12 NOV. 2024 Familietan esaten ez dena eta emakumeen sufrimendua, Itxaso Martinen nobelan ‘‘Puntobobo’’ eleberria argitaratu berri du Itxaso Martin Zapirainek, bere bigarrena. Familiarteko dinamikak, esaten ez dena, emakumeen sufrimendua eta osasun mentala, besteak beste, dira amona bat, ama bat eta alaba bat protagonista dituen istorioaren ardatz nagusiak. Itxaso Martin, «Puntobobo» bigarren eleberria eskuetan duela. (Jon URBE | FOKU) ALAIA SIERRA DONOSTIA Itxaso Martin Zapirainek bigarren eleberria plazaratu du, ‘‘Puntobobo’’. Familiarteko dinamikak, esaten ez den hori, emakumeen sufrimendua eta osasun mentala erdigune, hiru emakumeren istorioa kontatzen du, estilo intimistan eta soilean eta pertsonaien psikologian sakonduz. Idazlea eta kazetaria izateaz gain, Antropologian doktorea den Itxaso Martinek liburu berria aurkeztu zuen atzo Donostian, lagun izan duen Erein argitaletxeko Inazio Mujikarekin. Azken honen hitzetan, «entzun egiten den» elkarrizketa «sinesgarri» batetik abiatzen da lana. Horrela, eleberriaren geruza poetikoa eta elementu errealisten eta fantastikoen uztarketa nabarmendu zituen Mujikak eta, gainera, liburuaren parte diren emozio sakonak, erresilientzia eta maitasun baldintzagabea aipatu zituen. Horrela laburbiltzen du eleberriaren abiapuntua argitaletxeak: «Ez da normala izango, esan zion medikuak haurrak urtebete zuenean. Jaio aurretik, ordea, amak jakin bazekien barruan zeraman haurra ez zela besteak bezalakoa izango. Amak alaba etxean isolatu zuen, eta herritarren txutxu-mutxuak areagotu egin ziren. Hain zen estua bien arteko harremana, beste alaba baten jaiotzak ez baitzuen hori haustea lortu». Itxaso Martin «spoiler egin gabe» saiatu zen atzoko aurkezpenean eleberrian zertaz hitz egiten duen azaltzen. Zehaztu zuenez, «esan behar ez dudan hori izan da liburuaren abiapuntua». Antropologiatik landutako lana da, duela urte batzuk argitaratutako doktore tesiak eragina. Abiapuntu horrez gain, «esaten ez den horrek obsesionatzen nau», esan zuen, eta hau aipatzen dena baino garrantzitsuagoa dela gaineratu zuen. IRAGANA ETA ORAINALDIA, HAMAIKA ATALETAN Hamaika atal eta bi denbora lerrotan antolatzen den eleberri honetan «gertatzen den guztia gizarte matxista eta patriarkalean» gertatzen da eta medikuntzan, ezkontzan edota eskolan islatuta agertzen da. Horrekin batera, gizarteak ezberdinari egiten dion presioarekin, erditze osteko osasun mentalarekin eta amatasuna bizitzeko modu desberdinekin topo egingo du irakurleak. Liburu hau lantzen «aspaldi» hasi zen: «Duela hamabi urte kaleratu nuen ‘Ni, Vera’ eleberria eta urte batzuk eman nituen ideia asko buruan bueltaka nituela, baina idazten hasi eta blokeatu egiten nintzen». Hala ere, osasunez gaizki egon zen joan den urtean eta orduan idatzi eta amaitu zuen lan hau. «Hainbat hilabetez egin dudan bakarra idaztea eta irakurtzea izan da», adierazi zuen. Punto bobo delakoa puntua egiteko modu sinpleena dela azaldu zuen Martinek, ikasten den lehenengoa, eta haurrentzat arropa egiteko erabiltzen delako eta eleberri honen protagonisten «bizibidea eta salbazioa» delako erabili du izenbururako. Azala, bestalde, Asier Beltzak eta Ivan Landak egin dute eta, idazlearen ustez, «barruan aurkituko denaren isla» da; izan ere, «soila da, baina toles eta zokoz beteta dago». ANTROPOLOGIAItxaso Martin antrolopogian doktorea da eta 2017an argitaratu zuen Frankismoan gaixotasun mentalak zituzten emakumeei buruzko tesia. Liburu honetan pertsonaien psikologian sakondu du eta antropologiaren ikuspegitik landu du emakumeen sufrimendua.