GARA
IRUÑEA

Josune Arriaga baldintzapeko askatasunean dago, 14 urteko espetxealdiaren ondoren

Arriaga ez urruntzeko kateatzea, espetxean, 2013an.
Arriaga ez urruntzeko kateatzea, espetxean, 2013an. (I. URIZ | FOKU)

Josune Arriaga Martinez euskal presoa baldintzapeko askatasunean geratu zen atzo, 14 urteko kartzelaldiaren ostean, Etxeratek aditzera eman zuenez. Ebazpena Espetxe Zaintzako epaileak eman zuen eta, horrenbestez, 2024ko abuztutik 3. graduan zen Arriagak ez du Iruñeko kartzelara itzuli beharko.

Iruindarra 2007ko azaroan atxilotu zuten Bidarrain, lanera zihoala. Hiru aste geroago kontrol judizialpean aske utzi zuten. Handik hiru urtera agintari frantsesek estraditatu egin zuten, Auzitegi Nazional espainolaren eskaera onartuta. ETAri laguntza ematearen akusaziopean epaitu eta zigortu zuten.

SAKABANAKETAREN BIKTIMA HAMALAU URTEZ

Hamalau urte hauetan sakabanaketa politikaren krudelkeria jasan du Arriagak, beste ehunka presok bezala. Salamancako Topasko espetxean zegoela, bere amaren osasun egoera kaskarra medio, Iruñeko kartzelara lekualdatu zuten. Hamar urte ziren ama ikusten ez zuela, eta baimen berezia eman zioten 2013an. Iruñetik ez aldentzeko eskaerak -Arartekoarengana ere jo zuten- eta protestak egin ziren arren, aurrena Zaballara eta handik Valladolidera urrundu zuten nafarra, gero Topasera itzultzeko.

Arriagari ez zioten bere ama bizirik zegoen bitartean agurtzen utzi, nahiz eta eskaera garaiz egina zuten. Hala ere, hileta elizkizunerako eraman zuten Iruñera, baina errausketan egoten ere ez zioten utzi, eta atzera Topasko kartzelara eraman zuten zuzenean. Senideekin baimendua zuen vis a vis-a izan baino lehen berriro espetxera eramana izan zen.