11 NOV. 2024 KUBAREN ALDEKO KANPAINA ABIAN DA Premiazko deialdia egin dute, uharterako dohaintza ekonomikoak jasotzeko, bi urakan indartsuk irla gogor kolpatu ondoren. Kuba argindarrik gabe dago beste urakan baten ondorioz. (Nick KAISER | ERUOPA PRESS) GARA Euskadi-Kuba adiskidetasun elkarteak eta Euskal Herriko emigrazio kubatar elkarteek premiazko deialdia egin dute dohaintza ekonomikoak jasotzeko, bi urakan indartsuk utzitako kalteen aurrean. Rafael urakanak ondorio lazgarriak utzi ditu Kuban, Oscar urakanarenak oraindik bizi-bizi zeudenean. Horren aurrean, zenbait elkartek kanpaina berezia abiatu dute, elkartasun ekonomikoa biltzeko. Euskadi-Kuba adiskidetasun elkarteak eta Euskal Herriko emigrazio kubatar patriotikoaren Sierra Maestra-Euskadi eta Desembarco del Granma elkarteek elkartasuna helarazi diote Kubari, eta «eredugarritzat» jo dute Kubako Defentsa Zibileko Sistema. Azaldu dutenez, 250.000 lagun baino gehiago ebakuatu dituzte. «Oraingoz ez da inor hil. Hala ere, kalteak handiak dira, ehunka etxebizitza erorita, nekazaritzan eta azpiegituretan kalteak eta sistema elektrikoaren kolapsoa», nabarmendu dute. Herritarren laguntza jasotzeko, Laboral Kutxako kontu bat eman dute: ES35 3035 0134 43 1340059271. «‘Kontzeptua’ espazioan, posiblea bada, dohaintza egiten duenaren izena eta ‘Urakana’ hitza idazteko eskatzen dizuegu», adierazi dute.