Arnaitz GORRITI
GASTEIZ
SASKIBALOIA

Splitterren Paris Basketball, partida bakarrean 52 hiruko bota dituen taldea

Euroligan debuta egiten ari da talde frantsesa Tiago Splitterren eskutik, eta azken honek Tuomas Iisalo finlandiarrak ezarritako joko molde bera mantentzen du. Sei partidatik hiru irabazi ditu orain arte eta gaur gauean Saski Baskoniaren aurka neurtuko da.

Paris Basketball, Euroligan debuta egiten duen talde berri eta lotsagabea.
Paris Basketball, Euroligan debuta egiten duen talde berri eta lotsagabea. (@EUROLEAGUE)

Tiago Splitter ez da Saski Baskoniatik igarotako jokalari arrunt bat. Nerabea zen Joinville-tik, ‘Cidade das Flores’ deritzon hiritik, Gasteiza etorri zenean. Alfredo Salazarrek jo zuen begiz eta Cassio aitaren eskutik etorri zen artean 15 urte zituen mutila. Hamar urte eman zituen Gasteizen, harik eta 2010ko ACB Liga irabazi berritan, eta Jokalari Baliotsuenaren MVP saria ere berekin zuela, NBAra joan zen arte.

Lesioen erruz erretiroa 33 urterekin hartuta, NBAra lotuta jarraitu du Splitterrek jokalari izateari utzi ondorengo urteetan: Brooklynen 2019tik 2023ra arte eta iaz, berriz, Houston Rocketsen, entrenatzaile laguntzaile karguan betiere. Horrez gain, Brasilgo selekzioan Aza Petrovic hautatzailearen laguntzaile izan da eta Parisko Olinpiar Jokoetan izan da -jokalari zela Londresen jokatu zuen- eta, oraindik ofiziala ez bada ere, badirudi berak gidatuko duela Brasilgo selekzioa Petrovicek uzten duenean.

Tiago Splitter bera da Paris Basketball taldeko entrenatzailea ere eta Baskoniaren aurka jokatuko du gaur gauean 20.45ean hasita, Parisko Adidas Arena pabiloian. Aurrez aurreko berezia izango da, ziur, duela sei hilabete talde gasteiztarrak Splitterren 21 zenbakia Buesa Arenako sabaian eskegi baitzuen, Prigioni, Vidal eta Scolaren kamisetekin batera.

Hasiera batean Tuomas Iisalo entrenatzaile finlandiarra eta TJ Shorts antolatzaile txikia buru ziren proiektu berri hau gorenera gidatzeko. Iisalo eta Shorts Alemaniako Bonn taldean ari ziren duela bi denboraldi; FIBAren Txapeldunen Liga irabazi ostean fitxatu zituen Parisko taldeak, eta Frantziako Ligan txapeldunorde geratu zen, baina esan bezala, Eurocupean goia jo zuen, eta Euroligan aritzeko eskubidea irabazi.

Alabaina, Iisalok NBArantz eman du pausoa, Memphis Grizzlies taldeko bigarren entrenatzailea da finlandiarra eta norbait behar zuten beronen lekua betetzeko Parisen, nahiz eta TJ Shorts txikia mantendu. Eta, ezustean, Tiago Splitter azaldu zen. «Entrenatzaile buru izan nahi nuen, prest ikusten bainuen nire burua», adierazi zuen Joinvilleko erraldoiak joan den uztailean.

«David Khan, Paris Basketballeko presidentearekin hitz egin nuen. Asko gustatu zitzaion nire diskurtsoa eta energia, eta deitu egin zidan», gaineratu zuen Splitterrek.

46 SEGUNDOTIK BEHIN

Orain arte sei partida jokatu ditu Paris Basketballek eta erdiak garaipenak eta erdiak porrotak izan ditu. Etxean bi partida soilik jokatu ditu eta han ere, garaipenak adina porrot: Belgradeko Izar Gorriak 77-80 irabazi zion Euroligako aurreneko jardunaldian, baina duela bi aste egungo txapeldun Panathinaikos-i 84-80 gailendu zitzaion.

Asteartean 83-92 nagusitu ziren Berlinen eta betirako markaturik utzi zuten Euroliga. Tiago Splitterren taldeak 52 hiruko bota zituen 80 jaurtiketatatik -gehi 13 jaurtiketa libre-. Euroligan inoiz inork ezarri duen kopuru handiena.

52 horietatik 19 Nadir Hifi antolatzaile frantses gazteak bota zituen, eta beste 12, Tyson Ward hegaleko estatubatuarrak. Mikael Jantunen hegal-pibot finlandiarrak, berriz, 8. Batez beste, 46 segundoan behin hirukoa bota zuen Parisko taldeak.

Espazioak hain maite eta behar dituen kirol honetan, hiruko jaurtiketak espazioa eta oxigenoa ematen dizkio jokoari. Denean bezala, oreka bilatu behar da eta 80 jaurtiketatatik 52 hirukoak izanda, oreka askorik ez dago. Sei neurketaren ostean Paris Basketballek 191 hiruko bota ditu; hau da, ia 32 partidako. Baskoniak, berriz, 25, sailkapenaren erdian.

IZAERA, ZENBAKIEN GAINETIK

Harrigarria bada ere, Paris Basketball Euroligan asistentzia gutxien ematen duen taldeetako bat da, orain arte 96 asistentzia banatu ostean. Alabaina, TJ Shorts bere antolatzaile nagusia hirugarren postuan dago puntu gehien oparitzen dituztenen artean. Paristarren asistentzien erdiak Shortsen bidez iritsi dira.

Harritzekoa, bestalde, Baskoniak ia 11 baloi galtzea partidako eta 9 Paris Basketballek. Orotara, Baskoniak partidako 70 jabetza pasatxo jokatzen ditu eta Splitterren taldeak, berriz, ia 80. Era berean, Baskonia askoz sendoagoa da errebotea zaintzerakoan. Ondorioz, frantsesek gasteiztarrek baino 10 puntu gehiago jasotzen dituzte batez beste; ezinbestean puntu horiek erasoan berreskuratu behar.

Zer-nolako aurkaria espero behar du, orduan, Saski Baskoniak? Bizia, segundo gutxian saskira begira jarriko dena eta baloiak lapurtzera inolako lotsarik gabe joango dena. Horixe da Tiago Splitterren Paris Basketball: talde ausarta eta bizia inondik ere, Gasteizen gizon bihurtzera behinola etorri zen nerabe haren ispilu.