Zuriñe IGLESIAS
Entrevista
GARAZI eizagirre
Getxo errugbi taldeko jokalaria

«Igo berriak izanda, ez dugu batere erraz edukiko, baina ondo gaude»

Sei urteren ondoren, Getxo errugbi taldea maila gorenera itzuli da. Garazi Eizagirre taldeko jokalariak adierazi du «gogotsu» daudela ligari ekiteko eta ikusteko zer maila duen taldeak, gainerako aurkariekin alderatuta. Igande honetan jokatuko dute lehen partida Faduran (12.00etan).

(GETXO RUGBY)

 

Hasteko gogoz, ezta?

Azkenean iritsi da hainbeste itxaron dugun liga. Beraz, bai, pozik gaude.

Cocos taldearen aurka neurtuko dituzue indarrak. Goiko aldean egon beharko lukeen taldea izanda, neurketa zaila izango da?

Bai, Andaluziako taldea beti geratzen da sailkapenean goiko partean; orduan guretzat partida gogorra izango da.

Maider Aresti taldekide ohia ere aurkari izango duzue.

Bai, justu lehen partida eta Maiderren [Aresti] aurka tokatu zaigu. Partida polita izango da, eta badut gogoa bera ikusteko. Asko hitz egiten dugu.

Nola ikusten duzu taldea partidari begira?

Lehen partida izango da, eta gure taldea aurten nahiko berria da. Entrenatzailea aldatu dugu, taldekide berriak iritsi dira eta beste batzuk joan egin dira; adibidez, Maider. Lehen neurketak balioko dugu ikusteko pixka bat nola dagoen gure maila lehen maila honetan.

Nolakoa izan da denboraldiaurrea?

Aldaketa asko egon dira, entrenatzaile zein taldekide aldetik. Baina ondo gaude, denboraldiaurrea ondo joan da. Izan ditugun partidak aurrera atera ditugu, eta entrenatzaileekin oso giro ona dago, baita taldekideen artean ere. Etorri direnak oso ondo batu dira.

Gorengo mailan lehiatzeko prest ikusten duzu taldea?

Azken finean, espainiar Estatuko zortzi talde onenekin gaude. Ez da batere erraza izango. Berriak gara liga honetan, eta ahalik ondoen egingo dugu. Joan den denboraldia bezalakoa ez da izango, badakigu ez dela erraza izango, baina gogotsu gaude, eta taldea gogo handiz ikusten dut datorrenerako. Gogo handia genuen hona igotzeko; beraz, ahal dugun guztia egingo dugu.

Talde igo berria izanik, helburua mailari eustea izango da, eta ahal den neurrian disfrutatzea.

Bai, hori da. Mailari eustea izango da helburua, eta ahal dugun sailkapen onena egitea, baita ondo pasatzea ere.

Dena den, pentsatzen dut entrenatzailearen mezua ez dela hori izango.

Ez [barrez]. Entrenatzaileek ere badakite zein den gure egoera, baina esaten digute kapazak garela, dena eman behar dugula, ezustekoa eman behar dugula, eta irabazteko gure aukerak baditugula.

Zein aurkari egongo zarete beheko borroka horretan?

Aurten liga asko aldatu da. Bi talde jaitsi dira, eta bi igo gara beheko mailatik. Nahiko aldaketa egon da. Hala ere, oxala lehen lau sailkatuen artean egotea, baina behean geratzekotan, agian hor egongo ginateke gu, Cisneros, eta agian Bartzelona ere bai, hainbat arazo izan dituelako. Eta Crat akaso ere bai; esan digute ez dabilela oso fin.

Prestaketa fisikoari dagokionez, aldatu da kontua?

Bai, argi dago lehen mailan gauzak askoz gogorrago jartzen direla, eta oso garrantzitsua dela fisikoa, bai gimnasioa, bai korrika egitea. Orain prestatzaile fisikoarekin serioago gabiltza gimnasioan.

Estu-estu ibili zarete multzoa osatzeko. Kosta egiten da jendea erakartzea?

Aurten egia da hasieran arazoak izan ditugula jendea erakartzeko, eta egin dira ate irekiak eta horrelako kontuak. Hasieran zaila da jendea lortzea, probatzera etortzen direnen artean askok beste kirolen bat dute edo ez dute konpromiso maila hori. Hala ere, Getxon badugu Loratzen taldea, bigarren taldea izango litzatekeena, eta haiekin elkartuta, badugu jendea.

Hirugarren denboraldia duzu Getxon. Gustura zaude?

Bai, hirugarren denboraldia da. Taldekideekin oso ondo nago, gure sistema eta jokatzeko modua askoz ere barneratuagoa dut, eta entrenatzaile aldaketekin-eta gustura nago, pozik, gauza berriak probatzen. Gogotsu nago denboraldi honetarako.

Helbururik jartzen diozu zeure buruari?

Ahalik partida onenak jokatu nahi nituzke, eta postuz aldatzen banaute, gogotsu ekitea eta ahalik ondoen egitea dena.