14 NOV. 2024 EMAKUMEEN ENDESA LIGA Euskal taldeek zulotik irten nahi dute Europan ez bezala, ligan eskas dabil IDK. (Jon URBE | FOKU) A. G. Azaroaren 1eko jardunaldiaren ostean Emakumeen Endesa Ligak etena izan zuen, 2025eko Emakumeen Eurobasketa jokatzeko sailkapen partidak izan zirelako hilaren 7an eta 10ean. Partida haiek jokaturik, emakumeen saskibaloi liga martxan da berriro. Denbora berreskuratze aldera, jardunaldi bikoitza jokatuko dute taldeek: gaur lehenengoa eta bigarrena igandean. Euskal taldeak ere logika horren barruan daude, eta ez nahiko luketen moduan, gainera. Bost jardunaldi jokatu ostean, Lointek Gernika Bizkaiak bakarrik irabazi ditu bi neurketa. Osterantzean, IDK Euskotren, Kutxabank Araski eta Oses Construccion Ardoi, garaipen banarekin, sailkapen nagusiko zuloan daude. IDK, AZKENA Partida bat gutxiago jokatuta -Valentzia Basketen kantxan jokatu beharrekoa-, IDK Euskotren da Emakumeen Endesa Ligako azken sailkatua. Jairisen aurka liga hasiera zailean galdu zuen, baina etxetik kanpora Kanaria Handia eta Celtaren aurka irabazi beharreko neurketetan kale egin du Azu Muguruzaren taldeak. Eta Estudiantesen aurka etxean, beste partidarik ez du eraman oraindik. Gaur arratsaldeko norgehiagoka -19.30ean, Josean Gasca kiroldegian- ez da badaezpadakoa, Perfumerias Avenida izango baitu aurrez aurre. Azu Muguruzarenek Iris Mbulito berreskuratu dute behintzat, orkatilako lesio bat nahi baino gehiago luzatu eta gero. Honenbestez, jokalariak osorik dauzka talde donostiarrak eta, etxean jokatzen duenez, Perfumerias Avenidari aurre egiteko gai izan behar luke, nahiz eta garaipenak garesti egoteko traza duen. Kutxabank Araskik eta Ardoik, biek ala biek, etxetik urruti jokatuko dute: 20.00etan gasteiztarrek Joventuten aurka, eta Lugoko Ensinoren etxean nafarrek, 20.15etik aurrera. Araskik Basket Zaragoza talde boteretsua bota zuen ligako bigarren jardunaldian. Baina handik aurrera arerio gogorren kontra burua makurtu behar izan du. Gernikaren aurka galtzeaz gain, Gironan amore eman zuen azken laurdenean; eta azken jardunaldian, berriz, Mendizorrotzan Murtziako Jairisek hankapean erabili zuen Made Urietaren taldea. Joventut talde igo berria da, baina Coulibaly, Zec edo Cruz bezalako eskarmentudun jokalariei esker bi garaipen lortu ditu. Ardoik garaipen bakarra du, bere arerio Ensinok bezala. Nafarrek Celtaren aurka «beren ligako» dema aurrera atera zuten, eta horretan saiatuko dira. Bi garaipen ditu Lointek Gernikak; hiru, bere aurkari Ferrolek. Lucas Fernandezen taldeak jokalari bikainak ditu, baina hirukoetan %30 baino gutxiago asmatzen ari da. Hori da bizkaitarren ahulgunea eta, konpondu ezean, zaila izango du gorantz egitea.