GARA Euskal Herriko egunkaria

Laguntzak


Aurreko batean sorkuntzan eta kulturgintzan aritzen diren lagun batzuekin aritu nintzen dirulaguntzen gainean. Bi sortzailek esan zidaten gestore bat kontratu behar izan zutela dirulaguntzen burokrazia bete ahal izateko, beraiek ez zirelako tajuz betetzeko gai. Beste lagunak, berriz, zioen dagoeneko saiatu ere ez direla egiten; lau sos edo ezer ez jasotzeko, horrek guztiak ematen dituen buruhausteak ez die merezi. Hirurek zioten, lan eta gastu hori hartu eta gero, ez zutela ziurtatuta laguntzarik jasoko zutenik. Lehenengo bientzat, profesionalak izanik, ohiko ezegonkortasunari gehitu beharreko gastua zela zioten, errekuperatuko zutenaren itxaropenarekin. Bietako batek ez zuen sosik jaso. Hirugarrenarentzat, dirulaguntzarik ez jasotzeak euren jardunaren egitasmoak baldintzatzen ditu; batetik, ideia asko hutsean geratzen direlako eta, bestetik, une oro mesedeak eskatzen ibili behar dutelako. Hirurek, hala ere, aurrera egiten dute, maite dutelako egiten dutena.

Eta horrela mantentzen da euskal kultura, sorkuntzarako eta kulturgintzarako grinarengatik. Horregatik, amorrua ematen du, Kultura diputatu bati bere alderdiko fundazioari ematen zaion diru dezenteren justifikazioaz galdetutakoan, «gauzak egiteko» erantzuten duenean. Zeren esperoan gaude?