01 NOV. 2024 TXINGILI, TXANGILI TXANGO, BALIARRAINEN Gau Beltza gero eta herri gehiagotan ospatzen da, urte gutxian asko indartu den jaia baita. Baliarrain da horren adibideetako bat. Baliarrainen Gau Beltza ospatu zuten atzo, beste herri askotan bezala. (Gotzon ARANBURU | FOKU) Amagoia MUJIKA «Txingili, txangili, txango. Gau beltza beltzago. Kalabazak argituko. Jana eman arte ez gara joango», egin dute eskea etxez etxe Baliarraingo haurrek. Gau Beltza haurren jaia delako; haurrek eta iluntasunak agintzen dute. Lehendabizi, gaztainak jan herriko plazan eta beldurrak erre gaztainak gozatzen dituen su berean. Neguko gozokiak dira gaztainak eta komunitatean gaztaina jana egitea herria egitea ere bada. Gero, kanpaiak jo eta iluntasuna etorri arte itxaron. Urriaren 31ko gauean ez da farolik pizten Baliarrainen. Aurrez hustutako kalabazak bide bazterretan jartzen dituzte eta barruan kandelak sartu. Kalabazatik ihes egiten duten itzalek pizten dute zirrara eta arimen ustezko bisitak sortzen du ikaratxoa. Segur aski, beldur guztiak ez dira gaztainekin batera erretzen, edota berriak sortzen dira behintzat. Gero, eskea etxez etxe. Bildutakoa jatera elkartzen dira baliarraindarrak elkarren ondora. Esaten da udako jaiak barrutik kanpora begirakoak direla, herriak bisitariak jasotzeko prestatzen direla. Neguko jaiak, barrutik barrura begirakoak dira, herria eta komunitatea biltzea eta gozatzea dute asmo. Asmo ederra, eta beharrezkoa.