«Bada kontzientzia EEPren aurrekontua emendatzeko»
Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) lehendakariak, Maider Behoteguyk, egituraren hitzarmen eratzailearen luzapenari buruzko azalpenak eman ditu, «Kazeta»-k egin dion elkarrizketan. Aldi berean, euskararen aldeko elkarteek haserrea agertzen jarraitzen dute Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.
Badira hilabete batzuk Euskararen Erakunde Publikoa osatzen duten lau partaideak beren aurrekontua lantzen ari direla, bakoitzaren ekarpen nagusiaren balizko emendatzea adostu gabe. Urriaren 17ko biltzar nagusian, sei urtean behin bezala, interes publikoko elkarte (GIP) honen sorreraren oinarrian den hitzarmena berritu behar zuten.
Alta, bestelako erabaki bat hartu zuten partaideek: oraingo hitzarmena urtebetez luzatu dute, eta horrek Euskal Konfederazioan bilduriko elkarteen kezka areagotu du. Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari eta departamentuko kontseilari Maider Behoteguyk egoera azaldu du “Kazeta”-ri eskainitako elkarrizketan.
EEP EGOERA LARRIAN DA? ARRISKUAN AL DA?
Ez nuke horrela erranen. Larrialdi egoera batean gara, euskararen biziraupena bermatzeko gure aitzinean sortzen ari diren erronkei begira. Ministerioen arteko txostena eman ondoan, sei urtean behin, interes publikoko elkartea eratzeko EEPren hitzarmena berriz izenpetu ohi dugu, eta hitzarmenaren izenpetze berriaren ondotik, proiektu estrategikoaren lanketa heldu da. Hori egin ohi da eta hori egin nahi nuen [oraingo honetan], baina Euskal Hirigune Elkargoak, bere hautetsien bidez, nire irudikoz, lau partaideen engaiamendua erakusten zuen hitzarmen eratzailea ez izenpetzeko nahia agertu du.
Nahiago izan du hitzarmen zaharrari urtebeteko luzapena gehitzea, azken biltzar nagusian aurkeztu nuen prospektibaren aitzinean, proiektu estrategiko hori lantzeko denbora ukaiteko. Hori ez da hartu behar Euskararen Erakunde Publikoaren existentziarekiko mesfidantza edo mehatxu seinale gisa.
PIRINIO ATLANTIKOETAKO PREFETAK AZALDU DUENEZ, «AURREKONTU EMENDAKETEN JUSTIFIKAZIOAK» ESPERO DITU.
Estatuaren aldetik erraten ahal dudana da, suprefetaren bozetik, Prefekturak lortu zuela ministerioen arteko bilkura bat, partaide bakoitzak egin beharreko ekarpena lantzeko. Ezin izan da gauzatu, frantziar Legebiltzarraren disoluzioa dela eta. Urriaren 23an, suprefeta eta prefeta, parlamentarien laguntzarekin, berriz saiatzekoak ziren ministerioen arteko bilkura hori lotzen, Estatuari erantzun bat emateko gai izateko. Erantzun horren beha gara oraino.
Beharren deklinazio bat bada, EEPko misio arduradunen eskutik. Badakigu zer aurrekontu beharko litzatekeen lan ildo guzietan indar handiagoz jokatzeko, bai EEPn, bai langileen lekuan, bai eta EEPren ekintza sendoetan ere. Lan horretatik sortu zen lau aldiz 600.000 euroen beharra [EEPko lau partaideek igurikatzen duten igoerari dagokiona]. Gero, prospektiba joan den ekainean aurkeztu zen; anbizio handiko pistak ematen ditu, baina errealistak direla uste dut. Baina lana egin behar da horren deklinatzeko eta bideratuko zaizkion baliabideak adosteko.
EEPK EMANDAKO DOKUMENTUEZ HARATAGO, HIRU MINISTERIOEK KONTU-IKUSKATZE BAT EGIN DUTE. ZER BESTE «JUSTIFIKAZIO» BEHAR DU PREFETAK?
Ez dakit termino horrekin zer erran nahi duen. Nire aldetik, mezu bat igorriko diot, parlamentariekin, Hezkuntza Nazionaleko ministroari. Paraleloki, parlamentari bakoitzak ministro bakoitzarekin lan eginen du, prefetarekin eta suprefetarekin batera, topaketa horiek motibatzeko. Bestalde, prospektiba dokumentuak baditugu eta transmititu ahal izanen ditugu.
DEPARTAMENDUA PREST AL DA EEPRI EGITEN DION EKARPENA EMENDATZEKO?
Departamenduak ez du zalantzan ezarri parte-hartzaile guzien arteko parekatzea. Departamenduak 45 milioi euro atzeman behar zituen, orain 68 milioi dira... Hala, handik eta hemendik finantzaketak kentzera garamatzate. Biziki mingarria da lehendakariarentzat hori eramatea, lurralde elkartasun fondoak baliotsuak direlarik, kirola edota kultura bezainbat. Anitzetan eztabaidatzen dugu, eta bistan da, egiazko kontzientzia bada EEPren aurrekontua emendatzeko beharraz. Nola? Erantzuna korapilatsua da. Atzematen badugu, beste ildo batzuen kalterako izanen da. Baina itxaropena badut oraino.
GOGOETA HORREN GELDOTASUNAK ONDORIO ZEHATZIK BA OTE DU EEPREN EKINTZETAN?
Ahal bezainbeste egin dugu diru zama ttipiak atera ahal izateko, EEP egoera txarrean utzi gabe. Kolektibitate orotan bezala, finantzatuko diren proiektuendako fondoak engaiatzen dira, anitzetan, urte anitzi begira, eta funts horietako batzuetatik atera ahal izan dugu diru pixka bat manera seguruan, azterketak egin ondoan. Poctefa finantzamenduendako proiektuak aurkezteko behar diren hornidurez gain, diru kopuruak alde batera utzi ahal izan ditugu salbuespenezko dirulaguntzak emateko, Euskal Irratiei 50.000 euro, eta Uda Lekuri beste 50.000 euro. Badakit aitzinamendu ttipiak direla, baina EEPk bezain hauskortasun handia duten eragileentzat lagungarriak izaten ahal direnak; nik hala espero dut.