GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
Unai Laso
Baikoko aurrelaria

«Zaila izango da, baina gure lanak ondo eginda, aukerak izango ditugu»

Aldakako lesioa ahaztuta, mailarik onena berreskuratuta itzuli da Unai Laso kantxetara. Buruz Buruko finalean Jokin Altunak kendu zion txapela, eta amezketarra izango da berriz ere, igandean, kaiolako finalera itzultzeko gainditu beharko duena.

(Iñigo URIZ | FOKU)

Klasiko moderno» moduko bat bihurtu dira azken urteetan Jokin Altuna eta Unai Lasoren arteko partida erabakigarriak. Ekainean Buruz Buruko finalean egin zuten topo Bilbon, eta igande honetan, Eibarren, kaiolako finalerako txartela izango dute jokoan. Amezketarrak bederatzigarren finalerdia izango du Lau eta Erdikoan eta orain arte jokatutako guztietan aurrera egitea lortu du. Horrek aurrean duen erronkaren zailtasunaren berri ematen dio Bizkarreta-Gerendiaingoari, baina erroibartarra ez da erraz kikiltzen den horietakoa eta, txapelketa ona osatu ostean, badu konfiantza bere ahalmenetan eta itxaropentsu dago.

Iazko hutsunearen ostean, txapelketara bueltan, eta nola, gainera. Final-zortzirenetatik hasita, partida ederrak jokatu dituzu, esango nuke Peioren aurkakoa ere baietz, eta orain finalerdiak.

Bai, hori da. Azkenean ez nuen espero horren emaitza onak ateratzea baina, egia esan, lehen partidatik ondo sentitu naiz eta, nire jokoa ateratzen badut, mina egiten dut. Ongi sentitzen ari naiz eta berriro finalerdietan egoteak datorren urtean final-laurdenetan sartzea dakar, eta hori ere opari ederra da.

Iaz ez zenuen parte hartzerik izan lesioagatik, itzuli eta berehala buruz buruko finalean ikusi zintugun, orain Lau eta Erdikoan finalerdietan zaude... Mailarik ez duzu galdu.

Bai, horretarako entrenatzen gara egunero, horretarako errekuperatzen gara; egia esan, lana ondo egiten ari naizela uste dut eta horretan jarraitu nahi dut.

Lesio baten ondoren zalantza asko sortzen dira, psikologikoki ere ez da erraza eta zuretzat oso pozgarria izango da ikustea itzuli eta segituan hor goian egoteko gai izan zarela, ezta?

Noski. Esan bezala, ia zazpi hilabete geldirik egon ostean, maila onean jarraitzea, final batera heltzea, orain lau onenen artean egotea... Hori ikaragarria da. Azkenean lan asko dago atzetik, bai fisikoki bai psikologikoki, eta urteko helburua beti izaten da lau onenetan egotea, eta erregulartasun hori izatea ere oso ona da.

Zer moduz daukazu aldaka, guztiz osatuta dago, edo ematen al dizu buruhausterik oraindik?

Ongi. Beti kargatzen zait azkenerako, baina oso ongi. Nik uste lan ona egin zutela eta egin dudala errekuperatzen eta aldakatik ongi nago. Pilotariek beti dugu minen bat nonbait, azkenean kirol oso gogorra da, baina ongi nago.

Txapelketa ederra osatzen ari zara, final-zortzirenetatik hasita partida bakarra galdu duzu; Peioren aurkakoa oso partida estua izan zen, gainera, eta azkena, Elordiren aurkakoa, nagusitasunez atera zenuen, sakearekin asko asmatuta. Zein sentsaziorekin heltzen zara finalerdietara?

Sentsazio onekin. Partida guztietan zerbait ona atera dut eta azkenengoan hanketatik ongi sentitu nintzen, pilotari ongi eman nion eta gantxoa ere ondo sartu nuen; angeluak ongi sartzea ere oso garrantzitsua da lau eta erdian eta nik uste fisikoki ere oso ongi sentitu nintzela.

Aurrean Jokin Altuna, egungo txapelduna, izango duzu; ederki ezagutzen duzue elkar eta beste behin aurrez aurre arituko zarete.

Bai, hori da. Badakigu partida oso zaila izango dela, baina azkenean gure lana ondo egiten badugu, aukerak izango ditugu eta, oso zaila den arren, horretara joango gara.

Jokin bera ere bikain ari da. Dena oso ondo egin beharko duzu amezketarrari irabazi ahal izateko; hark ez du sekula ezer oparitzen.
Hori da, Jokini irabazteko egun borobila izan behar duzu, pilotari oso konpletoa da eta irabazteko dena eman behar da, baina horretarako entrenatuko gara aste honetan.
Norbait Altunari aurre egiteko gai bada, erakutsi duzu zeu zarela horietako bat.

Bai, hori da. Partida asko jokatu ditugu, asko irabazi dizkit, beste batzuk nik irabazi ditut, beti partida gogorrak irteten dira eta gustura nago beraren aurka aritzeagatik.

Laugarren aldiz ariko zara bere aurka kaiolan. Orain arte berak irabazi dizu beti -bi aldiz txapelketa nagusian, azkena 2021eko finalean eta beste bat sanferminetako urte bereko finalean-, baina estatistikak hausteko omen daude.

Hori da. Hori esaten dugu beti eta ea honetan apurtzen ditugun.

Buruz buruko finala ere elkarren aurka jokatu zenuten; ez zenuen zure eguna izan, ezta gutxiagorik ere. Hori motibazio iturri da edo ez duzu arantzarik finalarekin?

Bueno, arantza edo ez, kolpe izugarria da buruarentzat eta psikologikoki hala izan zen, baina ikusi da hor egoteko entrenatzen naizela eta psikologoekin landu dut. Ez da arantza, baina bai nahi dudala partida gogor bat jokatu, ze norberak berea aterata, berak oso ongi jokatzen badu, partida gogorra espero dut eta ongi nago jokatzeko.

Partida Astelena frontoian jokatuko da. Labriten nahiago zenuen?

Bada, ez. Nahiago, ez. Eibar ere asko gustatzen zaidan frontoia da. Badakit Altunak hor oso sarri eta oso gustura jokatzen duela eta asko gustatzen zaiola, baina nik Eibarren ere partida on asko egin ditut eta frontoi polita da jokatzeko. Gainera, giroa egongo da eta oso gustura nago.