Asier ROBLES
NAZIO ATXIKIMENDUA DEMOGRAFIA ALDAKETA TESTUINGURUAN (I)

Euskal nortasuna, gaurko testuinguru globalean

Naziometroaren azken emaitzak kontuan hartuta, Estaturik gabeko nazioek testuinguru globalean dituzten erronkei buruzko jardunaldietan zenbait aditu mintzatu ziren bi mahai ingurutan. Nazio atxikimendua, migrazio fluxuen eragina, gizarte kohesioa… solasgai izan zituzten, iraganari eta, bereziki, etorkizunari begiratuz.

Euskal nortasunaren erronkei buruzko mahai ingurua, EHUko Bizkaia Aretoan.
Euskal nortasunaren erronkei buruzko mahai ingurua, EHUko Bizkaia Aretoan. (A.R.)

Telesforo Monzon eLabek eta EHUko Parte Hartuz Ikerketa Taldeak egindako Naziometroaren seigarren neurketak egiaztatu zuen Euskal Herriko biztanleen %35,2k erreferendum ofizial baten bidez onartutako Euskal Estatua babestuko lukeela, eta %26,8k, berriz, baztertu. Datu orokorra da. Nolanahi ere, euskal nortasunarekiko atxikimendu maila asko aldatzen da pertsonen jatorriaren, generoaren edo egoeraren sozioekonomikoaren arabera. Era berean, testuinguru global oso aldakorrean bizi gara, non, gainera, faktore askok bat egiten duten, hala nola neoliberalismoaren krisiak, migrazio fluxu azeleratuek, arrakala demografikoek edo eskuin muturraren gorakadak.

Hori kontuan hartuta, hainbat galdera sortzen dira etorkizunari begira. Nola gorpuzten da nazio atxikimendua estaturik gabeko nazioetan? Zein eragin ditu migrazio fluxuek eta bestelako demografia aldaketek? Nola ematen dira nazio atxikimenduak komunitate migratuetan? Migrazioak nola eragin dezake identitate horren indartzean? Galdera horien bueltan aritu ziren atzo Xabier Aierdi eta Patxi Juaristi irakasle eta soziologoak eta Pako Sudupe filologoa.

Aierdik EAEko datuei erreparatu zien lehenik. Gaur egun 2.225.000 pertsona inguru bizi diren gizarte batean, azken urteetan 20.000 migratzaile inguru heldu dira urtero, eta hurrengo urteetarako zifra berdintsuak espero dira. «Jadanik 300.000 migratzaile daude, eta gaurko migrazio fluxuekin 2050ean 800.000 izango dira. Hortaz, zer egin pentsatu beharko dugu. Unea da pentsatzeko, hausnartzeko eta serioski aritzeko. Estrategia sendoak behar ditugu», ohartarazi zuen Aierdik.

Sudupek azken bi mendeetan izan diren migrazio fluxuei eta euskaltzaletasunaren berpizkundeei erreparatu zien. Paradoxikoki, biak antzeko denbora tarte batean gertatu izan dira. Idazleak azaldu bezala, lehen fasea XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasiera bitartean gertatu zen, industrializazioak milaka migratzaile ekarri zituenean, batez ere Estatu espainoletik. Testuinguru horretan, edo horren erantzun gisa, sortu ziren EAJ eta euskal nazionalismo modernoa, balore atzerakoiekin lotutakoa: arraza, erlijioa... Bigarren fasea frankismo garaian geratu zen; 1950etik 1970era beste migrazio olatu bat izan zen eta testuinguru horretan sortu zen euskalgintzaren bigarren olatua. Hau, aldiz, euskararekin eta kulturarekin lotutako abertzaletasuna izan zen, aurrerago autonomia garapenarekin sendotu zena.

Azken urteetan beste migrazio fluxu azeleratu bat bizi dugu. Hauek gizarte aldaketak dakartzaten heinean, etorkizunari begira jarri beharra dago. «Nolakoa izango da euskal nortasuna?», galdetu zuen Urko Aiartzak, Telesforo Monzon eLab-eko zuzendariak.

Etorkizuneko erronka gisa zenbait erronka aipatu zituen Juaristik: euskal nortasuna bera mantentzeko nahia, euskararen indarberritzea, lurralde bat irudikatzeko gaitasuna, burujabetza eta askatasun maila handiagoak lortzea, lan eta ekonomia eredu berriak sortzea, euskal nortasuna naturaltasunez eta tentsiorik gabe bizitzea eta kohesio soziala lortzea. «Guztiak ikuspuntu desberdinetatik uler daitezke, faktore ezberdinei garrantzi handiagoa emanez», esan zuen Juaristik.

KOHESIO SOZIALA

Kohesio sozialaren gakoari erreparatu zioten hizlariek. «Euskal nortasunak kohesiogilea izan behar du, eta horrek balio soziokomunitario batzuk lantzea eskatzen du: elkarrekiko errespetua eta ardura, justizia soziala, berdintasuna... Baina hemen ere dikotomia batzuk sortzen dira, hala nola inklusioa eta multikulturalismoaren artekoa», adierazi zuen Juaristik.

«Kohesio materialaren beharraren» defentsa egin zuen Aierdik: «Berdintasun soziala behar da, eta horrek, bereziki, hiru alor lantzea eskatzen du: enplegua, hezkuntza eta etxebizitza. Hiru elementu horiei behar den moduko erantzunik ematen ez badiegu, ez dugu izango kohesio materialik, eta, horrenbestez, ezin izango dugu kohesio sozialik armatu».

Etorkizunari eta erronkei erreparatuta, euskal nortasuna indartzeko dauden ahultasunak aipatu zituen Juaristik: «Globalizazioa, homogeneizazioa, aldaketa demografikoak, txikitasuna, egituratze politiko-administratibo ahula...». Baina, era berean, baikorrak izateko «gaitasun eta oinarri sendoak» daudela azpimarratu zuen: «Bizirik irauteko gaitasuna duen komunitatea gara. Urteak daramatzagu horretan. Euskal nortasuna indarberritzean ardura hartzeko prest dauden pertsonak ditugu».

Bigarren mahai inguruan, gizarte kohesioa mantentzeko estrategiak izan ziren eztabaidagai, kultura aniztasuna, feminismoa eta belaunaldien arteko arrakalak kontuan izanda. Bihar irakurri ahal izango da horren kronika.