07 NOV. 2024 ATUN MOJA, Bizkaiko Golkoko egoiliarra AZTIren «markatze eta askatze» programak atun mojaren migrazio eta portaerari buruzko datu berriak azalaratu ditu. Atun mojak, Bizkaiko Golkoko uretan. (AZTI) GARA Atun moja mundu osoko ur beroetan bizi den espezie tropikala da. 150 kilo har baditzakete ere, Bizkaiko golkoan harrapatzen direnak gehienbat 10 eta 30 kilo artekoak dira. Halako bat harrapatu eta markatu zuen Imanol Ansa kirol-arrantzale hondarribiarrak iaz, AZTIrekin batera antolatutako jardunaldi batean. Ia urtebete beranduago, arrain bera harrapatu zuten Kantabriako Suances herriko kostaldetik 26 miliara, markatze puntutik 185 kilometro mendebaldera. Ordurako, atun moja alea 9 zentimetro handitu zen eta lau kilo irabazi zituen, 10,5ra iritsita. AZTIk eta kirol-arrantzaren arteko lankidetzan garatutako «markatze eta askatze» programak atun mojaren portaerari buruzko datu berriak eman ditu: iparraldeko hegaluzearen eta atungorriaren antzera, urtero itzul daitekeela edo Bizkaiko Golkoko uretan etengabe bizi litekeela erakutsi du. AZTIren esanetan, «gure itsasoarekiko duen ‘fideltasuna’» agerian utzi du. «Birkaptura bakoitzak leiho bat irekitzen du migrazio-patroiei, hazkundeari eta ohikoak ez diren atun moja bezalako espezieen elikadura-ohiturei buruz gehiago jakiteko», esan zuen Iñigo Onandia AZTIko adituak.