Peli LEKUONA
DONOSTIA

Xabier Isasi: «Unibertsitatean ikasleriaren parte-hartzea sustatu beharko litzateke»

Azaroaren 9an abiatu zen EHUko errektoretzarako hauteskunde kanpaina, bi izenekin: Eva Ferreira egungo errektorea eta Joxerramon Bengoetxea hautagai berria. Sistema berezia da unibertsitate publikoarena, estamentu bakoitzak pisu erlatibo ezberdina duelako, besteak beste. Xabier Isasi irakasle erretiratuak azaldu dio NAIZ Irratiari.

Ikasleak, Gasteizko campusean, joan den ekainean.
Ikasleak, Gasteizko campusean, joan den ekainean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Eva Ferreira Garcia egungo errektorea eta Joxerramon Bengoetxea Caballero hautagai berria, Zuzenbidean katedraduna, EHU zuzentzeko lehian sartuak daude. Ferreirak, gainera, uko egin dio ETBk proposatutako eztabaidan parte hartzeari. Antzeko egoeran egon da azken ordura arte Unibertsitateko Ikasle Kontseiluak deitutako eztabaida. Egungo errektoreak ez zuen parte hartu nahi eta hau publikorik zein grabazio sistemarik gabe egitea eskatu zuen lehen unean. Azkenean atzera egin du eta EHU TB zein publikoarekin egingo da eztabaida datorren asteartean, 12.30ean. Azaroaren 26a, asteartea, izango da botoa emateko eguna.

Baina nork eman dezake botoa? Zer pisu du bakoitzaren botoak? Xabier Isasi irakasle ohiak eman dizkio gakoak NAIZ Irratiari.

Lehenik eta behin, gogoratu du Estatu espainiar mailako unibertsitatea dela eta antolakuntzaren eskumenak orokorrean Estatuari dagozkiola. «Unibertsitate publikoa estamentala da, garai bateko unibertsitate funtzionala, eta oro har bost eremutan banatzen da. Alde batetik, ikasleria, gehiengoa dena. Irakasleen artean badira doktore egonkorrak direnak, irakasle-ikertzaileak. Horiek funtzionarioak eta irakasle egonkorrak dira. Borroka luze baten ondorioz lortu zen egonkortasun hori, funtzionario izan gabe. Horiek osatzen dute irakasleen gehiengoa».

Badago beste sektore bat, ez-doktoreena. Egonkorrak izan daitezke batzuk, baina gehienak ezegonkorrak dira. Bada oso talde txiki bat irakasleen artean ikertzaile izaerakoa, eta, azkenik, zerbitzuetako langileria dago.

Azaldu duenez, errektorea izateko ezinbestekoa da irakasle doktore egonkorren sektorekoa izatea, normalean funtzionarioa, katedraduna. Sektore bakoitzaren boto haztapena ezberdina da. «Irakasle egonkor horiek gehiengoa (%56) daukatela ziurtatzen da. Hurrengoak ikasleak izaten dira (%22), eta besteek %12 inguru dute bakoitzak. Beraz, boto guztiek ez dute balio bera. Irakasle egonkorrek ziurtatuta daukate guztiak hautagai batekin lerratuko balira erraz hautatua izatea».

Zein arrazoi dago 56-22-12 banaketa hori indarrean egoteko? Isasiren ustez, «ia-ia Erdi Arotik datorren instituzio bat da, estamentala, eta tradiziotik dator irakasleriari lehentasuna ematea erakunde akademikoaren antolakuntzan. Ez da hori hautsi, ez da demokrazia barruraino sartu eta neurri batean irakasleen erakundea dela esan genezake». Irakasle ohiak baieztatu duenez, hori ez da aldatu eta nekez aldatuko da. Saiakerak izan dira. «Gure garaian proposamen bat egin zen ikasle bat errektore izan ahal izateko. Legeak ez zuen uzten eta bertan behera geratu zen. Horrek ekarri du, aldi berean, ikasleen parte-hartzea gero eta baztertuagoa dela. Absurdo bat».

40.819 IKASLETATIK 857K SOILIK BOZKATU ZUTEN

Azken errektoretzako hauteskundeetan, 40.819 ikasletatik 857k bakarrik bozkatu zuten. Orain, aurrekoetan ez bezala, bi hautagai daude. Horrek ekar dezake ikasleak gehiago mugitzea? Xabier Isasiren ustez, tamalez, ez. «Ikasleen interesetatik aparte dago errektoretza eta ez du sustatzen beren parte-hartzea. Gainera, eragin oso txikia izango lukete».

Programei begiratuta, iruditzen zaio Mendebaldeko unibertsitateen interesguneetan zentratuta daudela: ikerketa, prestigioa... «Ikasleak oso-oso baztertuta gelditzen dira. Ikusiko dugu. Ikasle Kontseiluak sustatu du eztabaida eta saiatuko dira. Beti jartzen dute ikasleen parte-hartzea Ikasle Kontseiluaren bizkar. Haiek bultzatu behar dute parte-hartze hori».

Hauteskunde-mahaia osatzeko, mahaiburua proposatzen da, irakasle bat usu, eta zentroka eta estamentuka zozketak eginez antolatzen dira.

Edozein hauteskundetan ez bezala, unibertsitatekoan ez dago aukerarik kanpotik bozkatzeko. Isasik garbi dio hori, sistema osoa bezala, moldatu beharra dagoela. «Ikasleriaren parte-hartzea sustatu beharko litzateke, eragin handiagoa izatea. Nazioartetik botoa eman ezin izatea kontraesan bat da. Alde batetik, ikertzaileak, irakasleak eta batez ere ikasleak kanpora bidaltzen dira, baina gero ez da ziurtatzen unibertsitatearekiko lotura, ez errektorea hautatzeko, ez eta klaustroetan eta zentroetako batzarretan ere. Ez dago loturarik egresatuekin edo erretiratutako irakasleekin ere», gaitzetsi du.