06 NOV. 2024 1982 Joan Paulo II. izeneko urakan bat pasa zen Euskal Herritik «Egin» egunkariak orrialde ugari eskaini zizkion aita santuaren bisitari. (GARA) Amaia EREÑAGA Kazetaria Duela 42 urte, gaur bezalako egun batez, Joan Paulo II. Euskal Herrira bisitan etorri zitzaigun. Segurtasun neurri zorrotzez babestu zuten aita santua; goizean Loiolan meza eman zuen eta, ondoren, Xabierrerako bidea hartu zuen. Urakana bailitzan, dena hankaz gora utzi zuen. 1982. urteko azaroaren 5ean, Joan Paulo II aita santuak helikopteroz hartu zuen lur Euskal Herrian. Estatu espainiarrean barna egiten ari zen bira jendetsuaren barnean, egun bakarreko txangoa egin zuen gurean Karol Jozef Wojtylak. Egun bakarra, bai, baina ondo aprobetxatutakoa. Hasteko, Loiolara heldu zen eta meza eman zuen han bildu ziren 100.000 lagunen aurrean; jende mordo izugarria izanagatik ere, espero zituzten sinestunen erdiak izan ziren. Ondoren, Xabierrera jo zuen; han, 50.000 bat zituen zain. “Egin”-ek egin zituen hurrengo eguneko kroniketan, horixe bera azpimarratu zuten: «Loiolan: Egitarau aldaketa eta espero baino jende gutxiago» irakur zitekeen titularrean; eta «Xabierren: Uste baino jende gutxiago bildu zen». Etorri zen aita santu hura ez zen, inondik inora, apaiz goxo eta baketsua. Karol Jozef Wojtyla poloniarra (1920-2005) bere garaiko aldaketa sakonen protagonista zuzena izan zen, ez bakarrik eliza katolikoan. Aita santu bat kontserbadorea izateak ez du inor harritzen; muturrerainokoa zen, ordea, Wojtylaren pentsaera. Abortuaren eta eutanasiaren aurkakoa zen, sutsuki, aitasantutzarako bokazio «globala» zuen, eta, hori dela eta, planeta osoa bisitatu zuen, beste aita santuek ordura arte egin ez zuten bezala. Egun horretarako espresuki segurtasun neurri zorrotzak ezarri zituzten, eta orduan sortu berria zen Ertzaintzak erakustaldia egiteko aukera izan zuen: «Polizia mota ororen presentzia itogarriari, Euskal Autonomia Erkidegoan estreinatu berri den Polizia barne, hauek gehitu zaizkie: Francisco Laina, Estatuko Segurtasun zuzendaria; Jose Luis Fernandez Dopico, Poliziaren zuzendari nagusia; Jose Aramburu Topete, Guardia Zibilaren zuzendari nagusia, eta Segurtasun Indar eta Kidegoetako goi-kargudun ugari», irakur zitekeen argitaratutako kronika luzean. Ukaezina da garaiko agintariek ez zutela arinkeriaz hartu aita santuaren segurtasuna. Mundua begira zuten; beraz, atentatua edo edozein protesta mota ekiditeko behar ziren neurri zorrotz guztiak hartu zituzten. Esaterako, Loiolan, aita santuaren helikopteroa lurreratzeko kokapena azken orduan aldatu zuten: basilikaren aurrean espresuki egindako heliportua baztertu eta, azken unean, atzeko zelai batera iritsiko zela jakinarazi zioten bertan zegoen kazetari mordoari. “Egin”-eko hurrengo eguneko azal hartan, Joan Paulo II.ak Euskal Herrira egindako «bisita prefabrikatua» besterik gabe igaro zela irakur zitekeen. Erdipurdiko bisitaldi bat izan zen arren, egunkariak orrialde dexente eskaini zizkion: lehen orrialdea, barneko 11 orrialde, iritzi artikulu dexente eta, nola ez, Zakilixuten komikia. «ANTIPAPAK», OPUS-EKOAK..., Goizeko 9.25ean hasi zen Azpeitiko ekitaldia. Kronikariak tonu arras kritikoa erabili zuen, dibertigarria une batzuetan: gau osoa esna pasatu ondoren, “San Inazioren martxa” «ahots gozakaitzez intonatu» zuten bertan zeudenek; nekatuta omen zeuden, baina kronikaria haratago joan zen eta «diskretuki hunkituta» zeudela esatera ausartu zen. Aita santua ere nekatuta ikusi zuen kazetariak: «Nekearen zantzuak zituen eta, are gehiago, begirada galdua zuen erakundeetako ordezkariak agurtu zituenean. Hauts artean murgildu zen. Eta euskal lurrari ez zion musurik