GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Harris versus Trump


Hau irakurtzen duzunerako ezaguna izango da emaitza. Edo auskalo. Agian boto-paperak birkontatzen ariko dira Floridan, edo trumpzaleak Kapitolioaren aurrean batzen hasiak izango dira, asmatutako iruzurra salatzeko. Batek daki. Arnasa lasai hartuko zuten nire lagun estatubatuarrek honezkero. Edo ez. Deprimitu egingo ziren, igual, eta izutu. Haiengandik ez balitz, berdin didala esango nuke. Palestinarren etorkizunari dagokionez, esaterako, berdintsu izango baita Trump edo Harris. Paperik gabeko migratzaileei dagokienez ere, beste hainbeste.

Nolanahi ere, desadan argi eta garbi: AEBetako presidentetzarako nahiago dut emakume beltz «aurrerazale» bat, gizon zuri aberats misogino faxista bat baino; Harris, Trump baino, beraz. Problema da azkenean ez dela alde handirik izango, bi-biak beste batzuen interesetara makurtuko direlako, tamalez. Oraintxe bertan Biden administrazioarekin inteligentzia zerbitzuetarako satelite espioien sareak eraikitzen ari den Elon Musken interesetara, adibidez; edo Jeff Bezos edo Mark Zuckerbergenetara, eta, oro har, energia eta arma industrien interes hutsetara.

Estatubatuarrek bata edo bestea hautatu izana baino kezkagarriagoa izan beharko litzateke guretzat haien «demokrazia» eredua hemen zenbateraino errotu den egiaztatzea. Bi adibide: Espainiako Gobernuak energia konpainien gaineko zerga berezia mantentzeko asmoa erakutsi ahala, mehatxu publikoa egin dio Repsoleko Josu Jon Imazek. Makurrarazi du Sanchez. Diskretuagoa izan da CAFen buruzagitza, Israelgo Estatu genozidarekin duen lan kontratuari eusteko orduan. Nik dakidala, ez du adierazpen publikorik egin, baina izango da mehatxuren bat tarteko, euskal herritarron eta, bereziki, gipuzkoarron borondateari muzin eginez, gu denok Palestinaren kolonizazio, genozidio eta apartheidaren konplize bihurtzeko. Trump edo Harris, Macron edo Sanchez, Pradales, Etxegarai edo Txibite, hemen ere gutxi batzuen interes ekonomikoak gailentzen zaizkie etikari eta gehiengoaren borondate politikoari.