GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

ES−Alert eta beste mezu batzuk


Orain 60 urte inguru ditugunekin hizketagai liluragarri bat amaituko da: soldaduska. −Nirea bai izan zela soldaduska −esaten hasten ginen. Hala ere, pazientziaz eta konplizitatez entzun ditudan esperientzia horien artean, Txemarena izan da, zalantzarik gabe, gehien harritu nauena.

Nire lagunari Ceuta tokatu zitzaion eta hartan Telekomunikazioetara bidali zuten. Destakamentu haren telekomunikazio saila usategi batek eta bertako biztanleek osatzen zuten. Txemaren lana hegazti haiek zaintzea zen, eta astean behin, astearteetan normalean, horietako baten bidez, mezu bat -«sin novedad»- bidaltzea penintsulara. Gainera, egunero, mokozabal batez arraskatzen zituen mezulari hegodun haien goragaleak. Bere bizitzako urte bat eman zuen eginbehar horretan. Asko irakurri zuen.

Garraiolariz eta mezulariz inguratuta bizi gara. Gizarte ia digital batean, non lokal fisikoak desagertu diren, langile horiek ezinbestekoak dira; izan ere, modu esponentzialean ugaldu dira.

Lehen mezulariak Grezia klasikoan sortu ziren. Han «hemerodromo» izenez ezagutzen ziren: polis-etako mezuen heraldoak, onenen artean aukeratuak, azkarrak eta erresistenteak, beraien betebeharra beti oinez egiten zutenak. Debekatuta zeukaten zaldiz joatea: pertsona bat zaldi baten gainean askoz ere nabarmenagoa da distantzian. Gainera, zaldi batek batez ere bide edo bidexken gainean ibili behar du; pertsona batek ez du baldintza hori errespetatu behar.

Ospetsuena, zalantzarik gabe, Fidipides izan zen, Maratondik Atenasa lasterka joan baitzen, guduan garaipena lortu zutela iragartzera. Gertakari hura maratoi proba atletikoaren jatorritzat jotzen da.

Maratongo Gudua Atenasetik berrogei kilometro ingurura dagoen Maraton hirian gertatu zen. Alde batean, Dario I. ak zuzendutako persiar armada zegoen; Atenas inbaditu eta konkistatuz, mendeku hartu nahi zuen hiri horrek joniar matxinadan izan zuen parte hartzeagatik. Beste aldean, berriz, atenastarrak eta haien aliatuak zeuden. Herodotok zioenez, Fidipidesek helarazitako mezua ezinbestekoa zen. Galduz gero, atenastarrek ihes egiteko denbora izan zezaten; irabaziz gero, biztanleria, jakinezan murgildurik zegoena, lasaitzeko, kaosa saihesteko. Bitxia da, latineratuta, Fidipides izena (fides+pes, pedis): «Oin fidagarriena».

Fidipides datorkit burura egunotan, hondamendietan giza galerak murrizteko, bizitzak salbatzeko, abisatzearen garrantziaz, komenigarritasunaz, eztabaidatzen ari garen honetan. Fidipides, ahalegin analogiko hori dela-eta hil zen. Valentziaren kasuan, esfortzu bakarra pantaila baten gainean klik egitean −ES-Alert− zetzan. Ez, Mazonenak ez dauka azalpenik; ez dauka justifikaziorik. Ez genion eskatzen mezulari grekoaren egundoko sakrifizioa; zerbait askoz errazagoa, xumeagoa, baizik.

Bai, orain jubilazio adinean gaudenokin mintzagai xelebre bat bukatzear dago: soldaduskarena. −Zurea ez zen soldaduska izan! −hasten ginen. Hala ere, kontatu dizkidaten esperientzia horietariko deigarriena Txemarena izan da.

Txemaren lana hegaztiak zaintzean zetzan. Astean behin, astelehenetan bereziki, uso bat iristen zitzaion Txemari penintsulatik −batzuetan usakumea−, hanketako batean mezu bat loturik zeramana: «Se ruega reporten novedades».

En fin.