14 NOV. 2024 EDITORIALA AEBk babesten du Israelen Gazako garbiketa etnikoa Gazako agintariek jakinarazi zutenez, Israelgo Armadak 50 pertsona hil zituen atzo. Hildako kopurua 43.700 lagunekoa da dagoeneko, eta horietatik %70 emakumeak eta haurrak dira. Zibilen exekuzio gupidagabeari gehitu behar zaio orain Israelek Gazako Zerrendaren iparraldean blokeo krudela ezarri duela. Palestinako agintariek eta GKEek salatu dute zerrendako eremu horretako biztanleak gosetea sufritzeko zorian daudela, elikagairik, urik eta botikarik gabe. Benjamin Netanyahuren Gobernuak zerrendako iparralde osoan garbiketa etnikoa gauzatzea erabaki du, ondoren bertan kolono berriak finkatu ahal izateko. Palestina desagerrarazteko estrategian beste urrats kriminal bat da. Israelen jokabidea hain zen gizagabe eta lotsagabea, ezen urrian, AEBko hauteskunde-kanpainaren erdian, Antony Blinken Estatu idazkariak eta Lloyd Austin Defentsa idazkariak gutun bat bidali baitzioten Israelgo Gobernuari, 30 eguneko epean Gazako Zerrendako egoera humanitarioa arintzeko neurriak har zitzala eskatzeko. Epe hori atzo amaitu zen, hauteskunde-hitzordua igarota. Azken unean, Israelek giza laguntzaren bat sartzen utzi zuen. Hori aski izan da AEBko Gobernuarentzat, aurrerapenak izan direla esan eta pozik agertzeko. Israelgo Gobernuak hartutako neurriak perspektiban jartzeko, tokian bertan lan egiten duten zortzi GKEk adierazi zuten eskatutako 19 neurrietatik Israelek 15 baztertu dituela eta soilik lauri erantzun diela partzialki. Datu horrek argi uzten du AEBko Gobernuak garbiketa etnikoa jasaten ari den lurraldean «aurrerapausotzat» jotzen duenaren benetako irismena zein den. Israel genozidioa egiten ari da Palestinan, AEBren laguntza eskergarekin, Washingtonek Tel Avivi armak, inteligentzia eta nazioarteko erakundeetan babes politikoa ematen baitio. Beraz, une honetan Gazako Zerrendan gertatzen denaren konplize zuzena da. Hainbeste inplikatu da Israelen alde, ezen jada ez den onartua bitartekari gisa ere. AEBko Gobernuaren esku dago basakeria hau geldiaraztea. Eta Europar Batasunak askoz gehiago egin dezake garbiketa etnikoa gelditzeko.