GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Erakundeek beren ardurari heldu behar diote


Valentziako tanta hotzaren kudeaketak eragindako haserrea lehertu zen atzo, Espainiako errege Felipe Borboikoa buru, Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta Carlos Mazon Valentziakoa Paiportako kaleetara heldu zirenean. Dozenaka boluntario eta bizilagunek haserre, irainka eta lokatza jaurtiz hartu zuten telebistarako prestatutako segizioa. Lehen unetik erantzun duten herritarrek, inoren baimenik gabe, protokolorik gabe, baliabiderik gabe baina erabakitasunez literalki lokatzetan sartu diren herritarrek, «Sols el poble salva al poble» leloa egiazkoa dela erakutsi dute, eta haien haserreak bistan jarri ditu erakundeen jokaera eskasa eta eraginkortasunik eza.

Gertakarien segida ez dago zalantzan jartzerik. Lehenik, Valentziako Gobernuak alarma gorriaren berri emateko izan zuen atzerapena izan zen, Aemet-ek astearteko 08.00etan deklaratu baitzuen eta hamabi ordu igarota baino ez baitzitzaien herritarrei jakinarazi. Ondoren, Valentziako eta Madrilgo agintarien arteko komunikazio gorabeheratsuak alerta-mailaren inguruan, edo agente militar eta polizialak bidaltzearen inguruan, hiru egun geroago arte modu nabarmenean iritsi ez zirenak. Tartean, Valentziako PPren Gobernuak ezetsi egin zuen Euskal Herritik eta beste zenbait lekutatik eskainitako laguntza, lehenik ez zela beharrezkoa esanez eta ondoren segurtasun eta antolaketa arrazoiengatik uko egin ziola. Gaitasunik eza? Hantustea?

Argi dago hondamenaren aurretik bezala ondoren ere Estatuko egiturek, maila guztietan, ez dutela beren ardura nagusia bete: jendea zaintzea. Horretarako baitaude erakundeen egiturak, aginte-kateak, baliabideak, eta horretarako jasotzen dituzte herritarren zergak. Erantzukizun mailak ez dira berdinak, ordea, eta bakoitzarena behar bezala aztertu eta ordainarazi beharko da. Horixe gogorarazi zuen atzoko haserreak. Ez du ezertarako balio «ez dadila inoiz gehiago gerta» esate hutsak; zoritxarrez, tragedia gehiago gertatuko dira, baina alferrikako desio onetatik harago, gertatzen direnean hala aurretiko nola ondorengo kudeaketan duten ardurari heltzea da erakundeei eska dakiekeen gutxienekoa.