Asier ROBLES
BILBO

Euskaraldiaren askotariko «hamaikakoa», hizkuntza portaerak aldatzera animatzeko

Eneko Atxa, Oihana Azkorbebeitia, Aitor «Bengo», Lutxo Egia, Eneko Garcia, Ana Goitia, Itziar Ituño, Roberto Moso, Zibel Untsain, Esti Urresola eta Mikel Urrutikoetxea izango dira Euskaraldiaren 4. edizioko enbaxadoreak. 2025eko maiatzaren 15etik 25era ariketan parte hartuko duten herriak zein entitateak dagoeneko hasi dira izena ematen.

Euskaraldiaren 4. edizioko enbaxadore taldearen aurkezpena Bilbon.
Euskaraldiaren 4. edizioko enbaxadore taldearen aurkezpena Bilbon. (Monika DEL VALLE | FOKU)

2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldiko “hamaikakoa” aurkeztu zuten atzo Bilboko Bidebarrieta kulturgunean. Euskaraldiaren enbaxadore taldea komunikazio, kirol, musika, sukaldaritza eta halako esparruetan aritzeagatik ezagunak diren Euskal Herriko txoko guztietako herritarrekin osatu dute.

2018an eginiko lehen edizioan bezala, askotariko taldea osatu dute, «inoren ordezkari izan gabe, modu pertsonalean eta borondatez» ariko dena: Eneko Atxa sukaldaria, Oihana Azkorbebeitia mendi lasterkaria, Aitor “Bengo” musikari eta breakdance dantzaria, Lutxo Egia idazlea, Eneko Garcia (Albina Stardust) trabestia, Ana Goitia kazetari eta umoregilea, Itziar Ituño aktorea, Roberto Moso komunikatzailea, Zibel Untsain dantzaria, Esti Urresola zinemagilea eta Mikel Urrutikoetxea pilotaria.

“Elkar mugituz egingo dugu”, laugarren edizio honen leloarekin bat eginez, enbaxadoreek euskararen erabileran aurrerapausoak ematera eta hizkuntza portaerak aldatzera animatuko dituzte herritarrak. «Esaera zaharretan jasota dago: bati esaten zaiona, hamaikak jakiten du. Eta hori izango da, hain zuzen ere, hamaikakoak abiatuko duena. Bati, biri, hamaikari esan, haiek beste hamaikari kontatzeko eta guztiek euskararen uhinarekin bat egiteko», azaldu du Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak.

Hamaikakoaren izenean, Eneko Garciak eta Esti Urresolak hartu zuten hitza, eta taldea osatzen duten guztiek Euskaraldiaren gonbita «ilusioz eta erantzukizunez» jaso dutela adierazi zuten. «Euskaraldian parte hartuko dut nire burua modu kontzientean euskara gehiago erabiltzera behartzeko; eta enbaxadore naizen aldetik, erabaki hori besteekin partekatzea, eta haiek ere parte izatera gonbidatzea, ederra iruditzen zait», azaldu zuen Garciak.

Urresolak Euskaraldia bezalako ekimenen beharra azpimarratu zuen. «Ariketaren jatorria Laudion zein beste zenbait tokitako ekimenetan dago. Baina Euskal Herri mailan izan duen erantzuna eta ibilbidea ikusteak horrelakoen beharra badela erakusten du», nabarmendu zuen.