18 NOV. 2024 Esperimentatzeari utzi gabe, popera gerturatu da Eneritz Furyak Esperimentazioaren munduan kokatzen dugu askok Eneritz Furyaken musika eta, egiari zor, «hhh» diskoan ere esperimentatu duela esan daiteke, eta ez gutxi, gainera, nahiz eta pop mundua besarkatu. Elektronikoa da diskoa, oso elektronikoa, eta xehetasunez josita dator. «hhh» diskoarekin hirugarren lan luzea du Furyakek. (E.FURYAK) IKER GURRUTXAGA DONOSTIA ‘‘Hiltzen uztera’’ kantarekin hasten da diskoa, Berlingo klub batean lasai asko entzun daitekeen abestia. Bonboa beltzetara, sinteak eta zaratak espazioa betez, baina harmoniarekin asko jolasten da, akaso lehen itxuran ez dirudien arren. Heriotzari buruz mintzo da abestia, bortxaz bizitzea baino hiltzen uztea hobea dela iradokiko baligu bezala. ‘‘Luzaz’’ aurrerapen kantarekin jarraitzen du, akaso ‘‘Emadan’’ aurreko diskotik gertuago sentitzen dugun kantua. Soinu tribal batzuk badira abesti honetan, sakontasun dezente hartzen du guztiak eta dagoeneko konturatzen gara ahotsari zer nolako protagonismoa eman dion Furyakek lan honetan, kantatzeko modua ere garatu baitu diskotik diskora irundarrak. Spoken word-era egiten dugu salto ‘‘Azkenagina’’ abestiarekin. Itzaletik argira egiten du diskoak nolabait ere kantu honekin, sendatze bat balitz bezala kontatzen baitu istorioa. Ahotsaren efektuarekin egiten den lana ere nabarmentzekoa. Orain distortsio bat, orain oihartzuna, orain lehen planoan, robotizatutako zatiren bat… Ahotsa, perkusioa eta zaratatxoak, gehiago ez duen kantua, harik eta bukaeran handitu eta beste elektronika batera bideratzen gaituen arte. Eta Fer Apoaren kolaborazioa, haren hitzak ere bai baititu abestiak. Piano hotz batekin ematen dio segida diskoari Furyakek. Giroa da oso aipagarria hemen, gauez leihoa zabalik dugunean isiltasunean entzuten den halako soinu bat nabari daitekeelako. Pianoa hotza, baina hego haizeko gaua dela esan daiteke eta hori baieztatzen digu «hego haizearen ahoan sartu haiz» kantatzen duen unean. Hara hor, diskoaren izenburuko hiru hatxeak. Testurak eta koloreak nabaritu ditzakegu, berriz, ‘‘Argia’’ abestian. Berak dion bezala, «umearen ahotsa» entzun dezakegu kantu horretan, sentimendu primitiboenen bilaketara bideratzen gaituen abestian. Halako batean, ordea, bonbo bat agertu eta Billie Eilishen mundura eramaten gaitu Furyakek. Hitzei nolako mimoz heltzen dien ere aipatu behar da, nahiz eta horrek batzuetan ekarriko dion buruhausterik. Esaldi luzeak ditu eta arnasa bikain kontrolatzea eskatzen duen abestia da ‘‘Hobietan muxu’’. Fonetikarekin jolasean aritu da hemen eta mezu indartsua gehitu dio horri, ezarri diguten bizi-eredu kapitalistari oso kritika fina egiten baitio. Sistemari kontra egiten segitzen du ‘‘Begiztan’’ kantuan, «politika sadikoen babesleak» seinalatuz. Kantu oso berezia, Idoia Hernandez ‘‘Hatxe’’ artista ere ohiko esparrutik atera duelako. Gitarra klasiko bat, 8 bit mundua eta teknoa uztartu dituzte abesti honetan. Horrelako harribitxiak eskertzen dira. BI EKOIZLE BIDELAGUN Azken bi kantuetan beste bi mundutan barna ibili da Furyak. ‘‘Hegoa’’ oso gordin eta organikoa izatea hautatu du, behetik gora egiten duen abesti bat osatuz. Bukatzeko, berriz, nahiko atmosferikoa den ‘‘Antzinako hondakinak’’ daukagu, Mobyren elektronikatik gertuko kantua. Hitzetan, berriz, «etxea norbera dela ikastea» aipatzen digu lehenengoan eta elkar zaintzearen balioaz ari da bigarrenean. Bikotean lanean aritu den bakarlari baten gogoetak, Oriol Flores eta Mono Irazirekin ekoitzi baititu abestiak; lehenarekin zortzi eta bigarrenarekin bat. Zuzenekoak ere abiatu ditu, Berlinen hasi, eta, Donostian, Arrasaten, Bonberenean eta Matadeixen aritu ostean, lehen tanda Iruñeko Txintxarrin bukatuko du, azaroaren 22an. Hortik aurrerakoak gerora jakingo dira, baina bitartean 12 hazbeteko diskoa eskura daiteke bere bandcampean, Aidan Hermans artistaren azal dotore eta guzti. ZUZENEKOAKZuzenekoak ere abiatu ditu. Berlinen hasi zen eta, Donostiako Kutxa Kultur eta Dabadaba aretoetan, Arrasateko gaztetxean, Bonberenean eta Matadeixen aritu ostean, lehen tanda Iruñeko Txintxarrin itxiko du, azaroaren 22an.