07 NOV. 2024 ATHLETIC Etxean arrano eta Europan uso dabil Bulgariako Ludogorets Athleticek Ludogorets bisitatuko du gaur 18.45ean. Europan goibel dabiltza Razgradeko arranoak, baina Bulgariako liga 13 aldiz erreskadan irabazitakoak dira. Lehoiek, lehen zortzien artean kokatuta, gora begira jarraitu nahi dute Europa Leaguen. Ludogorets taldeko Ivaylo Chochev erdilari bulgariarra lurrean, Anderlechteko Mario Stroeykensi baloia kendu nahian. (Bruno FAHY | AFP) GARA BILBO Arrano eta lehoien arteko lehia izango da gaur Razgrad hiriko Huvepharma Arenan jokatuko dena (18.45ean hasita). Bulgariako ligan menderaezina den Ludogorets bisitatuko du Athleticek. Menderaezintasun hori, baina, izan daiteke hain justu zuri-gorrien aurtengo ezaugarrietako bat, oso zaila baita hauek porrotera bideratzea. Azken bi hilabeteetan porrot bakarra jaso dute, Gironaren aurka, ligako bederatzigarren jardunaldian. 2012tik hamahiru aldiz erreskadan irabazi du Bulgariako liga Ludogorets taldeak eta meritu propioz bilakatu da herrialdeko talde boteretsuena, egun CSKA Sofia eta PFC Levski Sofiaren aurretik kokatuz. Noski, aipatu bi talde horien balentria oraindik oso urrun dauka Razgradeko klubak, 31 eta 26 liga irabazi baitituzte, hurrenez hurren. Kasik 80 urte igaro dira Ludogorets klubaa sortu zela. 1945. urtean jokatu zituzten lehen futbol partidak, Bulgariako hirugarren mailan hasi eta ia bi hamarkada geroago lortu zuten bigarren mailara igotzea. Dena dela, egungo mendera arte ez zuten lortu futbol profesionalean mantentzea, eta, behin lekua eginda, erakutsi duten nagusitasuna deskribaezina da. Hainbat buruhausteren ondoren, Ivalo Petev entrenatzaile zela, 2009. urtean berriro lekua egin zuten bigarren mailan -hain zuzen ere, izen berriarekin bersortu zuten urte berean- eta 2011n igo ziren lehen aldiz elitera, Kiril Domuschiev enpresaburu eta industrialari bulgariarra klubera iritsi zenean. Klubaren poltsikoak puztuko zituen norbait iritsi eta berehala, gailurra egiten hasi ziren Razgradeko arranoak, 2012an irabazi baitzuten beren historiako lehen liga, eta ordutik geldiezinak dira. Inoiz ez du talde bakar batek ere Bigarren Mailatik igo ondoren eliteko ligan hainbeste titulu jarraian lortu. ENTRENATZAILE ALDAKETA Ludogoretsek, baina, bi aurpegi ditu etxean eta Europan. Ligan lehen sailkatua da, 12 partida irabazita, bat berdinduta eta porrotik gabe (37 puntu). Nagusi da txapelketa honetan, hamahiru jardunaldi jokatuta, ia hamar puntuko aldea ateratzen baitio bigarren sailkatu Potev Plodiv taldeari (28 puntu). Etxean bai arrano baina kanpoan, nazioartean, uso bilakatuta dabil Razgradeko taldea, eta nazioarteko ibilbide honek nahikoa buruhauste eragin dizkio klubaren zuzendaritzari. Dagoeneko, Europako porroten kausaz, bi entrenatzaile kargugabetu dituzte. Lehendabizikoa, abuztuan, Txapeldunen Ligako hirugarren atarikoa galdu ondoren, Qarabaq taldearen aurka. Hori nahikoa ez eta Europa Leaguen Slavia Pragaren aurka izandako porrotak ere (0-2) hautsak harrotu zituen. Zahari Sirakov, bigarren taldetik igo berria, izan da orain arteko entrenatzailea, baina aho bizarrik gabe hau ere kaleratua izan da. Orain, Igor Jovicevic-en kargura dago taldea eta bere hirugarren Europako partida zuzenduko du, hain zuzen ere, ostegun honetan, Athleticen aurka. Aurretiaz, berdinketa lortu zuen Plzen taldearen aurka (0-0, Jovicevic-ek Europan zuzendu zuen lehen neurketa) eta 0-2ko porrota Anderlechten kontra. SANCET, DEIALDIAN Athletic, bestalde, saskibaloian hain estimatua den Top8-an kokatuta dago, eta emaitza on batek gora begira jarriko luke. Ernesto Valverderen taldea sendo dabil, bai ligan, bai Europan. Menderatzeko talde oso zaila da -azken bi hilabeteetan partida bakarra galdu du, Gironaren zelaian (2-1)-. Sanceten buruhaustea ere konpondu du Valverdek, azkenean deialdian sartu baita. Dena dela, atseden hartu beharko luke Mendillorriko erdilariak, belauneko lotailu gurutzatuan daukan bihurritua ongi sendatzeko. Guruzeta eta Jauregizarrek bizkarreko minez jarraitzen dute. TOP8-ANZuri-gorriek Europako bide onari jarraipena ematea izango dute xede. Hiru partida jokatuta, zazpi puntu batu dituzte. Lehen zortzien artean dago Athletic, dena irabazi duten Anderlecht, Lazio eta Tottenhametik bi puntutara.