Publikoak izandako mila etxebizitzaren lurzorua salduko die egungo jabeei Lakuak
Denis Itxaso Lakuako Etxebizitza sailburuak etxebizitzaren arazoari aurre egiteko neurri berriak aurkeztu zituen atzo Legebiltzarrean. Besteak beste, alokairuko etxebizitza babestu gehiago eraikiko dira eta publikoak izan ziren mila etxebizitzaren lurzorua saldu egingo die horien gaur egungo jabeei.
EH Bilduk eta Sumarrek etxebizitzaren egoerari buruz egindako galderen ostean, Denis Itxaso sailburuak neurri berriak iragarri zituen atzo Legebiltzarreko kontrol saioan. Adierazi zuenez, Lakuak dagoeneko onartu du Visesa sustatzaile publikoaren urteko lan karga handitzea. Horrela, hasiera batean 2025. urtean alokairuko 500 etxebizitza babestu eraikitzen hastekoak ziren, eta orain kopuru hori 750era igoko da. Akordioak Visesak Sailarekin adostutako urteko programa-kontratua luzatzea dakar, eta 20,2 milioi eurotik 35,16 milioi eurora pasatzea 2025ean.
Iragarritako beste neurrietako bat bere garaian publikoak izan ziren mila etxebizitzaren lurzorua jabeei saltzea da. Itxasok gogorarazi zuen 9.035 etxebizitza publiko «deskalifikatu» egin zituztela bere garaian, eta orain merkatu librean daudela. Azaldu zuenez, horietako 1.000 etxebizitzarekin egingo da lurzoruen salmenten mugimendu hau. Horrela, Lakuak 20 milioi euro irabaziko ditu, eta horiek oso-osorik inbertituko dira alokairuko etxebizitza babestu berriak finantzatzeko.
Horretaz gain, Etxebizitza sailburuak iragarri zuen Lakuakk «gorantz eguneratuko» duela Alokabide sozietate publikoak jabeei haien etxebizitza eskuratu eta alokairu babestura bideratzearen truke ordaintzen dien kanona. Helburua pisu horien jabeek jasotzen duten zenbatekoa «merkatuko prezioetara hurbiltzea» da, eta horrela, Bizigune programa erakargarriagoa izango dela ziurtatu zuen Itxasok. Zehazki, hilean 675 eurotik 700 eurora igoko da.
Bestalde, prestazioa jasotzeko eskubidea duten 36 urtetik beherako lagunen hileroko diru-sarreren gehieneko atalasea 30.000 eurora handituko da. Egun, 7.000 gaztek baino gehiagok jasotzen dute “Gaztelagun” prestazioa, hilean 300 euroko laguntza merkatu librean alokairua ordaintzeko.
Bilboko eta Donostiako metropoli eremuetan eta 10.000 biztanletik gorako udalerrietan, gazteek hilean gehienez ere 750 euroko alokairu errenta ordain dezakete laguntza horrekin; gainerako udalerrietan, berriz, 675 eurokoa.