GARA Euskal Herriko egunkaria

Mugetako kontrolak sei hilabetez luzatzeko asmoa baieztatu du Parisek

Heldu den azaroaren 1etik 2025eko apirilaren 30era arte, bertze sei herrialderekin partekatzen dituen muga pasabideetan kontrol iraunkorrak berriz ezartzeko erabakia adierazi die Estatu frantsesak Europako erakundeei. 2015. urteaz geroztik, arrazoi ezberdinak emanez, bere mugen gaineko kontrola hartzeko erabakia berretsi du.

Polizia kontroleko kabina, Behobiako zubian. (Patxi BELTZAIZ)

Estatu frantsesak, arrazoi ezberdinak emanez, bere mugen gaineko kontrola hartzeko erabakia berretsi du 2015az geroztik sei hilabetero. Berriki, Olinpiar Jokoek azaleraturiko segurtasun erronka aipatu zuen, Schengengo Tratatuaren kudeaketaz arduratzen den Bruselako bulegoari igorritako oharrean. Gibelera joz, Covid-19aren pandemia, islamiar terrorismoa edo migrazioaren «trafiko ilegala» jarri ditu mahai gainean, pertsona eta merkantzien zirkulazio askea aldarrikatzen duen Europako Batasunaren sortze irizpideari iskin egiteko.

Schengengo Hitzarmenak ahalbidetzen du estatuko kide batek bere barne mugetako kontrola berreskuratzea, baina hainbat irizpide finkatzen ditu horretarako. Hala, erronka orokorretatik harago, arrazoi zehatzak eman behar dituzte, kasu honetan, Parisko agintariek. 2015ean Nizan eta Parisen gertaturiko atentatuen ondotik, G7 taldeko buruzagiak Biarritzen bilera egin zutelako (2017), Estatu frantsesean jokatu zelako Munduko Errugbi Txapelketa (2023), aldiro arrazoiak adierazi dituzte, besteak beste, Euskal Herriko barne zirkulazioa bete-betean jotzen duen erabakia berresteko.

Oroitzekoa da, halaber, gure lurraldean eraginik handiena izan zuen erabakia, frantziar agintariek hala erabakita, Pirinioetako hamar bat igarobide luzez hesitu baitzituzten.

Suedia, Danimarka edo Norvegiako gobernuek harturiko erabakiarekin lerratuko da Estatu frantsesa. Oihartzun handiagoa hartu zuen Alemaniak, irailean muga guztietan kontrolak areagotuko dituela iragarri zuenean.

2023ko urriaren 7an Hamasek burutu zuen atentatuaren ondotik, Israelek Palestinan eraman duen erasoaldiari aipamen eginen diote mugetako kontrolak berrezarri dituzten herrialde gehienek, haien deliberoa argudiatzeko.

ZIURGABETASUN POLITIKOA

Legebiltzarra desegin eta hauteskundeetara deitu ondoren, ziurgabetasun politikoa areagotu da Estatu frantsesean. Giro horretan, Emmanuel Macron presidenteak izendaturiko lehen ministroak, Michel Barnierrek, bere Barne ministro den Bruno Ratailleauk defendaturiko egitasmoari bide emanez, 2025ean migrazioari buruzko legea zorroztuko duela hitzeman du. Mugetako kontrolak bere beharren arabera moldatzeko hautua arrazoitzeko, «goi mailako terrorismo jarduerek politika publikoari, ordena publikoari eta barne segurtasunari egiten dizkioten mehatxu larriak» gogoratu ditu Parisek.

Jarraian, «pertsona erradikalizatuak migrazio mugimenduetan infiltratzeko arriskua gero eta agerikoagoa dela» ohartarazi du, Mantxako Kanalean eta Ipar Itsasoaren mugetan izaten diren «zeharkaldi irregularrak» adibide gisa jarriz. Bere oharrean, ez zituen ibilbide horretan gertatu berri diren heriotzak aipatu. Alta, 54 bat migratzaile hil dira urte hasieratik hona, ipar kosta frantsesetik Ingalaterrara iristeko ahaleginean.