Eneko BARBERENA
Idazlea
JOPUNTUA

Paper errea

Mila bederatziehun eta hemezortziko ekainaren 1a da. Aste batzuk lehenago hernaniarrek lortu zuten baztangaz eritu eta sendatzeko Hernanira eraman behar zituzten gaixoak Lasarte partean geratzea, eta ospakizun bazkarian, Tilosetan, mahai gainera igo eta matxinadari buruzko 24 bertsoko sorta abestu zuen Joxepa Zubeldiak. Alabek zeharo lotsaturik ikusi zuten ama haien Kale Nagusiko etxeko leihotik. Hain lotsaturik ze, ama hil ostean, haren bertso idatziak gordetzen zituen kutxa erre zuten.

Ana Isabel Ugalde historiagileak lotsa hura eta beste kontu batzuk arakatu ditu “Euskal Herriko andre inprobisatzaileak XV-XIX. mendeetan” hitzaldi ederrean. Youtuben dago, KMKren kanalean. Emakume bertsolarien gainbehera azaltzeko zerrendatzen ditu industrializazioaren pisua, kaletartze prozesua, mundu tradizionalaren eta landa bizimoduaren gutxiespena, familia handiak desagertzea, euskararen galera, publikoa eta pribatua denaren arteko mugak aldatzea eta andre burges idealaren irudia sendotzea, zeina zen etxe zuloan sartuta egon beharra eta senarraren menpeko.

Horrez gain, eskola sistema nazional berriak garrantzia berebizikoa eduki zuen genero rolen finkapenean. Zentralismoa eta uniformizazioa sustatzeaz gain, curriculum ezberdinak egin ziren neska nahiz mutilentzat, besteak beste, eta moralitateak pisu handia hartu zuen.

Buru loturak zer diren. Hortaz ari nintzelarik, otu zait EBko banderaren dozena izarren zirkuluak batasuna eta harmonia ez, itxitasuna sinbolizatzen duela. Meloni, Von der Leyen eta beste hainbaten ahaleginari esker, gero eta estuago dauden izarrak dira gainera. Kanpokoari zirrikiturik uzten ez diotenak, barrukoa gatibu dutenak.

Komeni da adi egotea jakiteko nork egiten duen gaur egun mahai gainera igo eta bertsoa kantatzeko imintzioa. Ziur ez dela Joxeparik izango. Traje dotoreduna ziur. Mehatxu traza han eta hemen, eta giro horretan banderako izarrak are eta gertuago. Hautsa ere sor liteke, izarrak elkarren kontra pega-pega marruskatzean, eta horko bizigaiak debekatzen ditu kale afariak.