GARA
TXIRRINDULARITZA

Lourdes Oyarbide arabarrak 11 urteko ibilbide profesionalari agur esan dio

30 urte beteta, gaur arte Laboral Kutxako txirrindulariak «eboluzionatzen jarraitu» nahi duela iragarri du, eta baita erronka berriak bilatu ere.

Lourdes Oyarbide, ibilbide profesionaleko azken elastikoarekin.
Lourdes Oyarbide, ibilbide profesionaleko azken elastikoarekin. (Alex BERASATEGI | LABORAL KUTXA)

Lourdes Oyarbidek bere sare sozialetan zabaldutako mezu eta bideo motz baina original batez agur esan dio hamarkada bat baino gehiagoko ibilbide profesionalari. 30 urte beteta, gaur egun arte Laboral Kutxan aritu den txirrindulariak agur esan dio bizikletari.

«Naizena bizikletari esker da. Zazpi urterekin hasteak hori dakar: konstantzia, dedikazioa, sakrifizioa, errespetua, lankidetasuna eta taldekako lana lantzeko erremintarik onenaren bidez joaten zara garatzen», adierazi du kirolari arabarrak oharrean.

Hori bai, «inoiz ez dut bizikleta utziko», azpimarratu du. Izan ere, argi eta harro esan du emakumeen txirrindularitzaren garai garrantzitsu bat bizitzea tokatu zaiola, «lehen eskutik» ikusi baitu kirol honen profesionalizazioa. Alde horretatik, maila eta baldintza guztiak ezagutu dituela gogoratu du, eta horrek «gauzarik txikienak are gehiago baloratzen laguntzen dizu».

Gainera, «kultura ezberdinak eta hizkuntzaren bat» ikasteko aukera eman dio kirol honek, eta baita «entrenatzaile, zuzendari eta laguntzaile handiak» ere. Taldekide eta aurkarientzat hitz batzuk ere izan ditu: «Hainbeste urtetan benetako emakume borrokalari eta inspiratzailez inguratuta egoteagatik pribilegiatu bat naiz. Izan ere, gizonen mundu batean bizi gara (kirolaren barruan eta kanpoan) eta bidea egitea inoiz ez da erraza izaten».

Behin kirola utzita, ez da konformatzen, «mundu honetan eboluzionatzen jarraitu nahi dudalako». Kapitulu berri bat hasiko du orain arabarrak.