Spin-off berria jaio da nanoGUNEn, erditze ziurrago baterako
Azken urteetan hazten ikusi dugu nanoGUNE, bisitatu dugun aldiro. Bigarren dorrea -dorre kuantikoa- eraikitzekotan dira eta, gainera, zazpigarren enpresa abiatu dute, Optec4Life izenekoa. Erditze seguruago baterako patente bat dute, eta hori garatzea da erronka, konplikazioak daudenean erabakiak hartzen laguntzeko.
Optec4Life izena du CIC nanoGUNEK martxan jarri duen enpresa berriak. Bere helburua erditzean konplikazioak daudenean erabakitzen laguntzea da. Etengabeko monitorizazio ez-inbaditzailea egiteko gailu mediko berri bat garatzeko erronkari heldu diote, asfixia perinatala denbora errealean diagnostikatu ahal izateko. Ainara Garcia Gallastegi nanoGUNEko Teknologia Transferentziako zuzendariak eta Jaione Etxebarria spin-offeko garapen teknologikoaren arduradunak hartu gaituzte Donostiako zentroan. Bertan kokatuko da Optec4Life, eraikinaren goialdean.
Duela bi urte, nanoGUNEko teknologia transferentziaren inguruko erreportajea egin genuenean, zerbait aurreratu zigun Garciak, eta hurbilagoko errealitatea da jada, nanozientzian eta nanoteknologian egiten ari diren puntako ikerketak egunerokoan duen islaren adibide. Abiatu duten zazpigarren enpresa da, eta bizpahiru proiektu berri gehiago dituzte, datozen urteetan martxan jartzeko intentzioarekin. Denek dituzte patenteak, enpresak sortzeko. «Patenteak ugaritzen ari dira, eta esplotatzen ditugu. Transferentzia aldetik oso ondo goaz», baieztatu du zuzendariak.
Etxebarriak azaldu duenez, Optec4Life spin-offaren sorburua ospitaletik dator. Osakidetzako Donostialdea ESIko eta Biogipuzkoako ikertzaileek beren egunerokotasunean behar bat identifikatu zuten. Ikusten zuten, erditzeak konplikatzen zirenean, hau da hipoxia-iskemia gertakariak zeudenean, oxigenazio edo odol jario falta, teknologiaren gabezia zegoela konplikazioa garaiz detektatzeko.
Gaur egun kardiotokografia da erditzean fetuaren ongizatea ebaluatzeko metodorik hedatuena: horren bidez, fetuaren bihotz maiztasuna eta umetokiaren uzkurdurak neurtzen dira etengabe. Horrekin interpretatzen dute ea umeak sufrimendurik edo konplikaziorik izan ahal duen. Ospitale batzuetan, egoera horretan umeari mozketatxo bat egiten diote buruan, odola atera eta oxigeno kantitatea eta halako adierazleak neurtzen dituzte, jakiteko ea badagoen hipoxia edo inolako konplikazio metabolikorik edo fisiologikorik.
«Metodo hau inbaditzailea da eta ez ditu emaitzak momentuan ematen. Lagina hartzea ere ez da oso erraza, eta laborategira joan, aztertu eta emaitza edukitzerako ordu erdi edo 40 minutu pasatu ahal dira. Hortaz, hutsune hori betetzeko, mediku talde honek nanoGUNEra jo zuen». Irtenbide ezberdinak aztertu ondotik, Raman espektroskopia soluzio bat izan zitekeela ikusi zuten. Horrela ekin zion nanoingeniaritzako taldeak, Andreas Seifert Ikerbasque irakaslea buru zuela, gailu fotoniko bat garatzeari, aldaketa biokimikoak —hala nola pH edo laktato mailen aldaketak— fetuaren azalarekiko kontaktu hutsarekin detektatzeko helburuarekin.
Gailuak emandako informazioak, adimen artifizialak lagunduta, hipoxia-iskemia gertakariak denbora errealean identifikatzen lagunduko luke eta, ondorioz, erabakiak azkar hartzea erraztuko luke.
