GARA
DONOSTIA

Donostian kalean lo egiten duten pertsonen kopurua ia bikoiztu egin da

Lakuako Gobernuak koordinatuta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 30 udalerritan egin da Kale Gorrian zenbaketa egunotan. Donostiako Hiritarron Harrera Sareak jakinarazi zuenez, urriaren 23tik 24rako gauean 413 pertsona zeuden hiriburuko kaleetan lotan, duela bi urte, antzeko zenbaketa bat egin zenean, baino 193 gehiago. Ia bikoitza.

Sareak ohar batean azaldu zuenez, 370 gizonak ziren, 24 emakumeak eta 19ren sexua ez zen zehaztu. 2022an 203 gizonezko, 14 emakumezko eta zehaztu gabeko hiru izan ziren. «Zifra horiek zerbait erakusten badute, premien gorakadaren aurrean, erakundeek gaitutako baliabideak egoera arintzetik gero eta urrunago daudela da», salatu zuen.

LA SIRENA, NEGU OSOAN

Erakundeei zifrak estaltzea leporatu zien Harrera Sareak. «Errealitate honen berri ez dute eman nahi. Errepikatzen duten bakarra dauden baliabideak dira». Eta sareak baliabide hauek handitzeko eskatu zuen.

Azpimarra jarri zuen kalean dauden 24 emakumeen kasuan. «Sarritan entzun dugu egoera bereziki ahulean dauden pertsonak, hala nola emakumeak eta haurrak, ez direla kalean uzten. Datuek gezurtatu egiten dute».

Horren aurrean, kalean emakumerik ez uzteko eskatu zuen, «are gutxiago bere ardurapean haurrak baditu». Bestetik, La Sirena aterpetxea negu osoan irekita egotea eta ostatua eta janaria eskaintzea aldarrikatu zuen. Aurreko neguan bi egunetan baino ez zuten ireki. «Ez dugu ulertzen eta ezin dugu onartu bi eskaera horietarako behar den aurrekontua ez hornitzea», adierazi zuten.