28 OCT. 2024 Kideen isiltasuna Surflari ernegatua Hurrengo urtean lehen mailako munduko zirkuitua (Championship Tour) osatuko duen txapelketen zerrenda argitaratu du WSL erakundeak. Pipelinen hasiko da urtarrilean eta bigarren geldialdia Arabiar Emirerri Batuetako hiriburuan izango da, Kelly Slaterren enpresak Abu Dhabi uhartean eraiki berri duen igerilekuan. Duela bi urte Slaterrek Kaliforniako desertuan duen igerilekuan egiten zen munduko txapelketa zerrendatik ezabatu zuten, besteak beste, ikusleen iritziz txapelketa aspergarria zelako. Hala ere, olatu artifizialak lehen mailara itzultzeko hautua egin du WSLko lehendakari berriak. Kontrako ahotsak entzun ahal izan dira, baina kritika ahulak izan dira. Aitzitik, oihartzun gehiago izan dute Tyler Wright lehiakidearen alde sare sozialetan zabaldu diren mezuek. «Nire emaztea heriotza zigorrera kondenatu dezakete Abu Dhabira joaten bada», idatzi zuen bi bider munduko txapelduna izandakoaren emazteak. Izan ere, homosexualitatea gogor zigortzen da Arabiar Emirerri Batuetan. Tylerren nebak, zenbait urtez lehen mailan lehiatu ziren Mickey eta Owen Wright, WSL erakundeak Abu Dhabi txapelketen zerrendan atxikitzearen kontra mintzatu ziren, «WSLk lehiakideen segurtasuna bermatu behar» duela nabarmenduz. Olatu handietan surflari aitzindaria den Keala Kennely hawaiiarrak ere gogor egin zuen WSL erakundearen kontra: «WSL bere atletetako baten bizia arriskuan jartzen ari da diruagatik». Tyler Wrightek ez du inoiz bere homosexualitatea ezkutatu, eta ahal izan duenean parte den komunitateak bizi dituen injustiziak salatu eta jarrera irekiagoen aldeko mezuak zabaltzen saiatu da, nahiz eta jakin bere ausardiak ondorioak ekar diezazkiokeela eta beste lehiakideek bizkarra eman diezaioketela. Gezurra dirudien arren, oraindik horrela gaude, eta horren adierazgarri da gainontzeko lehiakideen isiltasuna. Tylerren bizia arriskuan dela esatea gehiegikeria irudituko zaio bati baino gehiagori, inork ez du uste surflari profesionala bizi osorako giltzapetuko dutenik edo heriotza zigorrera kondenatuko dutenik, baina hori ez da arazoa. WSL erakundeak behin eta berriz erakutsi du erabakiak hartzeko orduan beti irizpide ekonomikoa gailentzen dela eta gainontzekoa bost axola zaiela. Finean enpresa bat da, neoliberala, kolonialista eta balore eskuindarrekin. Alegia, mendebaldeko baloreen ordezkaria da. Armak eman Israeli palestinarrak hiltzeko, baina gero arroz apur bat bidali oraindik hil ez dituzten haurren artean banatzeko, errusiarrei munduko txapelketetan lehiatzeko debekua ezarri, «Ukraina inbaditzeagatik», baina Israel Gaza edo Libanoko lurretan sartuz gero beste aldera begiratu. Hondartzak garbitzeko ekimenak antolatu, baina uretako motoen erabilera sustatu. Diskurtso ekologista, alde batetik, eta ahal den gehien kontsumitzeko bitartekoak ezarri, bestetik. Baina batez ere WSLk duen diru gosea bultzatzen duen balore gorena indibidualismoa da. «Familia handi bat» direla errepikatzen dute WSLko ordezkariek eta baita lehiakideek ere, baina kontrakoa erakusten dute haien ekintzekin, behin eta berriz. «Nire emaztea heriotza zigorrera kondenatu dezakete Abu Dhabira joaten bada», esan zuen munduko txapelduna izandakoaren emazteak