zegoelako, baina hurrengo egunetan kalean denei hankak begiratzen hasi nintzen. Nola moldatuko zen? Asko gustatzen zitzaion kirola, dantza egitea, pilota, futbola… eta orain? Lortu zenuen sartzea. Esan zidaten kanpora atera nahi zutela, baina zaila zela, eta berak ez zuela nahi. Ikusi nahi ote nuen galdetu zidaten, eta gero ea ze asmo neukan. Nik ikusi nahi nuela esan nien, eta gero, barrura sartu. ‘Bera ez dakit, baina ni barrura joango naiz’, esan nien. Zer topatu zenuen El Salvadorko mendietan? Ia hilabete behar izan nuen Pako zegoen kanpamentura iristeko. Gerrillaren ospitalean zegoen. Bueno, ospitalea… etxe zahar pixka bat txukundua zen. Pozik biak, berriz elkartzeagatik. «Eman linterna bat, bera den jakin nahi dut eta», esaten zuen. Zertan aritu zinen gerrillan? Hilabete edo gutxiago egon nintzen ospitale hartan erizain gisa. Egun batean esan zidaten herri bat hartu behar zutela eta postu medikoan egon behar nuela. Nire lehenengo irteera izan zen, eta tokatu zitzaizkigun bi lagun tripak zulatuta. Suero faltagatik hil ziren, oso gazte. Denborarekin ardurak ere eman zizkizuten. Bai. Bi gazte haiek hil eta egun batzuetara jakin genuen 20 litro suero zeudela ezkutatuta tatu batean [materiala gordetzeko mendiko ezkutalekuak]. Imajinatu… Orduan ni jarri ninduten logistika organizatzen. Beranduago San Juango ospitaleko arduradun jarri ninduten. Ihesaldi eta tiro artean, bazegoen maitasunerako tarterik? Gutxi, baina batzuk bai. Pako eraman zuten logistikako kanpamentura. Eta hark organizatu zuen armen logistika. Berak ez zuen irten nahi. Eta orduan, noizean behin baimena izaten nuen, beregana joateko. Baina asko ez, gerra betean geunden. Eta, halako batean, heriotza. Armadak bere estrategia aldatu zuenean gu San Juango ospitalean geunden, eta zauritu guztiak hartu eta beste zona batera joateko agindua iritsi zitzaigun. Laguntzarik gabe, mendian behera; izugarri kostatu zitzaigun. Han bizi ziren miliziano [gerrillaren laguntzaile zibilak] batzuengana joan ginen, zaurituentzako ezkutaleku bila. Gero, Chichilco izena zuen mendi batera igo ginen. Han, goiz batean, beste aldeko mendian, Zapotal izenekoan, tiroketa bat entzun genuen. Orduan hil zituzten Pako eta beste sei. Baina guk oraindik ez genekien. Nola eman zizuten albistea? Armada joan zen, azkenean, eta arratsaldean bi lagun etorri ziren, bata katalana eta bestea euskalduna. Haiek esan zidaten: ‘Pako zaurituta dagoela uste dugu’. Ez nuen sinetsi, armen informazio guztia zeukalako eta esaten zuelako bizirik ez zutela harrapatuko. Beti ibiltzen zen granada batekin. Hurrengo egunean jakin genuen non izan zen dena, eta konturatu nintzen guk ikusitako tiroketa izan zela. Nonbait, han zegoen jende batek sua piztu zuen eta armadakoak konturatu egin ziren. Atlacatl-ekoak ziren, gainera, batailoi odolzaleena. Mendia orrazten hasi ziren eta han harrapatu zituzten. Pakori zaldia akabatu zioten lehenengo, eta gero makuluak hautsi zitzaizkion. Berarekin sukaldaria zegoen; han geratu nahi zuen, baina Pakok joateko esan zion. Bakarrik gelditu zen eta ez dakigu gehiago. Handik egun batzuetara esan zidaten lurperatuta zegoela, baina nik esan nuen lekua ikusi nahi nuela. Ez dakit zenbat egunetara joan ginen, eta ez zegoen lurperatuta; gezurra esan zidaten. Hor zeuden bere arropak eta hezurrak. Lurperatu egin genituen, eta ‘Eusko