01 NOV. 2024 SALVE MARÍA Galdera deserosoak jaurtitzen dituen film aparta Gaizka IZAGIRRE HERNANI Filmaren hasierako oharrak honakoa dio: «Katixa Agirreren “Amek ez dute” liburuaren egokitzapen librea da»; Mar Coll zuzendari katalana arduratu da egokitzapenaz. Maria da pelikulako protagonista. 34 urteko idazlea erditu berri da, eta gertakari izugarri batekin obsesionatuta dago: Alice Espanet deituriko emakumeak 10 hilabeteko bikiak hil ditu bainuontzian. Aliceri buruz idaztea izango da Mariarentzat bere amatasuna ulertzeko modu bakarra eta infantizidioaren gaia oso presente egongo da bere bizitzan. Agirreren eleberriak genero ezberdinak nahasten ditu, thrillerra alde batetik, baina badu saiakeratik eta kazetaritza kronikatik ere. Filma abiapuntu intelektualago horretatik urruntzen da eta emozioaren bideari jarraitzen dio. Coll, amatasunaren alderik ilunenean murgiltzeko helburuz, thriller dramatikoaren eta beldurraren kodeez baliatzen da; lehen segundotik lepotik hartu eta etengabe astinduko zaituen proposamen asaldatzailea da. Filmaren atmosfera klaustrofobiko eta itogarri horren eraikuntzan pisu nabarmena dute Zeltia Montes-en soinu bandak (Hitchcocken filmetako kutsua duenak) eta Nilo Mur-en argazkilaritza lanak. Biek ere lan paregabea egin dute. Laura Weissmahr aktore hasiberria eta Oriol Pla dira filmeko protagonista nagusiak; Weissmahrrek egin duen antzezpen lana hamarrekoa da, harrigarria. Itzela da begiraden eta isiluneen bidez, hitzak erabili gabe, esaten duen guztia; hipnotikoa da. Ikuslea, puerperio garaian, alegia, erditu ondoren, gertatzen diren aldaketa fisiko eta emozional basatien testigu bilakatzen du. Gehien harrapatzen eta aztoratzen duena narrazio osoan zehar dagoen mehatxu ikusezin hori da, etengabeko arrisku sentsazioa. Ikuslearen aurpegira galdera oso deserosoak jaurtitzen dituen pelikula aparta da.