25 OCT. 2024 EL LLANTO Emakumeen sufrimenduak elkarri lotuta GAIZKA IZAGIRRE HERNANI Zinemaldiko Sail Ofizialean zaila izaten da generoko filmak topatzea, baina Pedro Martin-Calero-ren beldurrezko proposamena (Isabel Peñarekin batera idatzi duena), “El llanto”, bertan estreinatu zen. Andrea, Marie eta Camilaren istorioa azaltzen du; hauen kontakizunak solte aurkeztuko dira, baina argumentuek loturak dituzte. Gizon misteriotsu bat segika dutelakoan, beldurtuta, eromenak hartuko ditu; inork ez die sinetsiko. Atalka, presentzia beldurgarri berak zelatatzen dituen garai desberdinetako hiru emakumeon istorioa erretratatzen du. Fenomeno hori hari moduko bat izango da, beren beldurrak, traumak eta eguneroko bizitzan jasaten duten zapalkuntza agerian uzten dituena. Filmak bi denbora-lerro nagusi ditu, Andrearen oraina eta Marieren iragana, eta horrek aukera ematen du pertsonaia bakoitzaren esperientzien azterketa sakona egiteko. Narratiba dual horren bidez, indarkeriak eta sufrimenduak denboran zehar irauten dutela nabarmentzen da. Emakumeen sufrimenduak elkarri lotuta daudela azpimarratzen da, eta nola izuak errealitate sakon eta mingarriak komunikatzeko bide gisa balio dezakeen.