16 NOV. 2024 Atxagaren «Etiopia» 46 urteren ostean, «beste jantzi batez» argitaratuta Atxagaren “Etiopia” liburua berrargitaratu du laugarren aldiz Ereinek. Atzo aurkeztu zuten Donostian. Jon Aranguren arduratu da irudiaz, Anari Alberdi kontrazalaz eta Iñaki Aldekoa hitzaurreaz. Atzoko aurkezpenean 1978an argitaratutako liburuaren ibilbideaz ez ezik, Euskal Herrian argitaratzearen inguruko zenbait gogoeta ere egin zituen idazleak: «Obrak oihartzun soziala izan dezan, hobe da hizkuntza gutxitu batean argitaratzea». Jon Aranguren, Bernardo Atxaga, Anari eta Iñaki Aldekoa, atzo. (Andoni CANELLADA | FOKU) IRAITZ MATEO DONOSTIA Bernardo Atxagak “Etiopia” 1978an argitaratu zuen lehen aldiz; 300 ale besterik ez zituzten egin. 1983an bigarren edizioa Ereinek atera zuen; 1988an, hirugarrena, eta atzo aurkeztu zuten laugarren berrargitalpena, «beste jantzi batez». Inazio Mujika editoreak eman zituen nondik norako nagusiak, eta alboan izan zituen Jon Aranguren, irudiaz arduratu dena, Anari Alberdi, kontrazaleko sintesia egin duena, eta Atxaga bera. Mujika arduratu zen obraren orain arteko ibilbidearen errepasoa egiteaz. 78ko edizioan Jose Manuel Susperregiren argazkiak zeuden; Ereinen lehen argitalpenean bi poema gehitu zizkioten, «garai berean idatzitakoak» zehaztu zuen. 88an, puntuazioa eta «beste gauzatxo batzuk» aldatu zituzten eta laugarren berrargitalpen honetan etorri dira aldaketa gehienak. Aranguren arduratu da irudiez, azalekoaz zein barrukoez. Hitzaurrea Iñaki Aldekoak idatzi du, «liburuari, garaiari eta obrari idazteko eskatu genion», kontatu zuen Mujikak. Alberdiri ere jarri zioten zeregina: «Berarentzat ‘Etiopia’ zer izan den sintetizatzeko eskatu genion, kontrazalean jartzeko bezain sintetiko egitea». Editoreak azaldu zuen «egungo irakurleengana egokitu» dutela lana, zenbait hitz aldatuz. Hala ere, Mujikak berak aitortu zuen batzuk ez dituztela aldatu: «‘Fast Fatum’-en esaterako, ‘maite haunat’ mantendu dugu, nahiz eta euskara batuak “maite haut” jasotzen duen». ANAI-ARREBAK Liburu honen lehen berezitasuna, Atxagaren esanetan, jendea da; «anai-arrebak» aurkitzeak asko hunkitzen duela azaldu zuen, eta liburu honekin topatu dituela baieztatu. «Idazlearekin bakarrik ez da ezer egiten, jendea behar da eta horrela egin zen hau ere. Etxean egin genuen, Hondarrabiko hondartzara joan ginen desertuko irudiak egitera, guk geuk argitaratu genuen Portugaleteko inprenta txiki batean; modu xumean egin genuen. Baina liburu honek kideak topatu zituen», kontatu zuen idazleak. «Kideak» esatean irakurleak izan zituen aipagai batetik, eta bestetik, bestelako artistak; Ruper Ordorika eta “Hautsi da Anphora” jarri zituen adibidetzat. Euskal Herrian eta euskaraz argitaratzearen inguruan egindako hausnarketa plazaratzeko ere baliatu zuen aurkezpena: «Ez da munduan Euskal Herria baino toki hoberik zerbait argitaratzeko. Kafkak idatzi zuen ‘ze gauza, txekieraz idazten dutenek bizimodu literario intentsoa dute; askozaz ere hobe da hizkuntza gutxitu batean idaztea obrak halako eragin eta oihartzun soziala izan dezan’. Eta nik adibide bezala liburu hau bera hartzen dut; Euskal Herria elkarte bat zen ia herri bat baino gehiago. Horrelako liburu xume batetik bat-batean tabernan entzuten den kantu bat sortzea sozializazio maila ikaragarri bat da». Lengoaiari buruz egindako gogoeta bat ere aurreratu zuen: «Oraindik bada helburutzat dudan gauza bat. Lengoaiaren erabilera, lehen bezala, orain ere higuingarria da, faltsua da, krimena estaltzen du. Zuk idatz dezakezu liburu bat zure esperientzia kontatuz, baina beti gogoan izan behar da hitzek lan egiten dutela gehien ordaintzen dietenen alde». Eta horregatik, bera lengoaia horren apurketan dabilela azaldu zuen; «horregatik pentsatzen dut nire poemarik ez dela inoiz ekitaldi ofizial batean egongo». IRUDIAK ETA OROITZAPENAK Arangurenek “Etiopia” irudietara eramateko prozesua nolakoa izan den azaldu zuen; lehendabizi erronka jasotakoan bururatutakoa bota zuen: «Ederra ohorea eta ederra marroia!». Kontatu zuen kostatu zitzaiola liburua ulertzea, eta batez ere Susperregik zergatik erabili zuen hondarra ulertzea. «Horma sendo bat arrakalatu edo bota zuena» iruditu zitzaion obra osoa, eta «harria nola bihurtu hondar» esperimentatzen hasi zen. bere kasuan, Almeriako desertuan eta Aldazko harrobian hartu zituen argazkiak. Eta gero etorri zen esperimentazioa. «Ez da testuen irudikapena; atmosfera eta sentsazio bat sortzeko dira, akonpainamendua da», argitu zuen; eta hitz-hartzearen amaieran bere ondorioa bota zuen: «Liburua bera, materia bat da, zerbait infinitua, hondarra izan daitekeen bezala». Alberdiren kasuan, “Etiopia” eskuratu zuenean, irakurle gaztea zela azaldu zuen eta «liburu zaila» iruditu zitzaiola. Liburura igande arrats batean taberna batean entzundako kanta baten bidez iritsi zela kontatu zuen, unibertsitatean liburua bilatu eta fotokopiatuta izan zuela urte luzez. Poesia eta arrazoimenaren inguruan aritu zen ondoren; liburu honetan «arrazoiaren oskola nola hauts dezakeen poesiak» sumatzen duela hausnartu zuen. BILBO«Horrelako libururik ezin da idatzi Bilborik gabe», bota zuen baieztapena. Batetik, bertan zegoen teatro eskaintzak «txunditu» zuelako, bigarrenik Bilboko paisaia maite duelako eta, hirugarrenik, bertan bizitakoen ostean Bizkaiko hiriburuak «enamoratu» zuelako.