GARA
DONOSTIA

Ana Rodriguez, Ferreiraren taldeko errektoreordegai berria, Quindosen ordez

Ana Rodriguez Larrad, Eva Ferreiraren hautagaitzako kide berria.
Ana Rodriguez Larrad, Eva Ferreiraren hautagaitzako kide berria. (evaferreira.eus)

Eva Ferreira errektoregaiaren taldeak Ana Rodriguez Larrad izendatu du Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren alorreko errektoreordea izateko hautagai, atzo ohar batean jakinarazi duenez.

Rodriguezek Guillermo Quindosen tokia hartuko du Ferreiraren taldean, azken honen dimisioaren ondoren. Izan ere, Quindos errektoreordea hautagaitzatik baztertu zuten, Joxerramon Bengoetxearen taldeari eraso egiteko X sare sozialean profil faltsu bat zabaldu zuela eta handik irain egiten ziela deskubritu ostean.

Gertaera horren ostean, EHUko hauteskunde kanpaina bigarren mailan gelditu zen eta unibertsitateko komunitatearen artean ez zegoen beste mintzagairik: nola da posible Garapen Zientifiko-sozialeko eta Transferentziako errektoreordea hain kontu ilunean sartzea? Quindosek barkamena eskatu zuen bere profiletik eta, nahiz eta esan ez zuela hauteskunde kanpainan eragiterik bilatzen, bere mezuek erakusten dutena justu kontrakoa da.

Ferreirak jokaera tamalgarri hori baieztatu eta gaitzetsi zuen, eta hautagai berria aurkeztu zuen atzo: Ana Rodriguez Larrad. Gasteizen jaioa, 1974an, Fisioterapian diplomaduna eta graduatua da, eta Osasun Publikoan eta Medikuntza Prebentiboan doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean. Egun Fisiologia Saileko irakasle agregatua da Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean.

Bere ibilbide profesionalean bai arlo publikoan, bai pribatuan lan egin du; besteak beste, Arrasateko Aita Menni zentroko Kalte Zerebraleko Unitatean, eta Nafarroako Ospitale Guneko Ubarmin klinikan, azken honetan fisioterapeuta plaza finkoa lortuta.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakasle gisa aritu ostean, 2012an EHUn hasi zen lanean, jardun osoan. Bertan, Fisioterapiako Graduan eta zenbait masterretan ematen ditu eskolak. Ageing On ikerketa taldeko kidea da Rodriguez eta populazio zaurgarrien osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko tresnen garapenean aritzen da.

Bere ibilbide zientifikoari dagokionez, hainbat proiektutan parte hartu du erakunde publiko zein pribatuekin elkarlanean, eta nazioarteko aldizkarietan 50 artikulu baino gehiago argitaratu ditu, bi liburuz gain.