26 OCT. 2024 Entrevista MADDI KINTANa Hizkuntzalaria «Lagunarteko hizkera bat nahi badugu, erreferentziak behar dira» Euskararen etorkizuna bermatzeko gazteen mintzaira ikertu beharraz arduraturik, Maddi Kintanak Baionako, Angeluko eta Biarrizko gazteak behatu ditu, elkarren arteko hizketan. Lanak utzitako irakaspenak azaldu ditu Kazeta atariarekin solasean. (Patxi BELTZAIZ) Andrea IBARRA BAIONA Maddi Kintanak (Zurich, 1999) itzulpengintza ikasketak egin zituen. Baionan bizi dela badira bi urte. Denbora horretan Euskal Ikasketak masterra egin du Baionako Bordele Montaigne Unibertsitatean (UBM), AEKn irakasle lanetan aritu bitartean. “Gazteen hizkera BAM eta inguruan” (2024) master amaierako lana (MAL) bururatu berri du eta tesi baten bidez hedatu nahi luke Hendaiaraino, Lapurdiko kosta osoa ikertzeko. Zein materialekin osatu duzu zure ikerketa corpusa? Guk sortu dugu gure corpusa eta, horretarako, BAM eremuko gazteen Whatsappeko audioak eskatu genituen. Ez ziren espresuki grabatuak, baizik eta bazeudenak, ekoizpen puruak esaten dena, inolako interferentziarik gabe. Gero eztabaida saioak egin genituen, TikTok-eko bideoak erakutsi eta haien iritzia emateko, [haien euskaran] aurkitu genituen fenomenoak benetan gertatzen ziren ikusteko. Gazteak eta lagunarteko hizkuntza hautatu dituzu. Zer bilatzen zenuen? Jakin nahi nuena zen: nola hitz egiten du BAMeko gazte batek euskaraz lagunekin? Nola hitz egiten dute gazteek erregistro arduragabean, erregistro altu bat eskatzen ez denean? Horrek ez du esan nahi gazteak ez direnik gai erregistro altura aldatzeko, inondik ere. Gainera, askok kode aldaketa horren kontzientzia dute. Kode aldaketaren barnean nabaritzen da, ahozkoan, frantsesez ahoskatzen direla gauzak edo frantsesezko hitzak sartzen ari direla. Fonetika aldatzen da hori egiterakoan. Hiru kategoria jarri genituen: bata da euskararen barnean gertatzen diren eraginak, batutik edo gipuzkeratik, adibidez. Beste bat da code swiching edo kode aldaketa, frantsesa eta euskara, ingelesa eta euskara, gaztelania eta euskara nola uztartzen diren. Azkenekoa kalkoak dira, batetik fonetikoak, frantsesetik hartutako soinuak euskaraz agertzea, euskarazko hitzetan, eta, bestetik, frantsesez erabiltzen diren esapideak euskarara itzultzea. Adibidez, /r/-an izan da aldaketa. Euskarazko [r] dardarkari hobikaria da, frantsesezkoa ubularra [ʀ], eta ubularrak ordezkatu du orain osoki. Jendeak uste du dardarkari ubular hori hemengo euskalkiaren seinale bat dela, baina mito bat da. Hedatu den ezaugarri bat da. Ez da euskararen barnetik datorren zerbait, soinu hori ez zegoelako euskaraz. Erdarek euskaran duten eragin horrek euskaldunen arteko ulermena zaildu dezake? Lehenago ez zegoen muga linguistikorik. Bazegoen muga politikoa, baina oso antzera hitz egiten zuten Hendaiako, Irungo, Berako eta Senpereko jendeek. Gaur egun, zuzenean nabaritzen duzu nor den nongoa. Nabaritu dugu nola urruntzen ari diren Hegoaldeko gazteen hizkera eta Iparraldekoena. Euskara batuak pila bat batu du, eta errazago da elkar ulertzea euskaldun guztien artean erregistro formalean. Baina erregistro arduragabean, bi gazte jartzen badituzu festibal batean, edanda, bakoitza bere hizkeran hitz egiten, frantsesezko eta gaztelaniazko hitzak sartuz, egongo dira konplikazioak elkar ulertzeko. Zuk zein ondorio atera duzu? Nire ustez, euskaran dugun erronka da ez dugula lagunarteko hizkerarik euskaratik sortua, gure erreferentzia gehienak, kultura popularrean orokorrean, erdaldunak direlako. Ia ez dugunez erreferentzia euskaldunik, ez dugu nondik hartu, eta hartzen dugu hegemonia duten erdaretatik. Haiek dira, gaztetan, guregan eragina dutenak. Euskarazko lagunarteko hizkera bat egon dadin nahi baldin badugu, erdaren mende ez dena, ulertzeko erdara behar ez duena, erreferentziak behar ditugu euskaraz. Code swiching kasu nagusietako bat estatuaren hizkuntza nagusi bat eta hizkuntza gutxitu bat daudenean gertatzen da. Nahiz eta euskal burbuila batean bizi, derrigortuak gaude erdaraz aritzera. Hizkuntzak aldatzea normala da, inguruko eragina normala da, horregatik garbizalekeria ez da ona. Kontua da garai hauetan, Internetekin are gehiago, zenbat azkartu den eragin horren hartzea. Zein da gazteen hizkera ikertzearen garrantzia? Garrantzitsua da jakitea gazte euskaldunak nola mintzatzen diren. Horrek emango dizkigu gakoak etorkizunerako, izan aurreikusteko euskarak izanen duen norabidea, izan planak egiteko hizkuntzari buruz. Eta ikuspegi gizatiar eta antropologikotik ere garrantzitsua da, etorkizunean jakin dadin nola hitz egiten den orain. Ongi litzateke hori gazteen esku jartzea ere. Ez zaigu hainbeste gustatzen helduek esatea zer egin behar den, sentitzen dugu paternalismo edo aitakeria modu bat bezala. ELKAR ULERTZEA«Bi gazte jartzen badituzu festibal batean, edanda, bakoitza bere hizkeran hitz egiten, frantsesezko eta gaztelaniazko hitzak sartuz, egongo dira konplikazioak elkar ulertzeko»