eman, beraz, horrek adierazi nahi zuenarekin, baina agerikoa izan zen maskaldu egin zuela». Aldaretik euskal gatazka aipatzeko adorea izan zuen bakarra Donostiako apezpikua izan zen, Jose Maria Setien zena. Euskal presoak ez zituen ahaztu bere mintzaldian eta, gero, aita santuari begira, honakoa gogorarazi zuen: «Hau sufritzen ari den herri bat da, ez baitu bake eta elkartasunerako bide egonkor eta iraunkorrik aurkitu. Krisi soziokultural indartsuen mende dagoen herria da eta, kasu askotan, krisi etiko-erlijioso sakonaren mende dagoena». Loiolako ekitaldia bukatu eta Xabierrera iritsi zenerako 13.30 inguru ziren, baina goizean goizetik 50.000 bat lagun zituen zain poloniarrak. Bigarren hitzordu honetako giroa erabat desberdina izan zen. Kronikariaren arabera, Opus-ek bere indarra erakutsi nahi izan zuen Xabierren: mezu ultra-katolikoekin idatzitako pankartak, Espainiako ikurrak, jendea “Que viva el papa” (Manolo Escobarren kantaren doinuarekin) etengabe kantatuz... hain bero zeuden Opus-eko kideak, ezen antolakuntza taldea bera ere deseroso sentitu baitzen. Jose Maria Cirardak, Iruñeko artzapezpikuak, garaian Nafarroa pairatzen ari zen krisi ekonomiko kezkagarriaz ohartarazi nahi izan zuen aita santua... eta Cirardaren hitzak «17 aldiz eten zituen hango jendetzak txalo zaparradarekin. Baina ozta-ozta txalotu zuten, diskurtsoa hitz hauekin amaitu zuenean: ‘Ongi etorri gurera, aita santua. Edo euskaraz hitz egiten duten milaka nafarrek esango luketen bezala, navarrorum hizkuntzan: Ongi etorri, aita santua’». Txangoa bukatu ondoren, aita santua beste lurralde batzuetara hegan joan zen bitartean, Xabierren bildutako katoliko batzuk lainoaren artean galduta ibili ziren. Gainerakoek, sortu zen ataskoan pazientzia martxan jarri behar izan zuten. Donostiako Alde Zaharrean, ordea, iluntzean festa giroan ibili zen «antipapa» bat: kalez kale ibili zen, txaranga batekin dantzan. Tamalez, aita santuaren bisitak ez zuen eguzkiaren bedeinkapenik izan, egun osoan zehar haize ufada bortitzak egon zirelako. Gauean, Euskal Herrira itsasotik iritsi zen -orduko 180tik gorako abiaduran- haize bortitzak kalte dezente sorrarazi zituen gurean. Penintsulan, eguraldiaren erruz, hamar hildako eta hiru desagertu egon ziren, gehienak Katalunian eta Huescan. [2015] Muguruza, Pla y «Refree» se van a la guerra Año 2015, Albert Pla, Fermin Muguruza y Raül Fernández, “Refree”, unen fuerzas en el espectáculo “Guerra”, una singular mezcla de teatro, música y audiovisuales donde se reflexiona sobre cómo se nos cuentan las guerras. Antes de su estreno en el Teatro Campos de Bilbo y el Victoria Eugenia de Donostia, Pablo Cabeza ya avisa en GARA de que el montaje «cuenta con una amplia serie de fechas, aunque Pla y Muguruza han sido censurados en numerosas ocasiones». Y continúa así: «‘Guerra’ supone un nuevo reto para el multidisciplinar Muguruza, que en palabras del director es un ‘animal de escenario’. Se define como musical porque se trata de una obra teatral que incluye partes cantadas, pero tanto la forma de contarlo como la utilización narrativa de la música y el vídeo convierten ‘Guerra’ en un espectáculo difícil de clasificar». En NAIZ se puede ver un vídeo de esta representación inclasificable, «un espectáculo global en el que se utilizan todos los recursos a su alcance para contar una historia y reflexionar en voz alta sobre las cosas que preocupan», en palabras de Pablo Cabeza. «La información es un arma política frente a un poder que busca la apatía» SETIENAldaretik euskal gatazka aipatzeko adorea izan zuen bakarra Donostiako apezpikua izan zen, Jose Maria Setien zena. Euskal presoak ez zituen ahaztu bere mintzaldian.