Estralurtarrek Euskal Herrira egindako «Bisita», Mikel Pagadiren eskutik
Ufologia zaletasunetik abiatuta eta betiko umorez, Mikel Pagadi aktoreak eta “Herri txiki, infernu handi” saioaren aurkezleak “Bisita” eleberria idatzi du, bere lehenbiziko liburua. Atzo aurkeztu zuen prentsaurreko batean, xehetasun guztiak aditzera emateko.
Mikel Pagadi aktorea, aurkezlea eta orain idazleak “Bisita” (Elkar, 2024) eleberria aurkeztu zuen atzo. Idazleak ufologia, fantasia eta umorea nahasi ditu bere lehenbiziko liburua dena idazteko. Esti Vivanco hitzaurre egileak eta Xabier Mendiguren editoreak lagunduta, Pagadik “Bisita” aurkeztu zuen Elkarrek Donostiako Fermin Calbeton kalean daukan dendan. Prentsaurrekoan Pagadik kontakizunaren xehetasunak ezagutarazi zituen, non bururatu zitzaion istorioa edo zein liburutan inspiratu zen.
“Herri txiki, infernu handi” EiTBko programa aurkezteagatik ezaguna, Pagadik azaldu du “Bisita” idazteko ideia sortu zitzaiola, hain zuzen ere, AEBetan saio bat grabatzen ari zirenean, duela bi urte. «Ufologiaz betidanik» izan duen obsesioagatik, Pagadik «alamena eman» zien bere lankideei 51 Eremura joateko, Las Vegas hiritik hiru ordura autoz, «basamortuaren erdian» kokatua. Ideia horretatik jaio zen “Bisita”, «nik irakurri nahiko nuen liburua: zientzia fikzioa, fantasia eta umorea nahasten dituena», esan zuen Pagadik. Hain zuzen, beste era batean ezin izan zitekeenez, umoreak ere paper garrantzitsua dauka nobela honetan. Alde horretatik, aipatu zuen txisteek laguntzen dutela «irakurketa lasaia» lortzen, beti «bere neurrian».
“Bisita” asmatzeko, Max Brooks idazle estatubatuarrak idatzitako “World War Z” liburuan inspiratu zela adierazi zuen Pagadik. Handik atera zuen «istorio kaleidoskopikoa» sortzeko ideia, literaturaren gai klasiko bat garatzeko pertsonaia sorta zabal batetik abiatuta.
Istorioa Euskal Herrian kokatzeari dagokionez, Pagadik nahi izan du kasu honetan plater hegalari bat Anoeta herriko Soroeta baserriaren pareko artasorora heltzea: «Normalean estralurtarren istorioak AEBetan gertatzen dira, eta pandemiaren ondoren horretaz hitz egin nahi nuen, zein jokabide hartuko genituzkeen horrelako gauza bat gertatuz gero». Gertakari honek, ezinbestez, harremanetan ipiniko ditu Washingtongo Etxe Zuria eta Lakuako Gobernua.
Era berean, Vivancok nabarmendu zuen Pagadik «kritika soziala» eta «satira politikoa» ere sartu dituela “Bisita” eleberrian. Nahiz eta «izen gutxi» sartu, ohartarazi zuen «irakurleak jakingo duela» nortzuk diren.