Makroproiektuak gelditzeko eskariak milaka lagun bildu ditu Gasteizen
Araban egitekoak diren makroproiektuak geldi daitezela exijitzeko, milaka lagunek manifestazioa egin zuten atzo Gasteizko kaleetan. Herrialdean pilatu diren egitasmoek landa-ingurunean eta lehen sektorean duten inpaktu handia salatu dute: «Landa-bizitzaren aldeko apustua egin duten pertsonak lurraldetik aterarazten ari dira».
UAGA nekazaritza sindikatuak, Araba Bizirik-ek eta beste zenbait herri plataformak deituta, milaka lagun mobilizatu ziren atzo Gasteizko kaleetan, Araban aurreikusitako makroproiektu guztiak bertan behera utz ditzatela exijitzeko. “Makroproiekturik ez! Lurra defenda dezagun” zioen pankartak zabaldu zuen protesta. Ez dira berriztagarriekin lotutako egitasmoak soilik, herrialdean pilatzen ari diren proiektuek marrazten duten lurraldearen okupazioak kezka areagotu du, batez ere landa- eremuan eta lehen sektorean inpaktu neurrigabea eraginez.
«Araba ez dago salgai» ohartarazi zuten deitzaileek, trantsizio energetikoaren aitzakiarekin enpresa handien etekin ekonomikoak lehenesten ari direla salatuz. «Plaka gutxiago, patata gehiago», «Solaria kanpora, utzi bakean» edota «Pradales entzun, natura dugu lagun» oihuak entzun ziren, lehen sektorearen eta herri txikietako bizilagunen parte hartze nabarmena izan zuen protestan.
LURRETATIK KANPORATU
Arabarako aurreikusitako proiektu kopuruaren neurriaz jabetzeko, aipatu zuten berriztagarrien egitasmoez gain kontuan hartu behar direla «aurretik jada abian zeuden beste proiektu batzuk, hala nola «abiadura handiko trena (AHT), tomatera, dikeak...».
Oso kezkagarritzat jo zuten biodibertsitatean, laborantza lurretan, basoetan eta larreetan baimentzen ari den inpaktu zuzena, «landa bizitzaren aldeko apustua egin duten pertsonak» euren etxeetatik eta lurretatik kanporatuz eta garapen iraunkorreko proiektuak suntsituz.
Trantsizio energetikoaren izenean, eta «lurralde-industrializazioa» eta «etorkizunerako aurrerapenak» bezalako esamolde «artetsuen» atzean, «korporazio handiek gure lurraldearen kontura negozioa» egiteko bidea aurkitu dutela salatu zuten.
«Ez, ez, ez, horrela ez» aldarrikatzen aritu ziren ibilbide osoan zehar, hain zuzen ere energia trantsizioa gauzatzen ari den moduari erreparatuz. Hori dela eta, hainbat eskaera zuzendu zizkieten erakundeei, makroproiektu guztiak geldiaraztetik hasita.
AMAI DADILA HARRAPAKETA
Foruen Plaza bete zuen jendetzaren aurrean mezu bat irakurrita amaitu zuten manifes- tazioa. «Enpresa handiek sustatzen duten lurraldearen harrapaketa» gelditzea; hori exijitzen diote erakundeei, baita «ezinbestekoa den lurraldearen plangintza eta antolamendua egitea ere. «Ez guk eta ezta etorkizuneko belaunaldiek ere ez dezagun gure lurraldea eguzki-plaka, errota eoliko eta hormigoi itsaso bihurtuta ikusi», azpimarratu zuten.
Lakuako Gobernuak eta Arabako Aldundiak duten erantzukizuna nabarmendu zuten: «Gure lurraldearekin espekulatzeari utz diezaiotela» eta «ezinbestekoa den lurraldearen plangintza» egin dezatela. Horrez gain, «ezkutatze praktikak bertan behera» uzteko eta «informazioa garbi» emateko exijitu zuten.
Salatu zutenez, «gizarteari beharrezko gisa ‘saldu’ nahi zaizkion espekulazio negozio horiek zuzenean beraien eragina pairatzen duten komunitateekiko inolako gardentasunik gabe, informaziorik eta errespeturik gabe planteatzen ari dira. Trantsizio energetikoa egiteko beste modu bat defendatu zuten: «Eredu iraunkorren aldeko apustua egiten dugu, berriztagarriekin ekoitziz autokontsumorako (zero kilometroa); ez hemen eredu makroetan ekoizten duten eta gero Europari salduko dioten enpresen negoziorako».
Plazaratutako ohar batean, deialdiak izandako erantzuna eskertu zuten manifestazioa antolatu zuten eragileek; euren esanetan, atzoko mobilizaziora 5.500 pertsona baino gehiago batu ziren. «Eskatzen dugu gaur Gasteizko kaleak zeharkatu dituen aldarri hori izan dadila agintariak azaltzen ditugun neurriak hartzera behartuko dituen indarra», adierazi zuten idatzian.