Doktorego tesi bat burutu zuten ideia horrekin, eta teknologia guztia garatu zen tesia horren arabera. «Bertan frogatu zen animalietan ere bideragarria zela, batez ere hipoxiak eta iskemiak sortzen duen anomalia hori, umeak izan ahal duen sufrimendu egoera hori animalietan mimetizatu zen, eta ikusi zuten proposatzen dugun teknologia gai dela gertakari horiek detektatzeko, bai une errealean, bai eta gertaera hori ordu erdi edo ordubete lehenago izan bada ere», zehaztu du enpresako garapen teknologikoaren arduradunak.
Ikerketa aurreklinikoetan lortutako emaitzak hagitz onak izan ziren. Hain onak, non patente bat erregistratu baitzuten EAEko osasun sistemarekin (BIOEF Berrikuntza eta Ikerketa Sanitarioko Euskal Fundazioaren bidez) baterako jabetzan teknologia babesteko.
«STANDARD OF CARE» BERRI BATERANTZ
Laser bidezko teknologia honek bagina barrenean zunda bat (ekografo baten antzekoa) fetuaren buruarekin kontaktuan jarri eta, argiaren bitartez, konposizio biokimikoa neurtzeko aukera emanen luke.
«Erditzeetako monitorizazio kontzeptua guztiz aldatzea suposatuko luke horrek, batez ere konplikazioren bat dagoenean, erditzea ondo badoa ez baita behar. Ziurgabetasun bat badago, teknologia hau erabili ahal dute, eta beste informazio gehigarri bat eduki, balorazio hobeago bat egin eta zesarea behar den ala ez erabakitzeko», adierazi du Etxebarriak. «Datu zehatzagoak lortuko dituzte, momentuan esan ahal izango dutenak anomalia egoera hori zesarea urgentziaz egitekoa den edo itxaron ahal daitekeen, ea egoera egonkortzen den. ‘Standard of care’ berri baterantz joatea ekarriko luke teknologia berri honek».
Laborategira egin dugun bisitan ikusi ditugun zunda eta gainerako elementu guztiak, argazkian agertzen direnak, komertzialak dira. Ebaluatzen ari dira beren zunda propioa fabrikatu edo ez. Baina horretaz aparte, honek guztiak ikusten ez den parte hagitz garrantzitsu bat duela nabarmendu du ingeniariak: «Machine learning edo atzetik dauden algoritmoak, datuak aztertu eta interpretazio bat emateko. Azkenean elementu fisiko edo hardware horren eta algoritmo edo software horren batura izango litzateke dispositibo edo ekipamendu medikoa».
Momentuz prototipo bat da, sari ugari eskuratu dituena, eta hori garatzea da enpresaren helburua. «Taldeko hiru pertsona ari gara lanean. NanoGUNEko Andreas Seifert enpresaren fundatzailea da, Ibon Jaunarena ginekologoarekin batera. Bien babesa daukagu une oro, baita nanoGUNEko azpiegitura osoa erabiltzeko aukera ere. Gehiago kontratatzeko beharra dugu, baina horretan gabiltza, gutxika-gutxika finantzaketa erakartzen eta taldea hazteko asmoarekin».
Beraientzat ez da erraten erraza ospitaleetan tresna berri hau eskuragarri noiz izan dezaketen. «Hiru bat urte eman ditzake garapenak, bai. Ikerketa klinikoa denez, askotan ez dago gure esku nola garatuko den guztia, eta atzerapenak ekar ditzake. Algoritmo bat daukagunez, nahiz eta gero merkatuan eta ospitaleetan sartu, erietxeetan hartzen diren datuekin algoritmoak hobetzen eta softwarea eguneratzen joan beharko dugu. Eguneratzeak gaur egun hain dira azkarrak, denak ondo funtzionatuko duela ziurtatu beharko baitugu».
Zunda bera baginan sartuko denez, esterilizazioa ere bermatu beharko da. «Ez dakigu erabilera bakarrekoa izango den. Teknologikoki badaukagu erronka bat: argi bidez denez, ipintzen dugun horrek bere seinalea edukiko du, eta hor gabiltza ikertzen ea nola izango litzatekeen babes zorro hori».
Gainerakoan, spin-off guztiek dituzten erronka berak dituztela dio: «Hastea eta baliabideak lortzea, lan asko dagoelako egiteko. Sekulako erronka da Europako zigilua lortzea ere, oso zorrotza baita».