Peli LEKUONA
DONOSTIA
Entrevista
Joxerramon Bengoetxea CABALLERO
EHUko errektore izateko hautagaia

«Elkarrizketa eta lankidetzari eman nahi dio lehentasuna gure hautagaitzak»

Joxerramon Bengoetxea Caballerok, EHU zuzentzeko errektoregaiak, uste du ez dela eztabaidatzen unibertsitateko organoetan. Programa ekarri zuen atzo NAIZ Irratira, barnean euskararen sustapena jasotzen duena. Quindos errektoreordearen irainen ostean, euren aurkako «dinamika bat» dagoela berretsi eta gaitzetsi zuen katedradunak.

(GARA)

 

Eva Ferreira Ekonomia aplikatuan katedraduna eta egungo EHUko errektorea eta Joxerramon Bengoetxea Zuzenbidean katedraduna eta errektore izateko hautagaia aurrez aurre izango dira azaroaren 26an egingo diren unibertsitate hauteskundeetan.

Irunen jaiotako hautagaiak NAIZ Irratira ekarri zituen atzo bere hautagaitzaren lehentasun eta proposamenak. Guztiaren gainetik, unibertsitate publikoan harremanek horizontalagoak izan behar dutela uste du Bengoetxeak, sektore guztien parte-hartzea sustatzearekin batera. «Garrantzia eman nahi diogu denon arteko elkarrizketari, proposamenak entzuteari eta lankidetzari», egitura parte-hartzailerik gabe, unibertsitatearekiko «desatxikimendua» handitu daiteke-eta.

Mikrouhin labean

“Denon artean” da Bengoetxea eta haren taldea osatzen duten profesionalen hautagaitzaren leloa, ongi adierazten duena praktikara eraman nahi luketen lan eredua. Klaustroen funtzionamenduak ongi irudikatzen du, Bengoetxearen arabera, unibertsitatean dagoen parte-hartze defizita. «Gure argudio nagusia da ez dela praktikatzen ari deliberazioa, ez da benetan eztabaidatzen ari. Sentsazioa daukagu erabakiak erdi kozinatuta eramaten direla; mikrouhin labean jartzen da azken minutuan, berotu eta atera», azaldu zuen.

Boto telematikoa baimentzea, klaustro batean amaitu ez diren eztabaidek beste batzuetan segida izatea edota erantzun arrazoituagoak behar direnean horiek aurrerago eman ahal izatea dira proposatzen dituzten aldaketetako batzuk.

EHUko hauteskundeetako botere orekei dagokienez, doktore finkoek botoen %56 dute, doktore ez finkoek %8, ikasleek %22 eta gainontzekoek, %12. Teknikari, administrazio eta zerbitzuetako langileak «oso azpi-ordezkatuta» daudela azpimarratu, eta horien botere kuota handitu beharko litzatekeela defendatu zuen. Era berean, unibertsitateko profesionalek ikasleengana gerturatzeko beharra aldarrikatu zuen: «Askotan ikasleek ez dakite oso ondo nola funtzionatzen duen unibertsitateak, zeintzuk diren organoak edo ordezkaritzarako bideak. Irakasle askok ere ez». Horregatik, «partaidetza eskola» sortu nahiko lukete.

Ardatzak

Errealismotik, baina asmo handiko helburuak dituzte, arlo akademikotik ekonomiko eta sozialera zabaltzen direnak. Digitalizazioaren aldeko apustua, denentzat eskuragarri izango dena eta burokrazia-zama arintzen lagunduko duena. Joan-etorriak sinplifikatzeko garraio publikoa sustatzea ere bai.

Ezinbesteko deritzote langile askoren prekaritate sistematikoaren aurka egiteari, soldatak duinduz, eta arlo ezberdinen arteko ezberdintasun ekonomikoak parekatuz.

Argi du Bengoetxeak jauzi kualitatiboa eman behar duela euskararen presentziak, batez ere erabileran. «EHU euskararen arnasgune eta erreferente bilakatzea nahi dugu».

Joko zikina

Hauteskundeok baldintzatuak datoz Ferreiraren hautagaitzako ordezkari izandako kide bat protagonista izan duen polemikarengatik. Iraindutakoei eta Ferreiraren beraren hautagaitzari «elkartasuna» adierazi zion Bengoetxeak, haientzat ere «ezusteko desatsegina» izango zelakoan. Hala ere, batzuek bere hautagaitza «desprestigiatzeko» kanpaina abiatu dutela berretsi eta gaitzetsi zuen.