GARA Euskal Herriko egunkaria
SOMEBODY SOMEWHERE, 3. DENBORALDIA

Txikitasunaren handitasuna


Bizitzari aurre egiteko (ia) ilusio gehienak galdu dituen 40 urtetik gorako emakume baten begietatik (Sam), bakardadeari, etsipenari eta frustrazioari buruzko erretratu zoragarria marrazten du telesail honek, guztia pertsonaien irribarre distiratsu eta ahaltsuekin bustita. Hirugarren eta azken denboraldia estreinatu berri da.

Telesail honetako pertsonaiek bizitzak ez dituela merezi duten moduan tratatu sentitzen dute; telesaila maisuki mugitzen da komedia eta dramaren artean, ikusleari etengabe irribarrea zein malkoak eraginez.

Maite duzun pertsona bat galdu ostean bizitza berreraikitzea ez da batere erraza. Are gutxiago, atzean utzi nahi izan duzun toki berean egitea, iraganeko oroitzapen mingotsek bonbardatzen zaituzten bitartean.

Istorioaren erdigunean Sam dago (Bridget Everett), ahizpa hil ondoren hilabeteak galduta daramatzan emakumea; bizi den herrixkan etorkizunik ez duela sentitzen du, ez dago eroso eta galeragatiko dolua gaindiezina iruditzen zaio. Lanean Joel eta bere lagun taldea ezagutzen dituenean, ordea, ikuspegi ezkor hori aldatzen hasiko da. Bridget Everett-en antzezpen lana zoragarria da, hunkigarria eta dibertigarria aldi berean. Telesailak, gainera, honako gaiak ere mahaigaineratzen ditu: homofobia, alkoholismoa, depresioa, gutxiengoentzako gune seguruak sortzearen garrantzia, Estatu Batuetan hiri handietatik deskonektatuta bizitzearen ondorioak, erlijioak gizartean duen eragina, iragana onartu eta bizirik irauteko beharra eta espero ez diren adiskidetasun-harremanak sortzearen garrantzia, besteren artean.

Foku mediatiko eta marketin kanpaina guztietatik at geratu den ekoizpen txiki hau harribitxia iruditzen zait. Txikitasunaren handitasuna aldarrikatzen duen lana da.