GARA Euskal Herriko egunkaria

Entzute prozesua Urdaibain, baina erabakimenik gabe

EH Bilduk gogor kritikatu du herritarren erabakitzeko eskubidea ez aipatzea atzo Gasteizko Legebiltzarrean EAJk eta PSEk Guggenheim Urdaibairen inguruan babestutako «entzute prozesuan».

Larunbatean Gernikan egindako manifestazioa. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Larunbatean Gernikan izandako mobilizazio jendetsuaren ostean, atzo Guggenheim Urdaibai proiektua hizpide izan zuten berriro Gasteizko Legebiltzarrean. Urriaren 11n, Ibone Bengoetxea Lakuako Kultura sailburuak baieztatu zuen «elkarrizketa eta kontraste» prozesu bat abiatuko zuela «berehala», noiz zehaztu gabe.

Bi aste geroago, atzo, EH Bilduk horri buruzko mozioa jorratu zuen Legebiltzarrean, Lakuako Gobernuari eskatuz ezagutaraz ditzala Busturialdean eraiki nahi den Guggenheim museoaren inguruko asmoak. Era berean, herritar, eragile eta instituzio ezberdinekin batera prozesu bat abiarazteko eskatu zuen, «herritarren hitza eta erabakimena bermatuz».

Alabaina, proposamena atzera bota zuten EAJ, PSE eta PPk. Gobernua osatzen duten alderdiak Parlamentuan duten gehiengoa baliatu zuten beste testu bat onartzeko. «Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio, inplikatutako gainerako erakundeekin batera, irizpide demokratikoetan oinarrituta, entzuteko, parte hartzeko eta eztabaidatzeko prozesu bat gara dezala, elkarrizketa lasaia eta plurala erraztuko duena, beharrezkoa baita Busturialdea-Urdaibai eskualdea bultzatzeko jarduketa plana egin eta abian jartzeko. Lehentasunezko jarduera eremutzat jotzen da Urdaibai, eta, horren testuinguruan, Guggenheim museoaren proiektuaren bideragarritasunari heldu behar zaio», dio EAJk eta PSEk onartutako testuak.

EH Bilduk gogor kritikatu zuen zuzenketa horretan herritarren erabakitze eskubidea ez aipatzea. Izan ere, Guggenheim Urdaibai egiteko erabakia aldez aurretik hartuta egotearen arriskuaz ohartarazi du Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak: «Prozesuak bide bat egin behar du eta ezin du amaiera aldez aurretik idatzia izan; hau ez dugu egingo Guggenheim bat legitimatzeko».

«Busturialdeko herritarrek beren hitza errespeta dadila eskatu dute eta hemen mahai gainean jarri dugun proposamena hori bideratzeko saiakera da, herritarren hitzaz gain, erabakimena ere errespetatuko duen mekanismo bat ezarri behar baita», aldarrikatu zuen larunbateko manifestazioa gogoratuz.

Halaber, gardentasuna eskatu zuen Etxebarrietak, «Jaurlaritzak eta inplikatutako gainerako instituzioek informazioa eman dezatela, herritarrei irekitako foroetan, non haien galderak erantzuteko aukera egongo den».

Irune Zuloaga EAJko parlamentariak defendatu zuen Guggenheim Urdaibai «ideia ona» dela. «Ahalmen asko dituen trakzio elementu bat da», nabarmendu zuen. Era berean, Kultura sailburuak urriaren 11ko kontrolerako osoko bilkuran aurreratu zuen bezala, entzuteko, hitz egiteko eta kontrastatzeko fase bat irekiko dela baieztatu zuen berriro jeltzaleen ordezkariak; «erabakimena» aipatu gabe, ordea.