11 NOV. 2024 Laga, Valentzia, Prestige Surflari ernegatua Surflariek eta herritarrek bat egin dute Espainiako ministerioak (Costas y medio marino) Lagako hondartzan hasi dituen lanengatik. Duna artifizial bat sortzeko helburuarekin, gizakiak eraikitakoak desegitera omen datoz, hala nola dutxetako zorua edo hormigoizko eskailerak. Ideiak ingurumenaren aldekoa dirudi, alegia, ideia ona dirudi, borondate oneko ideia guztiak bezala, baina ez naiz fidatzen, borondate onez egiten diren gauza guztiak gaizki egiten baitira. Ez naiz aditu bat esateko abiatu dituzten lanek zer nolako ondorioak izango dituzten, baina gauza bat ziurra da, ezer ukitu gabe ez da ondorio kaltegarririk. Gizakiak naturan eragiten dituen kalteak egunero ikusten ditugu; zerura begiratu besterik ez dago, kerosenozko marra zuriek lainoen lekua hartu dutela ikusteko. Ordea, egunotan, naturak gizartean eragin ditzakeen kalteak zer nolakoak izan daitezkeen gertutik ikusi dugu, 500 kilometrora dagoen herrialde bat gure bizilaguna dela sinetsarazi baitigute. Gauza bera gure etxetik 50 kilometrora gertatu izan balitz, adibidez, Frantziako Landetan, tragediak gugan izango lukeen eragina bestelakoa izango litzateke. Esaterako, ez genituzke ikusiko Hego Euskal Herriko kaleetan, «Estatua eta enpresariak erantzuleak» goiburua duten pankartak, edo antzekoak, ustez abertzaleak diren erakundeek sinatuak. Orain batzuek eskuak burura eramaten dituzte. Espainolek arazoak kudeatzeko duten gaitasun ezak harritzen ditu eta, zehatzago, hondamendi naturalekin gauzak ezin okerrago egiteko duten dohainak. Argudio ezin hobea beharko luke euskaldunok gauzak geure kabuz egin nahi ditugula azpimarratzeko. Baina asimilazioak, distantzia hartu beharrean, espainolekin inoiz baino batuago egotera eraman gaitu. Prestige ontziarekin gertatu zen. Hondamendia ahalik txikiena izateko ardura zuen Galiziako lehendakariak hondamendia ahalik handiena izateko hautua egin zuen. Prestige ontzia kalte gehien eragin zezakeen lekura eraman eta Europako kostaldean inoiz izan den katastrofe handienetako bat eragin zuen. Ordea, Galiziako herritarrek erantzulea zigortu beharrean, saritu egin zuten, eta hauteskundeak berriz ere eskuinak irabazi zituen. Ondoren, Kantauri itsasoa beltzez margotu zuen lehendakaria, Mariano Rajoy, Espainiako presidente izendatu zuten. Ez dakit gauza bera gertatuko den Valentzian. Momentuz, eskuin muturra da zeresan gehien ematen duena. Agerikoa da beraiek direla istiluak sortzen ari direnak, 31 polizia zauritu eta 4 atxilotu izan baitira. Istiluen atzean ezkertiarrak baleude, zauritutako poliziak 4 izango lirateke eta atxilotuak 31. Edonola ere, urrunegi ikusten dut Valentzia, nahiz eta menderatu gaituztenak eta hango hondamendi naturala giza tragedia bilakatu dutenak berberak izan. Burujabeak izan nahi dugunok independentzia aldarrikatzeko baliatu behar genituzke halakoak, adibidez, Lagako kasuan, gure kostaldea kudeatzeko eskumena eskatuz. Ez naiz aditu bat esateko Lagan abiatu dituzten lanek zer nolako ondorioak izango dituzten, baina gauza bat ziurra da, ezer ukitu gabe ez da ondorio kaltegarririk