Gudariak’ eta ‘Internazionala’ kantatu genizkion. Besterik ezin genuen egin. Ez zen samurra izanen gero Euskal Herrira itzultzea. Pakoren gurasoekin hitz egitera etorri behar nuela esan zidaten. Niretzat kristorena zen bere gurasoei esatea, oso gogorra izan zen. Euskal Herria aldatuta sumatu zenuela kontatzen duzu. Sei urtean pila bat aldatu zen dena. Gauza pila bat ez nituen ulertzen. Mentalitatea aldatu zen; lehen pisuetan alokatuta bizi ginen lau, bost, sei lagun, eta orain denak etxeak erosten, opor planak egiten, kotxeak aldatzen… hegazkina hartu nahi nuen berriz. Zu ere aldatuko zinen sei urte horietan. Pila bat. Ni lurrean lo egitetik nentorren, janari faltatik, motxila txiki batekin bizitzetik. Eta hona etorri eta dena zen oparotasuna. Jana sobratu eta txakurrentzat. Txoke izugarria izan zen. Ni asko aldatu nintzen, eta hau ere aldatu zen, baina kontrako norabidean aldatu ginen. Sei hilabete egin nituen hemen, eta gero bueltatu egin nintzen. Nola bukatu zen gerra? Armada gero eta gogorrago eta indartsuago zegoen. Baina gerrilla ere bai. Enpate tekniko bat zirudien. Orduan, 89an, gerrillak “Última ofensiva hasta el tope” prestatu zuen. Hiriburura joan ziren, Presidentearen Etxea ia inguratuta eduki zuten, baina ez zuten lortu abiazioa neutralizatzea, eta horrek zapuztu zuen ofentsiba. Baina amerikarrak, beldurtu, eta esan zuten «negoziatzera». Orduan serio hasi ziren, eta 92ko urtarrilean sinatu zituzten bake-akordioak. El Salvadorrekin lotura ez zen han amaitu. Ni 1988an kanpora atera ninduten lan bat egitera, eta hau dena gertatu zenean ni kanpoan nengoen. Pena eman zidan, baina kanpoan ere egin behar zen lana. 93an bueltatu nintzen, lana leku guztietan zegoelako. Apurtuta zeuden bideak, etxeak… dena. Osasungintza kontuetan ibili nintzen. Joan-etorrian ibili zara gero. Ama zahartuta zegoen; ordura arte nire ahizpek zaindu zuten, eta niri tokatzen zitzaidan. Gero Udalbiltzako kontuarekin ere egon nintzen [Azpeitian zinegotzi izan zen, eta ‘Udalbiltza auzian’ auzipetua izan zen]. Epaiketan libre atera ginenean, Fronteak irabaziak zituen lehenengo hauteskundeak, eta proposatu zidaten Bilboko GKE batekin joatea, osasun mental arloan lan egitera. Hamarkada batean, Frontearen garaipenetik Bukeleren egungo sasierresumara. Nola gertatu da? Tristura ematen du, tristura handia. Bukele Fronte barruan egon zen. Tipo gaztea zen, medioak eta sareak oso ondo ibiltzen zituena, baina berak nahi zuena egiten zuen. Fronteak bota egin zuen eta orduan berak esan zuen, ‘A bai? Ba orain ni’. Zailagoa da internazionalismoa gaur egun? Niretzat internazionalismoa herrien arteko elkarlana da, beste herriekiko maitasuna. Jakitea ez zarela bestea baino gehiago. Gu hara joan ginen, lehenik haiengandik ikastera, eta gero, ahal zenean laguntzera. El Salvadorren 150 internazionalista baino gehiago hil zituzten. Gauzak aldatu egin dira, ideologiak aldatu dira, gaur indibidualistagoak gara, baina badago mugitzen den jendea ere. Zorionez. HERIOTZA «Esan zidaten: ‘Pako zaurituta dagoela uste dugu’. Ez nuen sinetsi, armen informazioa zeukalako eta esaten zuelako ez zutela bizirik harrapatuko». PAKITO ARRIARAN «Sei urtean asko aldatu zen dena. Nik han lurrean lo egiten nuen, eta hemen dena zen oparotasuna. Ni asko aldatu nintzen, eta hau ere aldatu zen, baina kontrako norabidean aldatu ginen».